Serge Larzabal

Serge Larzabal

''Arrantzaren etorkizunaren giltza transmisioa da''

  • EKE - Xan Aire
  • 2011-09-13
  • Hizkuntza: Frantsesa

Serge Larzabal (1962, Donibane Lohizune, Lapurdi) Baionako Lekuko Itsas Arrantzen Batzordeko lehendakaria da. Euskal kultur erakundeak Donibane Lohizunen aurkeztu duen Itsasturiak erakusketa ibiltariaz anitz igurikatu du : transmisio eta komunikazio tresna, arrantzale ofizioa baloratzeko, honek irudi ezkorrean preso izateko usaia hartu baitu azken aldian.

Xan Aire: Kontaiguzu zure haurtzaroko arrantza...

Serge Larzabal: Arrantzale seme naiz, gure aitak ontzia baitzuen: ttikitatik, itsas munduan murgildurik nago. Hala ere, eskolara igortzen gintuzten, burasoek ez baitzuten baitezpada nahi guk etorkizuna arrantzarekin lotzea... Eskolako ibilbide arras klasikoa segitu dut, puntan elektromekanika BEP bat ateraz. Baina hamalau urte bete orduko, udak itsasoan iragaiten nituen, arrantzan. Armadaren ondotik, lanketa nenbilela, aitaren ontzian hasi, eta hamaika urtez egon naiz han, kostako arrantzan arituz, gehienik legatza amuz harrapatzen... Gogoan dut, hasi nintzelarik, hegaluzea seskarekin arrantzatzen genuela, baina ez zuen luzaz iraun.

Zendako burasoek ez zaituzte hastapenetik arrantzara buruz bideratu?

S.L.: Denetan berdin dela iruditzen zait: buraso delarik, haurrek ikasketak ahal bezain urrun eramatea nahi izaten da. Baina ez nintzen biziki trebea eskolan, franko alferra ere bai, menturaz... Aitak galdegin didalarik harekin itsasora joatea, lanean aritzeko, arrantzarentzat zer sentitzen nuen ulertua zuela pentsu dut. Ofizio horretan, badira une batzuk besteak baino goxoagoak, baina dolurik ez dut, arrantzale izateaz harro nintzen.

Aitak erran ote dizu, garaian, zutaz harro zela?

S.L.: Aitaren belaunaldian, pudore anitz bazen. Ez dit sekulan deus deklaratu argiki, baina egia errateko, ez nuen horren beharrik: hamaika urtez egunero harekin ibili naiz arrantza ontzi batean eta banekien, bere jarreraz, bere begiradaz, halako harrotasuna bazuela niregan. Arrantza utzi dudalarik ere, Lekuko Itsas Arrantzen Batzordeko lehendakaritza hartzeko, berdin kontent zela iruditzen zait. Hasteko, sekulan ez dit oztoporik ezarri bidean, nahiz eta bere ontziko segida hartu beharra nuen. Hori zizelkatua zen, alta.

Itsasoa falta zaizu?

S.L.: Gelditu berrian, bai, lehen bi urteetan. Baina ez nintzateke hemen izanen azken hogeita bat urteetan, egiten dudana maite ez banu! Kargu horri lotzean, hiru urte baizik ez nituen bete beharrak... Itsasoa ez zait falta, baina ez dezaket berdin erran itsas munduarentzat : profesionalak egunero gurutzatzen ditut, atlantikoko portu gehienetan. Asti pixka bat izanez ere, portu batean ibiltzeko beharra badut. Emaztea desesperatua dut!

Itsasturiak erakusketa nola ikusten duzu?

S.L.: Euskal Kultur Erakundea proiektua erakusten izan zaigularik, berehala bat egin dugu (ndlr : "Itsasturiak" erakusketak Arrantzaren Europako Fondoaren dirulaguntza ukan du). Horren beharra bagenuen hemen, publikoak, gazteek eta barnealdeko jendeak arrantzaren mundua guti ezagutzen baitu. Pirinioetako bestaldean gertatzen den kontrakoa, han arrantza denek ezagutzen baitute.

Nolaz da halako ezberdintasuna?

S.L.: Ez dakit. Kulturala da, menturaz... Hemen, arrantzaleak zinez portuan bizi ziren, eta komunikazioaren garrantzia ez zuten sesitzen. Dena ongi doalarik, lanean aritzen da, isilik Zoritxarrez, arrantza une zailenetan baizik ez da aipatua. Ingurumenaren kulturak eta irudiaren garrantziak eztanda egin dute gaur egun, eta arrantzak komunikatzeko beharra badu. Erakusketa horren helburu bat ere bada.

Erakusketan zer harrapatzeko xedea duzu?

S.L.: Ezagutu ditudan arrantzaleen lekukotasunak, arrantzaren beste garai bat... Ikusi zer zen ongi, zer ez zen hain ongi, ikasgaiak atera oraina eta gerorako.

Zer aldatu da, arrantzan?

