Marie Landelle

Marie Landelle

"Ondarearen dibulgazioa, eguneroko desafioa da"

  • Xan Aire - EKE
  • 2017-03-07
  • Hizkuntza: Frantsesa

Marie Landelle (1988, Angers, Maine-et-Loire, Frantzia) Baionako eta Ipar Euskal Herriko Artxibategiko zuzendari-ordea eta arduraduna da, 2013tik honat. Luzaz aldarrikatua, baina oraindik guti ezagutua den erakunde horrek giltzarri-funtzioa okupatzen du, Iparraldeko ondarearen zaintze eta hedatzean.

Zein zen zure haurtzaroko ingurumen linguistiko eta kulturala?
Tokiko identitate kultural azkarrik gabeko eskualde batetik nator: Anjouri deitzen diote, doi bat espantuka, frantses erregetzaren sehaska. Ez naiz anjoutar sentitzen edozein gauza baino lehen: ez dut horrelakorik azpimarratu, adibidez, ikasketak Parisen hastean. Jarrera hori, Euskal Herrian dut deskubritu... Ibilbide eskolarra zinez klasikotik igaro naiz, frantses elebakarra, beste zenbait hizkuntza ikasiz pasatzean: inglesa, espainola, latina.

Baina tokiko berezitasun kulturalak ez ote ziren eskolan landuak, ateraldien karietara, konparazione?
Ondare-klaseak ukaiteko aukera izan dut, baina horien xedea zen historiako programa konkretuago bilakaraztea. Tokiko figura zenbait aipatuak izan dira: Anjouko René “errege ona”, Plantagenêtarrak, Angersko gaztelua, Loire eskualdekoak... Biziki klasikoa zen, baina franko gustukoa nuen... Lizeotik landa, Chartes Eskolan sartzeko prestatze-klasea segitu dut: Pariseko eskola horrek ondare-ofizioei formatzen du, eta bereziki artxiboei, iturri historikoetan zinez ardaztua izanik.

18 urtetan, jadanik bazenekien artxiboei destinatuko zinela?
(Irriak) Argi eta garbi iduritu zait kasik betidanik! Behin Chartes Eskolan sarturik, artxiboen espezialitatea ere hartu dut: erakundeen ikerketa, dokumentuena, aitzinako idazkiena, latina klasikoa eta erdi-arokoa... Dokumentua lantzen duen prozesua, gaur egun Historia idatzi ahal izateko. XVIII. mendeko historia sozialaz tesia bat eginik, beste konkurtso bat pasatu dut, ondarearen kontserbatzaile bilakatzeko: Frantziako Ondarearen Erakunde Nazionalean sartzen da, profesionalizatzera dedikatzen den formakuntza batean, ikastaro anitzekin, eta Estatu funtzionario lanpostu batekin puntan.

Ez duzu baitezpada zure lantokia hautatzen?
Inposatua den aukera da! Zerrenda trinko bat ematen digute, eta kandidatuen artean konpondu behar izaten da... Bakoitzaren oztopo pertsonal eta familiarren arabera, anbizioen arabera, eta lantokien famaren arabera, guti edo aski egiak direnak funtsean...

Baiona tokatu zaizu...
Zinez zintzoa izateko, ez zen nire lehen aukera! Kandidatu gehien-gehienak Loire iparraldekoak ziren, eta hegoaldeko lanpostuak doi bat konplikatuak izan dira banatzeko... Nik Tours nuen lehenik hautatua, Angers eta Parisetik hurbil izanik, baina ikusi dudalarik zaila izanen zela, pentsatu dut nire kuskutik ateratzeko aukera zela... Baionari buruzko informazio gehiago bildu dut, Anne Goulet, Paueko Departamendu Artxibategiko garaiko zuzendariaren bidez: harremana ongi pasatu da, misioak interesgarriak zitzaizkidan... Jo aitzina!

