Ondarearen gaurkotasunaz

2013/02/04

Euskal kultur erakundeko etnologia & kultura ondare inmateriala sailaren arduraduna den Terexa Lekumberri elkarrizketatu du Enbata aldizkariak bere 2263. zenbakian.

Ondarearen gaurkotasunaz
Terexa Lekumberri (argazkia: Jakes Larre - EKE)

Ondarearen karguduna zira Euskal Kultur Erakundean, zer da zure lana ? Lehen lehenik animazio-koordinazio lan bat eramaten dut.

Euskal kultur erakundean sartu nintzanean (1992), ondarearen mundua ez zen ez egituratua, ez ezagutua. Elkarte andana bat bazen, horietarik lehenetan sortua Lauburu elkartea (1972), bainan gutti gurutzatzen ziren, eta publiko zabalak ez zituen ongi identifikatzen edo bereizten (nork zer egiten zuen). Euskal kultur erakundeak eman zidan lehen misioa hauxe izan zen beraz : Ondarearen gidaliburu baten sortzea. Gidaliburu honen haria zen ondarearen zaintzan, ikerketan eta hedapenean ari ziren partaide eta tresna desberdinen ezagutaraztea : elkarteak, egitura ofizialak, pertsona lagungarriak, ikerketa zentroak, artxiboguneak, liburutegiak, erakusketak, entzun-ikusgailuak, hegoaldeko ondareari buruzko erreferenteak. Liburu honen egitean, ohartu ginen partaide eta lantresna hauek guziek elgar topatzea merezi zutela : horrela sortu zen ondarearen eguna antolatzeko xedea Irisarrin. Hau 1992ko urriaren 3an egin zen, euripean abiatu zen eta euripean bukatu… Nahiz eta aroa ezin txarragoa izan, goizeko 9etatik goiti, jendea trumilka etorri zen ezker paretan zeuden elkarteen ezagutzeko eta Denen Etxean iragaiten ziren solasaldien entzuteko. Hor ohartu ginen bazela elgar ezagutze eta jakitate gose bat gaitza, eta gose horren asetzen segitu behar genuela.

Nolako segida eman zenuten ?

Lehenik Euskal Ondarearen batzordea xutik eman genuen, 1994ko urte hastapenean, eta ondoko betebehar hauek eman genizkion :

  • lokarri izatea, ipar Euskal Herri honetan ondarearen ikerkuntza, geriza eta hedapen sailetan ari diren sektoreen arteko lokarria, ondare politika koherente baten aldeko lokarri ezinbertzezkoa.
  • aholkulari izatea, ondare naturalari eta kulturalari lotu arazo batzuk aztertuz eta iritzi bat emanez.

Batzorde honetako 15 pertsonek konpetentzia ezagunak badituzte ondarearen sail batean : euskara, historia, arkeologia, etnologia, ondare naturala, itsas-ondarea, arteak, ondare hezkuntza, erakustokigintza... Eta urtean lau aldiz biltzen gira. batzorde honen kudeatzea ene gain dela. Bigarrenekorik, erabaki genuen Ondarearen Egunak erregularki antolatu behar genituela, bi urtetarik bederen. 1992an hasirik 2005a arte, hanbat gai interesgarri jorratu ditugu egun horiei esker : Euskal Herriko arkitekturak (1994- Irisarri), euskara (1996- Irisarri), euskaltasuna eta gazteak (1998- Irisarri-Baiona), ondarea eta tokiko garapena (1999- Donibane-Garazi), natura eta kultura (2000- Angelu- Arbailak), elkarteak eta ondarea (2001-Bidarte), nortasuna eta lurraldea (2002-Angelu), hizkuntzak eta genetika (2003- Baiona), oroimenaren transmizioa (2004- Irisarri), nortasuna kultura askotako gizarte batean (2005- Baiona-Uztaritze).

Zendako gelditu zenuten egun horien antolakuntza eta nondik nora doa gaur zure animazio lana ?

Ondarearen surbalorazio bat bada gaur. Estatuaren ganik : babespen neurri ainitz, babestu monumentu eta edergune ainitz, babestekoak diren beste hainbertze. Bai eta ere tokiko erakunde, herriko etxe, herri elkargo eta pertsonen ganik : programa ezin ederragoak han eta hemen ondarearen egunen kari (hortako EKE-k ez du gehiago deus antolatzen asteburu horretan), monumentu zaharberritze, hots ondarea erabilia da, ontsa edo gaizki, eta batzutan zinezko industria bilakatzen da.. Surbalorazio horrek, nahi ala ez, Estadoaren legitimitatea azkartzen du eta, araberan, gu bezalako elkarte berezi batzuena mendratzen. Berezia diot, EKE-k estatutu pribatua baitu (1901 legepeko elkartea), baina finantziamendu publikoa. Eta biderdi hortan dago, batzuk eta besten zangoak ez lehertu nahiz. Ondarearen batzordea berriz aipatzeko, hastapenetik jakinarazi zuen ez zuela ez ondare elkarteen, ez instituzio ofizialen tokia hartuko…Denen tokia errespetatu nahiz, berak ondare mailan iparraldean ukan zezakeen tokia ez du aski finkatu. Bere indarra aholkularitzan oinarrituz (commission consultative), pentsatu du zaramatzan hausnarketek (bi gogoeta publikoki agertarazi ditu, bat 1994an museogintzari buruz, bestea 2003an ondarearen kontserbazioaz ipar Euskal Herrian), pizu eta oiharzun ukan zezakeetela iparraldeko aktore eta hautetsien gan. Baina ez da holakorik gertatu. Bere boza entzunarazteko, ondarearen batzordeak indar eta askatasun gehiagorekin jo beharko du… eta zubiak eraiki, kulturzaleekin bereziki.

