Pier Paul Berzaitz

Pier Paul Berzaitz

''Hizkuntza edo kantua kutxa batean ezartzea hamar gakorekin, azken aterabidea da''

  • EKE - Xan Aire
  • 2012-07-05
  • Hizkuntza: Euskara

Pier Paul Berzaitz (1951, Muskildi, Xiberoa) kantari eta autore ezaguna da. Bere kantuak idazteaz eta musikatzeaz gain, pastoralak ere baditu sortuak. Azken urteetan, ikusgarri potoloak ere muntatu ditu. Amaiur da azkena, Amaiurren (Nafarroa) uztailaren 21ean estreinatua, bertze bi emanaldi eskaini aitzin, Mauleko gazteluan, abuztuaren 10 eta 11n.

Ttipitan, sekula pentsatu ote duzu kantari aterako zinela egun batez?

Agian kantari ez... Familian ez ziren kantore egile, ez kantari, aitaren aldetik ez. Amaren eskualdetik, bertzerik da. Amak dio Irlandatik norbait jina zela, aspaldi, egur egitera; Altzükün ezkondu, eta haren arrasemea izan zitekeen gure amaren aita. Omen gizon hura musikaria zela. Kantuaren gustua elizan hartu dut, baita San Antoniko kaperan egiten ziren beiletan, han baitut entzun kantatzeko eta mintzatzeko molde berri bat lehen aldikoz: Xiberoko partean da, baina aspaldiko usaian manexak anitz gurutzatzen ziren han. Musikan, osaba bat bagenuen Luzenac herrian sasoia egiten zuena talko harrobietan. Handik beti opari bat ekartzen zigun guri, haurrei, eta behin eskusoinu ttipi bat eskaini zidan. Amak ikusi zuen hartan gustu banuela. Bertze osaba batek, berriz, mandolina ekarri zidan Ameriketatik. Mauleko kolegioan ere musika erakusten zuten. Pianoa ikasi nuen enetako doia, baina pianorik ez zenez hemengo etxeetan, klarinetea jotzen ikasi nuen. Horrela, soldadugoan musikan aritzeko ahala eta zoriona ukan dut urte batez.

Kantan eta musikan, zer heinetan da jitea, eta zer heinetan transmisioa?

Garaian, euskal kantua ez zen orain bezain indartsua. Kantu xahar guti ikasten genuen. Kantuz aritzeko ene tirria horren sustrai, frustrazioa da.

Garaian, euskal kantua ez zen orain bezain indartsua. Ezteietan, bestetan edo gure auzoko ostatuan ere entzuten zen bai, zerbait. Baina kantu xahar guti ikasten genuen. Eskolan eta kolegioan batere ez. Alta, apezak euskaldunak ziren... Kantuz aritzeko ene tirria horren sustrai, frustrazioa da. Gu, laborari semeak, ez ginen, kolegioan, bertzeak bezala bezti. Euskaraz ari ginen gure artean, eta zokoratuak ginen. Ez gaiztoki, baina adin horretan, gauzak barnetik hartzen dira. Pauera joan nintzelarik unibertsitatera, bertzerik zen!

Gainera, 68ko sukar hartan iragan dituzu ikasketak...

Bai, eta bizpahiru euskaldun, euskaraz kantatu beharrez plantatu ginen. Analisia ttipiko ideia genuen euskarazko kantuekin, gainera Beatles eta Rolling Stones taldeen diskoak berdin-berdina entzuten genituen! 1971an jin zen halako errebelazio ttipi bat, Urdiñarbeko plazan, besten karietan egin zen "Festival de la chanson basque moderne"... Zer titulu polita! Han ikusi nituen Laboa, Irigarai, Artze... Zerbait piztu zen. Ene aterabiderik seguruena hura zela pentsatu nuen. Hortik berehala Beñat Sarasola ezagutu nuen... Bide, frustrazio berdintsuak genituen biek! Eta horretan segitu dugu. Ez zait sekula dolutu, ikusiz, gainera, euskarak zer bide egin duen. Ederra, plazara, mundura, Etxeparek zion bezala. Hori haur denboran ez baitut nik ikusi, garaipen ttipi bat bezala hartzen dut.

Kantuaren garaipen ttipi bat ere izan da?

Beti pentsatu dut artearen bidez bizi den herrialde bat ez dela hilzorian.

