Joanes Garcia-Basurko

Joanes Garcia-Basurko

"Kuriositatea da kalitaterik hoberena"

  • LaukitikAt
  • 2022-02-27
  • Hizkuntza: Euskara

Herriko plaza ederra baino, Sarako mendialdea hautatuz dekoratu gisa, Usopop festibalarekin musikaz gozatzeko modu berriak ireki dituzte Joanes Garcia-Basurkok (Baiona, 1982) eta lagunek. Musikazaletasunak eta momentu onak besteekin partekatzeko gozamenak gidaturik, proiektu ezberdinetan parte hartuz piztu zitzaion Lizarrietako hitzorduaren ideia. Sorkuntza eta aniztasuna oinarri dituen lagun arteko proiektu berri eta misteriotsuaz lehen xehetasunak eta beste hamaika kontu aipatu dizkigu, musika mapa batean pozik galduko litzatekeen Saratar gazteak.

Zure izena bilatzailean idaztean, dantza, musika eta Sara agertu zaizkigu iruditan. 

Aski ongi laburbiltzen dute nire ibilbidea, dantzan ibilia, Saratarra eta kulturan eta musikagintzan bereziki, aktore. Gaztetik murgildu naiz kulturgintzan, izan ere nire aita Eltzegor taldean kantari zen eta gero proiektuz proiektu, elkarlanak erakarri nau eta gaztetxetik hasiz, gero nire ibilbidea egin dut, jendea ezagutuz eta jende horiekin proiektuak sortuz.

Elkarrizketaren bideoa

Ez naiz dantzari trebea baina egia da, dantza hamabi urterekin hasi nuen Patxi Perezekin, futbola utzi eta gero. Zinez lagun onak egin ditut bertan eta esperientzia izigarri ederrak bizi izan ditut. Hemezortzi urte nituenean, talde sendoa genuen eta hor dantza eta musika uztartuz, talde berri bat sortu genuen, Zpeiz Mukaki izenekoa. Munduan bidaiatu eta Euskal Herrian barna ere anitz mugitu ginen. Taldea ospetsu egin zen sare sozialetan ere, norbaitek grabaturiko bideo itsusi bati esker. Bapatean bideoak milioi bat pasa bisita eduki zituen eta ETBko albistegietaraino iritsi zen! Egiazko Buzz mediatiko hori irriz hartu genuen baina hori baino gehiago, esperientzia bikainak atxikitzen ditut gogoan dantzari garai hortarik eta Euskal Herria ongi ezagutzeko eskaini digun parada ere bai.

Musika zaletasuna familiatik datorkizu?

Pentsatzen dut baietz. Ama musikazalea da eta aita kantaria. Eltzegor taldeko kantaria izan da. Musikak txikitatik zerbait eragin dit nire baitan. Barnetik bizi dut. Aldiz, saiatu naizen arren, ez naiz musikari. Ez da niretzat egina nire ustez. Baina musikazale handia naiz eta esperientzia ezberdinen ondorioz, nire gustu musikalak ditut eta ez dira aitaren bezalakoak.

Saran ditugun paisaiak ikusirik, zergatik ez festibala mendian eskaini?

Halere, Eltzegor taldea entzuten dut beti eta uste dut Euskal Herrian gutxietsia izan den talde bat dela. Musikalki ikaragarri iruditzen zait eta bihotzean hitz egiten dit, txikitan ikusitako aitaren kantaldi horien oroitzapenak heldu zaizkidalako gogora.

Lagun taldean sortu zenuten Uso Pop festibala… Zein izan zen lehen motibazioa?

Ni Sarako gaztetxean hasi nintzen lehen kontzertuak antolatzen. Gero EHZ festibalaren programazio taldean egon nintzen sei bat urtez. Biziki momentu onak eta aberasgarriak bizi izan ditut hor. Patxi Dutournier laguna nire ondoan eduki dut beti eta EHZko bilkuretatik sartzerakoan, kalakan, zenbat ikasten ari ginen komentatzen genuen, baina ber denboran, gure aldetik ikusten genituen musikari batzuk gogoan, kontzertuak beste molde batez eskaintzeko gogoa etorri zitzaigun.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gero inguruko kontzertuetan beste lagun musikazale batzuk gurutzatu eta horrela hasi ginen zerbait interesgarri antolatzeko asmoz. Gu Saratarrak izanki, gure herria ezagutzen eta maite dugu eta nahi genuen hemen zerbait eraiki; horrela sortu zen Usopop duela hamabi urte, usaiaz kanpoko musika estiloak proposatzeko. Erran behar da garaian punka, ska edo metala musikak ainitz entzuten zirela hemen. Pop musika askoz gutxiago aldiz, eta guk hori nahi genuen Sarara ekarri, sinpleki.