A prioririk ba ote zenuen?
Batere! Eguraldia salbu, aski aldakorra susmatzen bainuen, Euskal Herrian oporretan izanik lehenago burasoekin... Baina ez nuen sekulan zangorik sartu Baionan. Behin hemen lanpostua harturik dut artxibategi honen historikoa ezagutu: eraikuntza berria, eta lehenagoko aldarrikapenak...

Ez dizute horrelako informaziorik lehenago dibulgatu?
Lanpostuak molde biziki neutroan aurkeztuak dira, bakoitza informazioketa ibiltzeko gisan.

Zerk zaitu beraz markatu?
Hein pertsonalean, bitarteko zuzendari behar izan dut biziki fite: funtzio hori zuen pertsonak haur bat adoptatzeko parada ukan du, eta buraso-oporraldietara joan zen ni heldu eta hiru egunetara! Hein orokorragoan, gauza batek argiki harritzen du: departamendua zinez bi zatitan da. Beste administrazio batzuek ere adarra badute Baionan, eta jendeak bere burua defenditzen du edo biarnes, edo euskal herritar gisa... Sekulan ez Pirinio Antlantikotar bezala! Ez nuen batere ikuspuntu hori hastapenean, baina biziki garrantzitsua da hori ulertzea, batez ere gure lan-eremuan: gure antolaketarako baizik ez bada, funtsezkoa da sesitzea zergatik dokumentu batzuk Pauera doazen, eta besteak Baionara... Gure lan-taldeak usatuak dira, eta zinez lagungarri.

Zein da Baionako poloaren funtzioa, Pauekoarekiko?
Baionan egoitza duten aitzineko administrazioek, zein garaikideek, artxiboak sistematikoki hemen dauzkate. Gure poloko dokumenturik zaharrena, Baionako diozesakoa da: bere ibarren errolda da, latinez, X. mende bukaerakoa. Baina Euskal Herriko Herriko Etxeak dira, aldarrikapen zibilen sustenguarekin, Baionako poloaren eraikuntzaren oinarrian. Herriak beren artxiboen jabe gelditzen dira, baina horien kontserbazioa gure esku uzten dute. Denek ez dute baldintza optimalen ukaiteko baliabiderik; guk, gainera, dokumentuen kontsulta publikoa eskaintzen dugu, koadro fidagarrian. Dozena bat Herriko Etxek konbenioa izenpetua zuen polo honen eraikuntza aitzin, baita Baionako Komertzio eta Industria Ganbarak, zeinek aitzineko fondo biziki ederra duen, artetik errateko.

Zuen rolaren bidez, Euskal Herriaren ezagupenean parte-hartzeko sentipena ote duzue?
Inguruko Herriko Etxeek ez zuten Paureaino joateko gogorik: artxiboak erraz eskuragarri nahi zituzten. Uste dut gure lehen funtzioa dela hurbileko zerbitzu publikoa eskaintzea. Gure misioak, azterketa tekniko eta zientifikoaren atala ere badu: Herriko Etxeetara joaten gara, inspekzio batzuen karietara, oro-har bururatzen direnak elkarrizketa eraikitzaile batzuez, artxiboen kudeaketaren ingurukoak. Gure poloan pausatze bat ere aurreikus dezakegu, baita desmartxa direktiboagoa ukan, galtze-arrisku zerbaitez ohartzen bagara. Gero, kontziente naiz gure dimentsio sinbolikoaz: “Euskal Herri” aipamena garraiatzeak gure izenean, ezagupen berezia inplikatzen du. Euskal Herriaren berezko ezagupenaren alde ari den jendeari ere baliabideak eskaintzen dizkiogu. Euskal Kultur Erakundearen Eleketa programean ere parte-hartzen dugu: euskarazko lekukotasun horien bilketak inplikatzen ere du identitate kultural baten presentzia, dokumentatu beharrekoa, kontutan hartu beharrekoa europear heinean ere bai, mugaz gaindiko eskualde batean gabiltzalako. Gisa guziz, ez dugu sekulan jendeari galdegiten beren ikerketak justifikatzea: ahal bezainbat transparentziako zerbitzu publikoa gara.

