Larrainean arinena

  • Eric Traonmilin (Arrangoitze)
  • 2015-11-15

Azken bi minututan ginen eta zure ezpainetako irribarre arina ikusten nuen. Amets batean bezala, denbora zaharreko uztan ikusten hasi zintudan, zaldi zuri handi bati atelatutako organ. Uztailaren eguzkitan, haize beroan, zure ile beltzak airean flotatzen zuen, inoiz baino arinagoa. 

Zure begi argiek urrezko izpiak botatzen zituzten norabide guztietan, gari zamak hartzen eta arinki pilatzen zenituelarik orgaren aurrealdean. Guk denok, zeharo liluratuz, usaian baino hamar aldiz fiteago mozten genuen, izerdi patsetan, fiteago bukatzeko eta larrainera etortzeko. 

Orga betetatik arinki jauzi zinen lurrera eta bat batean dantzan berriz nintzen, zurekin. Baina zer denbora gehiagorako? Lehen aldiz ikusten zintudan plaza honetan, hondartzaren gainean, graziarik handiearekin dantzatzen. 

Dantza guztiak dantzatuak zenituen, mutxikoak oin arinez, fandangoak aireko zangoez. Gonbidatua zintudan tafallako jota dantzatzeko eta izugarrizko arintasunekin zure gorputz liraina sentitua nuen, zure eskua nirean, baltsaren itzulietan.

 Eta orain, dardaretan larraindantzara zu gonbidatu ondotik, hemen zinen nirekin azken itzulietan, belaunikatu aurretik eta nire bihotzaren taupadetan, nire buruari galdetzen ari nintzen berriz ikusiko zintuzkedan. 

Tximista batean bezala entzun nuen: datorren igande arte!

Voir aussi :