Ezohiko musika ekarri ezohiko lekuetara ere...

Ideia hori Patxirekin sortu zen igande euritsu batez, kanapean musika talde baten kontzertuaren bideoa ikusten. Talde Islandiarra zen eta munduko bira bat bukatzean, Islandiako uharteetan bira bat egitea erabaki zuten. Baina geletan aritu ordez, kontzertuak naturaren erdian antolatu zituzten. Horrek zerbait piztu zuen gure baitan: inguruan ditugun paisaiak eta altxorrak ikusirik, zergatik ez festibala mendian eskaini? Jadanik leku bat aurreikusia genuen Sarako usotegietan. Horrela hasi zen proiektua, xumeki, maite duguna besteei eskaini asmoz, bizitzan egiten ditudan gauza gehienak bezala alegia. Lehen ediziotik jende pixka bat hurbildu zen eta urtez urte handitu zen Usopop, ez sobera handia izan arte. Festibalaren irizpideen artean lehena, guk maite genituen taldeak ekartzea zen, gero Euskal Herriko taldeak atzerriko batzuekin elkartzea. Alegia, gure sustraietan oinarritu eta ber denboran munduan egiten dena begiratu. Horiek dira gure bi ardatz nagusiak eta noski euskarari lekua ematea beti izan da oinarrizkoa, erran gabe doa.

Gero Usopopekin lortu duguna izan da harreman naturala, hurbila ukaitea taldeekin. Hemen sortzen zen familia giroa maite zuten artista anitzek. Batzuekin lotura azkarra atxiki dugu ere. Bazekiten hemen entzunak egonen zirela, jendea musikaz gozatzera zetorrela, momentu goxoa pasatzera.

Laster ezinbesteko hitzordua bilakatu zen Lizarrietako festibala.

Bai Usopopek bere lekutxoa zuen festibalen agendan. Uste dut garai bati lotua zela. Argia astekarian Gorka Bereziartuak Eusnob delako hitza agertu zuen urte horietan, Euskal Herrian musika egiteko molde berriak bultzatzen zituen mugimendua deitzeko eta gu horretan sartu gintuen. Gero guk inoiz ez genuen handitzeko asmorik eduki, orduan gurea erran daiteke estimu arrakasta izan dela gehiago. Izan ere, azken urteetan jende dezente hurbildu zen Usopopera. 800 pertsona elkartu genituen Sarako mendi kasko batean larunbat gau euritsu batez. Ez da gaizki. Baina egia erran gehiegi handitu aitzin bukatzea erabaki genuen.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gero, kanpotik ikusita ez zen gehiegi ikusten agian baina festibala antolatzeko manera erabat punkia zen. Do it yourself filosofiarekin muntatu genuen dena. Nahitara egin genuen horrela, adibidez apainketak etxean eginiko gauzekin osatu genuen. Kontzeptua zen jendea etxean bezala errezibitzea, ongi zainduz eta kontzertuetan ongi sentiaraziz.

Euskal rockaren urrezko garaia atzean utzi dugula dirudi… Eusnob garaian sartzeko ote?

Anitzetan aipatu dugu gai hori lagunartean. Nik ez dut ezagutu euskal rockaren urrezko garai hori. Bukaera ezagutu dut bakarrik. Maitatu dut eta oraindik entzuten ditut garai hartako artistak. Baina musika ez da horretan gelditu. Talde gazte anitz agertu eta agertzen ari dira geroztik eta atzematen dut aukera gutxiago ematen zaiela berriei. Gazte batentzat interesgarriago da Tatxers bezalako talde bat entzutea gaur, Kortatu baino.

Usopopen, 800 pertsona elkartu genituen Sarako mendi kasko batean gau euritsu batez, ez da gaizki.

Ongi da Kortatu edo Zarama bezalako taldeak ezagutzea eta entzutea noski, oinarriak ematen dizutelako, baina Tatxers talde gaztea da eta gaurko gazteek dituzten galdera eta kezkekin sortzen dute musika. Iruditzen zait musikazaleek badutela gaur egun ere zer entzun, musika nostalgia batean erori gabe. Aitzina egin dezagun, sorkuntza bada eta gazteek gure beharra dute garatzeko, segitzeko. Ez badira entzunak, taldeak hiltzen dira eta egungo taldeei lekua emateak ez die ezer kentzen garai bateko taldeen lan bikainari.

Bizi dugun krisiak, morala kendu baino proiektu berria sortzeko indarra eman dizue?