Bai, kantuak eta poesiak, agian dantzak ere bai, eman dute jantzi ederra. Ildo ederrik izan da euskal kantagintzan, hainbeste kantu, autore, genero diferente! Pauen bizi bainaiz gaur, kanpoko jendeak zer aberastasuna, sorkuntza, kemena sentitzen duen erran dezaket. Musikari lagun bat, Lurdesekoa dena, beti harritzen da gazteek ematen duten indarraz! Alta, nik beti erran nezake hila dela, edo ez dela aski... Baina beti pentsatu dut artearen bidez bizi den herrialde bat ez dela hilzorian. Ez da baitezpada aski, baina arterik ez bada, eskas da, eta sendi da.

Arteak berekin garraiatzen du nortasuna?

Bistan dena. Jakinez, gainera, artea botatzeko gure hizkuntza dugula. Euskarak gaituela euskalduntzen, eta jendeak elkarrengandik hurbiltzen. Ez da separatismoa, berotasuna baizik, familian bagina bezala mundu idor eta gogor honek inguraturik. Hizkuntzak gaitu hurbiltzen eta hobetzen.

Zergatik ukan duzu, egun batez, sortzearen beharra?

Beñat Sarasolak beti erraten zidan Xiberoko kantagintzan egon behar nuela, egarria bazela; errepertorio bat eginez, bazela zerbait egitekoa hor. Gainera, hortik gutira, Benito Lertxundik ere Xiberoko kantuak hedatu zituen. Nik, garai hartan, gauza berri zerbait pentsatu nahi nuen; Beñatekin hainbat errebelde ginen, eta hori osoki bizi nahi nuen. Beraz, ez nezakeen ikus ene bidea Maitia nun zira kantatuz, beste barneko gar hori errauts geratuz. Halako batasuna izan zedin nahi nuen, eta gure kantagintza berriarekin eta estiloarekin, hobeki sentitzen nintzen.

Kantariak gauzak aldarrikatu behar ditu?

Kantagintza gauza indartsua da. Gizarte baten egoera berezia salatzen du, lekukotasuna da.

Orain adinean sartzen ari bainaiz, kantagintza gauza indartsua dela pentsatzen dut. Gizarte baten egoera berezia salatzen du, lekukotasuna da. Kantariaren, gizadi baten bihotza entzuten ahal dugu. Horretako, Guk taldeko kantu berri horiekin, militantzia segurua bazen.

Guk taldearekin, bazterrak inarrosi dituzue...

Pixka bat, bai... Euskal Herriaren alde, baina herrian bizitzea posible zela ere aldarrikatzen genuen. Herri huste handiak baziren, barnealdean. Beñat Sarasolari pena handia ematen zion horrek, eta beti erraten zuen probatu behar zela hemen bizitzea posible zela; kanpoko salda ez zela baitezpada hemengoa baino hobea. Hor bai, zerbait zentzu atzematen nion gure lanari. Baina kantu batek zer indarra duen... Begira Bereterretxen kantua, nola, sei mende berantago, jendeak, gazteek kantatzen duten, dozena bat kopla segidan gogoz! Kantu bat, ontsa egina bada, gizadiak edo herriak beregain hartzen baldin badu, betiko da. Mikel Laboaren Txoria txori bezalako kantuak unibertsalak dira. Eztitasun bat badute, filosofia bat. Txoria txori entzun orduko, istanteko Urdiñarbeko plazara banoa, 1971. urtera, eta Laboa ikusten eta entzuten dut kantatzen. Nor zen han, egun hartan, plazako zer lekutan... dena gogoan dut. Kantuaren indarra da hori.

Eta zuk, Baratze bat sortu duzu...

Hein batean lortu izan dut zerbait, bai. Kostaldean, emakume xahar batek kontatu zidan, alabaren ezteietan Baratze bat entzunik, zer negarrak atera zitzaizkion... Kantu batek mementoan ematen du indarra, eta emozio hori luzatzen du gero. Hainbertzetaraino non, emozio hori ez den, batzuetan, sekula galtzen.

Nahiz eta kantu ezagun horiek arrisku handia duten: nolanahika kantatuak izatea...

Autoan frantses irratiko emankizun bat entzun nuen behin, kazetaria Donibane Garazin zen. Ostatu batean, Txoria txori kantuaren hitzak baziren idatzirik. Hango etxekoandreak Espainiako kantu bat zela erran zuen, ez zekiela xuxen nongoa, eta kazetariak galdegin zion "Hegoak ebaki banizkio" esaldiak zer erran nahi zuen... "Hegoa... c’est le vent du sud ! " erantzun zion. Ez dakit Joxean Artzek hori entzuten ahalko duenez... Bihotz handia duenez, barkatuko dio, baina... hori da krimen ttipi bat, hala ere! Errugbi partidu batean Txoria txori nolanahika kantatzen badute, agian hori hobe zoko batean usteltzera uztea baino. Ez dut sobera integrismo sentimentalik. Kantua tresna ere da, azken finean.