Zure lana ez da bakarrik ondare munduaren animazioan mugatzen...

Ez, beste bi sail daramatzat ere. Bat ondareari buruzko sensibilizazioari lotua (gaiari eta publikoari egokitu interbentzioak), bestea ahozko ondareari. Euskal kultur erakundea adinetako jendeen lekukotasunen biltzen, lantzen eta publiko zabalari ezagutarazten hasi zen 2007an, eta 170 elgarrizketa filmatuak ditu gaur egun ipar Euskal Herrian zehar. Lekukotasun horiek ikus eta entzungai dira Baionako artxibo gunean (osoki), bai eta ere EKE-ren atarian (zatiak). Bestalde, ahozkotasunaz ari baigira, gogoeta orokor bat abiatuko du aurten EKE -k ondare ez materialari buruz eta honen gibelean dauden praktika, irudikapen eta errepresentazio guziei buruz. Euskal nortasunaren eta oroimenaren aztertzeko parada ederra ukanen dugu hor…

Zer da zuretzat ondarea eta euskal ondarearen berezitasuna ?

Ondarea gure nortasuna oinarritzen eta zedarritzen duten elementu kulturalez eta naturalez, materialez edo ez materialez osatua da. Hortan sartzen dira monumentuak bixtandena, bainan ere jestuari edo hitzari lotu jakitateak, praktika sozialak, ekoizpen artistikoak, bazterrak, ekosistemak, animaliak, landaretza, lurraren eta lurpeko aberastasunak guziak etabar. Ondare horrek gaitu denbora berean bestetaz hurbiltzen eta bereizten… Zerk egiten duen hain xuxen Euskal Herriko ondarearen berezitasuna ? Bi elementuek ene ustez… Lehen lehenik ondare ez materialari ematen diogun lehentasuna (ahozkotasuna, praktika sozialak, sorkuntza artistikoa). Bigarrenekorik ondare honek gaurkotasunean duen eraginak… Euskal Herrian, ondarea eta kulturaren arteko bidea frango laburra da : kultura bizi batean murgilduak gira, kultura hori ondareak du elikatzen, bainan laster, bera ere, ondare bilakatzen da, sorkuntza hazten du etabar.. Etengabeko ziklo batean gira eta ziklo hori fite itzulikatzen da, hain fite non ondarea eta kulturaren arteko muga ez den beti argia : kultura ondare zati bat da, egunero gureganatzea erabakitzen dugun ondare zatia. Hortan da, nik uste, euskaldunon berezitasuna eta aberastasuna, ondarea egunero “berziklatzeko” dugun gaitasun aktibo hortan. Euskaldunak kulturari ematen dio lehentasuna, eta ez ondareari… Ondarekiko atxikimendu handiegia agertuko duenean, seinale txarra izanen da, euskal kultura hil zorian delako seinalea.

Euskaldunek eta hemengo biztanleek orokorki nola ikusten dute ondarea ?

Hortan da gure herriaren kontradikzioa. Interes handia pizten duen ondareak mesfidantza ere sor dezake. Euskaltzaleek ez dute hain kartsuki bizi duten kultura hori berinapean ikusi nahi. Eta gutti gurutzatzen dira ondarearen militanteekin : berek, euskara eta euskal kultura errotik bizitzen dituzte ondarea guttietsiz ; besteek ondarea miresten eta ikertzen dute euskara eta euskal izaitea urrunagotik ikusiz. Aspaldian oposizio hortan kokaturik gaude. Hea eskolak ondarearekiko harreman berri baten sortzen lagun dezakeen…

Ondarea beharrezkoa zaukuia?

Bere iragana ezagutzen ez duenak ezin du geroa aurreikusi. Ondarea da arbasoek uzten digutena, kultura da altxor hortaz egiten duguna, eta nortasuna ondarea eta kulturaren arteko harreman hortan eraikitzen da. Michel Cahen-ek dion bezala « L’identité est une confrontation entre ce que nous vivons aujourd’hui et le souvenir culturel que nous avons du passé ». Ondarea gure parte bat da.

Zein da ondare mailan senditzen duzun behar handiena ?

Lehenik, ondarearekiko ezagutza garatzea. Hoin kartsuki bizi dugun kultura horretaz zer dakigu ? Usu, gu euskaltzaleak lehenak gira, jakin gabean edo alferkeriaz, estereotipoak zabaltzen ditugunak. Beraz mito faltsuak behin betikotz suntsitu ditzagun eta sudurra sar gure herriaren zinezko historian. Horrela ditugu ondarearen eta kulturaren arteko munduak gurutzaraziko, hau baita senditzen dudan bigarren behar handi bat. Azkenik, ondarearen arloan ari diren partaide publiko guzien elkarlana beharrezkoa da, ondare politika amankomun bat adosteko. Mementoan bakoitza bere ber ari da eta hori biziki kaltegarria da koherentzia bat lortzeko.

Ondarea eta kultura beraz, zuk diozunaz, hain hurbil eta hain urrun ?

Bai eskuz esku dabiltza… ezkontza hori, berez, organikoa baita… Bainan guk dugu, euskaldunek, parezkatze hori ez hainbeste onartzen…Iduritzen baitzaigu horren onartzea gure herriaren fosilizatzea dela. Bizkitartean, ondarea eta kultura, biak, guhaurek ditugu fabrikatzen…

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)