Pandemiarengatik ez genuen gure azken proiektua sortu ahal izan. Uda huntan aldiz, erraten hasi ginen ez zela posible deus egin gabe segitzea. Kontzertu ziklo bat antolatu genuen, agorrilean, irailean eta azaroan eta publikoak ongi erantzun zuen; horrek erakutsi digu gogoa bazela. Orduan, ondoko udazkenerako proiektu bat gogoetatzen ari gara, behar dugulako uste dut. Azken bi urteetan gehien faltan bota dudana da jendeekiko harreman natural eta sano bat edukitzea. Alegia, berriz elkartzearen beharra sentitzen dut eta uste dut denok behar dugula besta giro batean berriz elkartu.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Orduan urriaren 29 eta 30ean, nahi genuke aurretik genuen proiektu bat finkatu. Kontzertu sekretu batzuk izanen dira Saran eta gero bi gaualdi, ostiralean eta igandean, beste kontzertu klasikoago batzuekin. Denetarik izatea nahi dugu, musika kontsumitzeko modu berria sortu. Jendea etorriko da Sarara jakin gabe sobera zer/non ikusiko edo entzunen duen. Ideia da publikoa heltzean mapa bat ematen diogula indize batzuekin eta lekuak atzeman behar dituela, kontzertuak leku ezkutuetan antolatuz. Gero beste hamar bat artista gonbidatu nahi dugu Larrun puntan artista egonaldi batera, eta bertan sortuko dutena gero igandean eskainiko dute. Katalunia, Frantzia eta Euskal Herriko artistak ekartzea da gure asmoa. Dena ez dugu hemen errango orain, baina ari gara proiektua fintzen. Izenari doakionez, Mapa galduak deituko dugu. Istorio luzea da baina erran daiteke Eskozian erreferente dugun festibal batek Lost map izena duela.

Sorkuntza bada eta gazteek gure beharra dute garatzeko, ez badira entzunak taldeak hiltzen dira.

Artista egonaldiari doakionez, Mugarri 26 deituko dugu, izan ere Sara kasik Nafarroan da. Mugarik ez da baina "Mugarri 26" bat dago Larrun aldean eta inguru hartan, lagun batek bentta bat badu. Mugaldeko saltegi horretan sekulako aldaketak egin ditu. Kendu ditu turistentzat zituen girgila eta panpin guztiak eta ostatua, erakusketa eta kontzertu gela ttiki bat egokitu ditu horien ordez eta azpian gela batzuk. Leku hori giroz eta edukiz garatu asmoz, elkarrekin hitz eginez adostu dugu egonaldi hori antolatzea; orduan hamar artista aste batez autarkian geldituko dira harekin bentan. Seguraski gure disketxeko zenbait artista izanen dira eta beste batzuk ere: Gernikako Aitor Etxeberria, Gartxot, Kanadako artista bat, eta iparraldeko beste batzuk ere bai. Aitzinetik horien proposamenak landuko dituzte, gero aste batez elkarrekin lan egiteko. Gero ikusiko dugu nahasketa horrek zer ematen duen. Horretarako, Folk Zirka deitzen zaion kontzertu modu bat eman nahi dugu, borobilean eta artistak erdian mugituz, instrumentuak trukatuz. Hori da asmoa.    

Diskoetxea ere antolatu duzue?

Hor ere Do it yourself izpirituari jarraikiz sortu genuen Usopop diskak. Aguxtin Alkhat musikaria laguna nuen eta bere taldea utzi ondoren, behin etorri zen guretako kantatzera. Erran nion bazuela hor disko bat kaleratzeko aukera. Hastapenean ez zen ausartzen eta guk bultzatu genuen pixka bat. Horrela atera genuen lehen diskoa.

Kontzertu sekretu batzuk izanen dira Saran eta artista egonaldi bat Larrun puntan; proiektu berria Mapa galduak deituko dugu.

Gero beste artista batzuk lagundu ditugu, Paxkal Irigoyen bezala eta gure sarea handituz joan da. Orotara hamar disko atera ditugu. Joan den urtean atal hori gehiago egituratu dugu. Patxik eta Alanek kudeatzen dute hori. Laster Lumi, Orbel eta agian Rüdiger artisten diskoak ere atera behar genituzke. Ari gara bertako taldeei laguntza ekartzen. Alegia guk haiei esker, festibalean lortu genuen diru apurra berriz banatzen ari gara, hemengo taldeen artean.

Eusnob sarearen disketxea dela errango zenuke?