Azken urteetan, ez ote da zure mezua gehiago mestizajearen inguruan?

Egia da... Adinak ekartzen ditu, agian, horrelako aldaketak! Beti pentsatu dut Euskal Herria gure herria dela, eta egoera gaitzetan izan delarik, uste dut hori salatu behar zela. Ene belaunaldiak muga zorrotza eta bortitza ezagutu du, gaur ez dena gehiago. Aldaketa hori ikusirik, bi alderdietako gizartea hats gehiagorekin bizi dela uste dut, nahiz eta oztopo batek beste bat deitzen duen. Baina ez ditugu beti gauza berak erabiltzen ahal. Ene mezua litzateke, gehiago, elkarrekin bizitze hori, eta ez dezagun pentsa munduko handienak eta hoberenak garela, ezi mundua zabal baita... Euskal Herria bai, baina besteekin ere posible da bizitzea, zabaltasun hori indartsua izaten ahal da. Nortasun berezi bat ez du galarazten, baizik eta aberasten.

Ez da euskararen galtzeko arriskurik, bidean?

Beti bada hori, baina hizkuntza edo kantua kutxa batean ezartzea hamar gakorekin, azken aterabidea da. Euskaldun ez den batek ikusten badu gure lanak, gure hizkuntzak, gure ikusmoldeak ez duela sekula hunkitzen ahalko, kontra aterako da. Aldiz, gauza hori zabala uzten badugu, kanpokoak ikusten badu hor libertate bide bat, emantzipazio bide bat, integrazio bide bat, aberastasun zerbait, hurbilduko da, eta guk ere zerbait irabaziko dugu. Euskaldun ez denak ere agian euskara salbatzen ahalko du.

Guk taldeak zentzurik ba ote luke 2012an?

Aipatu ditugun eskema batzuk agian historian sartu dira. Ez dut hainbertze jende ikusten etxetik joaten, erran nezake geroz eta gehiago alderantzizko bidea egiten ari direla. Kapitulu hori ez dut berdin sentitzen. Euskal Herri baten ideia hori ere ez. Hobeki sentitzen dut gure herria izan dadin zabalagoa; hobeki erakutsiz kanpoko jendeari gure zabaltasuna, ez eta ezin hunkituzko diferentzia. Hobeki ikasi behar dugu elkarrekin bizitzen, euskaldun ohiduran. Hizkuntzaren afera izan da gure eskema berezia, baina hobe euskararen kontra direnei, edo ez dakitenei, gogoa ematea, etsai bihurtzea baino.

Zabaltasuna, elkarbizitza... Alta, sekulako konfrontazioa hautatu duzu gaitzat Amaiur zure ikusgarri berriarendako...

Sinbolo aldetik, beti pentsatu dut, beti entzun dut familian ere, Nafarroa zela Euskal Herriko bihotza.

Egia da... Amaiur zauri bat izan da, Nafarroako erreinuaren azken hatsa baita. Amaiurren nafarrak baziren, garaztarrak barne; xiberotarrak ere baziren, Mauleko gazteluko kapitainaren familiako bat han hil zen, adibidez. Biarnokoak ere baziren, Albreten familiako gudari anitz... Orokorki, ez zen euskaldunen afera bat izan soilik, baina egia da sinbolo aldetik, Nafarroak galdu duela garai hartan, hamar mendez ukan zuen askatasuna eta erreferentzia. Nahiz eta historia zale handia ez izan, badakit nola Nafarroa zen herri oso librea, lau edo bost hizkuntza mintzo ziren, provençal iduriko bat barne. Oraindik ere, Lizarrako eskualdean, familia zenbaitek Biarnoko okzitaniera mintzo dute, nola zen erregea Henrike II. Albretekoa. Jende anitz joan da bide horietan, judu anitz ere bazen. Lur zabala eta aberatsa zen, irekia ideia berriei. Penagarria izan da, ene iritziz, gibel joan delakoz Gaztelaniaren menpean. Baina hori, beste moldez ikusten dute batzuek, eta errespetatzen dut. Gaur egun ere, nafar zenbaitek ikusten dute Nafarroako zauri hori, batez ere galdera hau: gipuzkoar eta bizkaitarrak non ziren momentu hartan? Eta historiak dio Espainiako erregearen alde zirela... Euskal Herria ez baitzen gaur bezala egina, toki horietan libertate anitz nahi bazuten, gerla bat sortzean, Espainiako erregearen alde izan behar zuten. Hala ere, uste dut jendearen barruan, inkontzienteki bada ere, beti zerbait gelditzen den horretaz. Bost mende, luze da, baina ber denboran hor berean da... Sinbolo aldetik, beti pentsatu dut, beti entzun dut familian ere, Nafarroa zela Euskal Herriko bihotza. Gaur egun, euskara galdu dela Nafarroa hegoaldean ikusteak penatzen nau. Aldiz, euskalduntasun hori, gehiago ikusten da Gipuzkoan, edo Bizkaian. Denetan balitz, hobe!

