Mizel Théret

Zatiak

"Elgarrekin izaitea: hori da neretzat euskal dantzaren funtsa"

Mizel Théret-rentzat euskal dantza da elgarrekin izaiteko manera bat... Mutil dantza batean edo mutxiko batean parte hartzean, kohesio bat senditzen du eta gizarteak kohesio hori behar duela dio. Euskal dantzak ematen du elgarrekin zerbaiten partikatzeko parada: borobil bat, erritmo bat, arnas bera, urrats bera, musika baten gainean, batak bestea bere ondoan senditzen duela. Euskal dantza definitzen duen "elgar izaite" hori ez da espektakularra baizik eta norberak barnetik senditzen duen zerbait. Aipatzen du gazte zenean Hazparnera etorri zen Berriz-kodantza talde batek pertsonalki azkarki hunkitu zuela: denak xaharrak ziren, alta Bizkaiko dantzak eman zituzten, balentriarik gabe. Bizkaitar horiei esker, konturatu zen euskal dantzaren zinezko funtsaz. Gaur egun praktikatzen duen dantza garaikidearen bidez, Mizel Théret-k ez du bere trebetasuna erakutsi nahi, baizik eta bere jendetasuna. Beretzat dantza da mugimendua, espazioa eta denboraren arteko ezkontza bat, gorputzaren bidez adierazten dena. Dantza klasikoan, dena eszenatokiaren erdian pasatzen da. Dantza garaikidean aldiz, zentroa nonahi izan daiteke eta espazioetaz jabetzeko joko hori asko gustatzen zaio. Musikak ere badu bere inportantzia. Euskal dantzan, nota bat urrats bati lotua da. Dantza garaikidean, musikarekin harremanetan sartzeko ainitz aukera badira: horien guzien esperimentatzea da dantza. Azkenik dio dantza dela ere munduarekin harremanetan izaiteko manera bat.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2015 - 19AV1585-1586

"Artista da jendartea galdezkatzen duena"

Mizel Théret ausartzen da gaur egun bere burua artista bezala aurkeztea. Maguy Marin koregrafo famatuaren solasekin bat eginez, pentsatzen du dantzari ona ez dela baitezpada artista. Artista da jendartea galdezkatzen duena. Sorkuntza baten abiapundua galdekatze bat da (filosofiko, estetiko edo bertze). Galdekatze horrek badu oihartzuna margolaritzan, literaturan, unibertsala baita, mundu horretan denak anaiak baigira. Artea da galdekatze horren edo horien forman ematea taula gainera ekartzeko. Eta Mizel bide hortatik dabil, umilki… Bere gaurko galdekatze handia munduaren birtualtasunari, zalutasunari lotua da eta elgar izaite eskasari. Mundu hori ez zaio gustatzen poesia falta zaiolako. Bere koregrafo lanetan ahal bezainbat poesia sartzen saiatzen da. Bere asmoa denboraren gelditzea da, denborari denbora uztea.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2015 - 19AV1589

Gehiago jakin

Biografia

Mizel Théret

Mizel Théret 1959an sortua da. Hazparneko Larrondoa auzoaldeko Larrondoa etxean bizi izan zen, 10 urte arte, gehien bat amaz, izebaz eta arrebaz inguraturik (aita militarra, etorkiz Frantziako iparraldekoa). Aitak armadako erretreta hartu zuelarik eta Bréguet hegazkin enpresan lan egiten hasi zelarik, familia Hiriburuko Basté auzoaldera bizitzera joan zen. 1969an, Mizel Euskal Izarrak dantza taldean sartu zen. Albert Camus kolegioan ibili zen, René Cassin lizeoan eta azkenik kudeaketa teknologiako unibertsitate institutuan (IUT).

1977an, Etorki euskal balletetan sartu zen, lehenik sasoiaren arabera eta gero molde profesionalean (1981ean birak egin zituen Quebecen, AEBetan eta Frantzian). Lehen esperientzia horrek doi bat frustraturik, Parisera joan zen, bi urtez (1982-1983), dantza garaikidean formatzera. 1983an herrira itzultzean, Ekarle konpainia sortu zuen. Gaurko egunean, konpainia horrekin, hogei bat sorkuntza burutu ditu. (1998 eta 2005 artean, ez zuen koreografia jarduerarik izan). Lehen sorkuntzek euskal kulturari erreferentzia egiten zioten, hurbilketa garaikide batetik. 1989tik goiti, errotik garaikide bilakatu ziren, "abstrakzio lirikoz" markaturik.

2009az geroz, Mizel Théretek bere lanen bihotzean memoria kolektiboaren tematika ezartzen du eta estilo minimalistaren hautua egiten du, bai dantzaren aldetik, bai espazioaren kudeaketaren aldetik. Bere sorkuntza gehienak Johanna Etcheverry dantzariarekin eraman lankidetzaren fruitu izan dira.