Lehen gauza, ez gara eusnob! Hortan sartu gintuzten eta kanpotik ikusirik, batzuentzat agian boboen zenbait ezaugarri izan ditzakegu baina ez da gure errealitatea. Ez dut uste eusnob sarerik badenik. Gu jende xumeak gara eta gure kultura oinarrizkoa da guretzat. Bakarrik irekiak eta interesatzen den jendea gara. Azken finean, ezaugarri berezi bat izatekotan, jende kuriosa garela azpimarratuko nuke eta kuriositatea da kalitate hoberena nire ustez.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Saratik Nafarroako muga gainditzen du Usopop sareak?

Gu Euskaldunak gara. Sarak badu historia bat eta historia horren partaide izan nahi dugu.

Ez gara eusnob! Ezaugarri bat izatekotan, jende kuriosa gara eta kuriositatea da kalitate hoberena nire ustez.

Guretako Nafarroako edo Gipuzkoako jendea hunkitzea logikoa zaigu; gero ohartu gara gure publikoaren erdia baino gehiago hegoaldetik heldu dela. Guk hori argi dugu eta zaindu nahi dugu. Gainera aberastasuna da. Hiru hizkuntza ditugu eta Frantzia eta Espainiako kulturen ezagutza bat ere bai. Nire ustez hori aberastasun gisa erabili behar dugu mugak jarri ordez, horrekin elika eta aberastu gaitezen. 

Sara ere ondare materialaren erakusleiho ezaguna da. Ondare immaterialaz zer diozu?

Egia da Saran ondare materiala zaintzen dugula. Ondare immaterialari doakionez, euskara adibidez, uste dut kasu egin behar dugula, delikatua izan daitekeelako.

Saran, hiru hizkuntza eta hiru kulturen ezagutza ditugu; mugak jarri ordez, horrekin elika eta aberastu behar dugu.

Bestalde, uste dut ez dugula beti atzera begira egon behar baizik eta orainari eta geroari begira jarri behar dugula gehiago, gure haurrentzat zer sortuko dugun, horiek zer biziko duten. Nik sorkuntzari emango nioke garrantzia, eta ez folklorizazioari. Uste dut horretan dagoela lanjerra Sara batean; Sara herri euskalduna da euskaraz bizi dena, baina hori guztia fite galtzen ahal genuke. Hori zaintzea eguneroko borroka bat da. Borroka alaia baina borroka. Eskerrak herrian babesa badugula eta jendea horretaz kontziente dela, Herriko Etxean ere bai. Xantza hori dugu eta segitu behar dugu horretan, ondare immaterial horrek egiten gaituelako. Euskara adibidez, ahoz mantendu da eta hori segitu behar dugu mantentzen.

Musikaz gain beste zaletasunik duzu?

Egia erran behar dut? Bai futbolzalea naiz, daitort. Realzalea naiz. Itzalgune hori dut, asumitu behar da. Bestela familian, lagunekin egotea gustuko dut, gero kultura kontsumitzea, zinema, irakurtzea, mendira joatea eta musika etengabe... Bizi arrunta errango nuke.

Sorkuntzari emango nioke garrantzia, folklorizazioa eguneroko lanjera da Sara batean.

Covidarekin argiago gelditu zaizkit zinez bizitzaren gauza garrantzitsuak, familiak adibidez, eta bizitzako plazer ttikiek ere anitz aberasten gaituztela.

Hori ikusteko mundua zeharkatuko zenukeen talde bat?

Bi erran behar ditut: lehena Sigur Rós taldea da. Islandiarrak dira eta egia erran Usopop talde horren entzuteko sortu genuen kasik; bestea, Lankum taldea, pandemia aitzin entzun nuena Irlandan, eta nire bihotzean gorderik gelditu dena.

Euskal Herriko talde bat?

Azken boladan talde andana dago baina bat azpimarratzekotan Iruñeako Tatxers errango nuke. Udan etorri ziren jada eta zinez bikainak dira.

Zeintzuk dira festibal on baten sortzeko ezaugarriak?

Nire ustez antolatzaileek zinez maitatu behar dute egiten dutena. Proiektuan sinisten badute lortuko dute publikoari hori helarazten. 

Amets bat?

Gizarte solidario eta partekatzaile batez amesten dut. Nire lagunak ez ditut aski aipatu hemen, baina kolektiboaren indarrean sinisten dut. Beti horrela lan egin dut eta argi da ni deus ez nintzatekeela Usopopeko sukaldaria edo beste laguntzaile guztiak gabe.

Aipatu ez dugun gai bat bukatzeko?

Guk Usopop Saran sortu dugun bezala, ederra litzateke Euskal Herriko beste txoko anitzetan holako ekimen txikiak sortzea, herriari lotuak gu publiko gisa hurbiltzeko eta gure paisaiak hobeki ezagutzeko. 

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

Elkarrizketa gehiago