Zergatik momentu zehatz hori hautatu ikusgarria egiteko?

Hori Amaiurko jendearen galdea izan da. Herri hori ez nuen baitezpada ezagutzen.  Lauaxetaren poema bai entzuna, Amaiur gaztelu baltza. Banakien Euskal Herriko toki berezia zela. Duela bizpahiru urte, kantaldi baten ondotik, herritar batzuk jin zitzaizkidan, erranez 2012an Nafarroako anexioaren 500 urteak beteko zirela. Amaiurren zerbait berezi egin nahi zuten horren kari. Lehen ideia pastorala egitea izan zen. Haiekin mintzatzean, erran nien hobe genuela pastorala xiberotarren baratzean utzirik. Ez haien jabetasuna zelakoz, baina xiberotar gisa, pastorala bat egitea Amaiurren gogorra izanen baitzitzaidan. Denbora pixka bat utzi iragatera, eta proposatu nien, Amaiurko dantza taldea bazenez, halako ikusgarri berezi bat egitea. Nafarroako afera hori aipatzeko... Ez da segur berreraketa, ahalik ez baitugu hori egiteko, bereziki gaur. Halako aipamen poetikoa egitea izan da xedea, artearen bidez.

Mauleko jendea ere inplikatu da...

Esperientzia biziki ederra da Mauleren eta Amaiurren artean zerbait jostea.

Horrela abiatuak ginela, Amis du château fort de Mauléon elkartekoak heldu zaizkit, zerbait berezi egin nahi zutela aurten, baitu orain bost urte soinu eta argi ikuskizun bat antolatzen dutela udan, Mauleko gaztelua ezagutarazteko. Eta Amaiur ikusgarria hemen egiteaz interesatuak ziren. Berezia da zeren eta elkarte horretako jendea, jatorriz, Aragoikoa da. Berak hemen sortuak dira, baina aitzineko belaunaldiak ziren Xiberora jin, espartin-egileak izanki. Hots, jende espainola gehiena. Horretarako, ni pixka bat kezkatua nintzen, Amaiurko afera hori nola hartuko zuten... Baina hor da ageri, gauzak esplikatuz, zerbait eder egin daitekeela elkarrekin. Bestalde, nafarrekin egitea biziki positiboa zen horiendako. Lehen bilkura bat egin dugularik hemen, denek elkarrekin, amaiurtarrek beren bandera ekarri zuten. Momentu biziki hunkigarria izan zen... Hemengo jendearendako, bereziki, emozio eta errespetu handia. Herri bat horrela ere zela sortzen sentitu dut, horrela ere zela handitzen. Esperientzia biziki ederra da Mauleren eta Amaiurren artean zerbait jostea. Nik denak abisatuak nituen ikusgarria euskaraz eginen nuela, hori errespetatu beharko zela, edo beste norbaitekin aritu beharko zutela. Ez zen problemarik izan. Humano aldetik, biziki esperientzia aberasgarria izan da. Ez dugu gauza hori hertsiki ikusi.

Zergatik horrelako ikusgarriak egin? Pastoralek ez zaituzte gehiago betetzen?

Pastorala gauza ederra da, Xiberoko lilia, ontsa martxan dena. Nik, bizia gidari uzten dut. Duela bizpahiru urte, ez nekien Amaiurko afera hori izanen zela gaur. Bihar, menturaz pastorala izanen da, ahala eta gogoa baldin badut... Baina zentzua eman nahi dut. Amaiur, bai toki aldetik, bai sinbolo aldetik, zentzuz betea da.

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Joanes Garcia-Basurko

Joanes Garcia-Basurko

"Kuriositatea da kalitaterik hoberena"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Elkarrizketa gehiago