S.L.: Araudia. Betebeharrak, Europa... Itsasoaren erdian izan gaitezke, ontzi batean, baina arrantzale izatea ez da gehiago askatasun ofizioa, duela hogei bat urte ezagutu dugun bezala. Arauak geroz eta azkarragoak dira, kuotak, ingurumen aldeak ere sekulako garrantzia hartu du. Ingurumen aspektu horrek gu interesatzen gaituela lehen-lehenik erran nezake, uraren kalitatearentzat baizik ez bada, gauzak aitzinarazteko. Gaiztoa izanen naiz baina parean, Pariseko burges bohemio batzuek halako ingurumen bokazio bat atzeman dute bidean, WWF edo Greenpeace bezalako erakundeetan. Instituzio horiek beharrezkoak dira, baina geroan, arrantzaleek baizik ez dutela beren ofizioaren bermea izanen ez da ahantzi behar. Gure partetik gehiegikeriak izan direla ez dut gordeko, baina edozein eginik ere, beti harrapari eta txikitzaile bezala aurkeztuak gara. Parean, komunikazio medio ikaragarriak dituzte, eta gu beti gaiztoak gara, nahiz eta arrantza iraunkorraren alde ari garen, nahiz eta sekulako indarrak egiten ditugun. Gibelean, ofizio horretatik bizi diren gizakiak badira, hala ere. Ez ditzagun ahantz, beren lana maite baitute, eta itsasoa ere bai.

Arrantzale horien izpiritua aldatu ote da?

S.L.: Beharrik! Ingurumenaren kultura ohituretan sartu da, formaziotik hasirik. Baina ez da hori bakarrik. Emaztearen lekua ere aldatzen ari da. Estatutu bat daukate, ordaindua den lanbidea. Bestalde, batzuek arrantzale ofizioa ere hautatzen dute. Salmenta zuzena ere puntu baikorra da; Donibane Lohizunen, gainera, arrain merkatua den tokian, onartua, sostengatua eta baimendua da. Bakan ikusten den gauza dela segurtatzen ahal dut! Puntu ezkorretan, baina hau analisia biziki pertsonala da, erran nezake araudiaren eta kuoten emendioek sekulan ikusi ez dugun indibidualismoa ekarri dutela. Batzuetan, kuotak ontzika ezarriak dira. Jendarte mailako aldaketa ere bada hori, eta arrantza logikoki hunkitua da.

Donibane Lohizuneko portuan, arrantzaren kultura beti hor ote da?

S.L.: Arrantzaleen arteko elkartasuna hor dago, sendo. Gazteak ere baditugu gure ofizioan, eta horrek bereak salatzen ditu: kulturarik gabe, belaunaldi gaztea ez genuen hunkituko.

Euskara, aldiz, osoki desagertu da, hemen...

S.L.: Osoki, ez. Kasik, bai. Hiztegi teknikoa euskaraz da oraindik. Baina erabilpena desagertu da. Lau urte nituela, hitzik ez nekien frantsesez. Eskolara heltzean, burasoei erran diete hobe zela niri euskaraz ez mintzatzea, nik berantarik ez hartzeko, omen. Eta galdu dut. Aita-amen hizkuntza zen, arrantzaleena ere bai. Horrelako izpirituarekin, transmisioa ez da segurtatu. Gaurko arrantzale belaunaldian, nehork ez daki euskaraz.

Zer da arrantzaren gerorako giltza?

S.L.: Arrantzaren etorkizunaren giltza transmisioa da. Bermatzen jakin behar dugu. Gure desafio nagusia da. Guri da lan egitea transmisioa errazteko. Ofizio zaila da, baina ondarea dugu gibelean. Ez da edozein lanbide, ez da zortzi orenez fabrika batean egotea bezala. Jakitate bat da, eta bizia franko ongi irabazten da. Zentzu horretan dugu arrantzaren alde komunikatu behar, ene gustuko.

Itsasturiak erakustetak zentzurik ez du geroari buruz baizik ez bada itzulia?

S.L.: Hori da. Nahiz eta gauza anitz iraganean aipatuak diren, erakusketak oraina eta geroarekin lotura egin behar du. Batzuk ez doaz besteak gabe. Ez gara gehiago balea ehizaz soilik mintzatzen ahal, adibidez. Gure historia jakin behar badugu, aldakuntza hobea lortzeko izan dadila. Ondareaz aberastu gaitezen. Donibane Lohizune arrantza portua izan da, hala dago, eta hala izanen da, segur naiz. Iragana, oraina eta geroaren arteko denbora lotura horrek du Itsasturiak bezalako erakusketa baten aberastasuna osatzen.

Elkarrizketa gehiago

Pablo Martikorena

Pablo Martikorena

"Bertzearekin truka daiteke, norbera desnaturalizatu gabe"

Marie Landelle

Marie Landelle

"Ondarearen dibulgazioa, eguneroko desafioa da"

Beñat Chassevent

Beñat Chassevent

"Ipar Euskal Herriko ondarea aberatsa da, baina lausoa"

Elkarrizketa gehiago