Oztopoak dituzuelako?
Ondarearen kodigoa bada, denei berdin aplikatua dena: baditugu mediku-sekretuari, justizia-prozedurei... lotu dokumentuak, zeinentzat komunikagarritasun epeak errespetatu behar diren.

HELEP bakarrak zerbait aldatzen ote du zuendako?
Izanen diren mugimendu inportanteak kontutan hartuz, konpetentzia-transferentzien ondorio direnak, erne egon beharko dugu dokumentu galtzerik ez dadin izan: horrek erran nahiko luke efikazitate galtzea administrazioarendako, baita memoria galtzea lurraldearendako. Horrez aparte, ez dugu eraldaketa handirik espero gure funtzioari buruz, edota gure izateari buruz.

Mugaz gaindikoa aipatu duzu: harreman konkreturik ote duzue, hein horretan?
Joan den urtetik, Iruñeko errege-artxibategi orokorrekin harremanak ditugu: dokumentuak prestatu dizkiegu, Nafarroako printze-altxorrei buruzko erakusketarako. Geroztik, truke profesional sistema bat plantan ezarria dugu: hemen izan dira azaroan, eta gure taldekide zenbait hara joanen dira apirilean. Hilabete horretan berean, Iruñean esposatuko dugu euskal kostaldeko villa eta baratzeei buruzko muntaia, hirueletan eta ibiltari gisa moldatu duguna. Erakusketa komun proiektu bat ere lurretik jalgitzen ari da, 2018ko gauzatu nahiko genukeena, Nafarroarekin, Gipuzkoarekin, baita Aragoiarekin.

Mintzolaz entzun ote duzu deus?
Bai, baina ez dugu harreman konkreturik lotzeko aukerarik izan Mintzola, edota Eresbil bezalako egiturekin. Haatik, ondoko asteetan jardunaldi bat beharra da Bilketa programaren karietara (tokiko mediatekekin), ahozko ondareari buruzko lanketa hobeki ezagutzeko.

Baina jada EKEren Eleketa proiektuaren partaide zarete...
Hala da bai, Euskal Herri lurralde konbenioaren baitan. Gaskoierazko programa ekibalentearen partaide ere gara, Okzitanieraren Erakundearekin. EKE da Eleketa egitasmoaren oinarrian, 2009tik honat departamenduko artxibategiaren gidaritzapean dena: ahozko bilketa horri genion interesa ebidentea zen. Gure funtzioaren bidez, ondare hain bereziari iraunkortasuna eskaini nahi diogu, eta horregatik gara EKErekiko osagarri: terrenoko inkestaz arduratzen dira, baita grabaketen lehen tratamenduaz. Protokolo bat artoski definitua izan da, gure koadroaren baitako bilatze-inbentario ahal bezain normalizatura heltzeko, eta gure webgunean ezarri ahal izateko.

Ez dituzue haatik grabaketak zuzenean dibulgatzen ahal...
Ez, baina gure poloetan kontsultagarri dira. Hedatzea, galdera aski konplexua da: artxibo horiek ondarearen kodigoan sartzen dira, baita lehen aipatu ditugun komunikagarritasun epeetan. Gaurko egunean, ez ditugu grabaketa horiek osoki hedatzen ahal interneten, eta ez dugu horretarako giza-baliabiderik ere funtsean. Horrek ez du kentzen zatiak txertatzen ahal direla erakusketetan, adibidez, edota EKEren webgunean, gure egiaztapenaren ondotik: horren arduradun gara.

Baina nola egiten duzue, euskara ulertu gabe?
Ez nuke lan hori nihaurrek betetzen ahal, baina euskaldunak baditugu gure taldean, egiaztapen puntual horiek gauzatzen ahal dituztenak. Baionako poloaren erakuntzatik beretik, interesgarria iduritu da jende euskalduna ukaitea lanpostu estrategikoetan: kultura-mediazio arduraduna, heziketa-zerbitzu arduraduna... Tailerrak eskaintzen ditugu euskaraz, hemengo ikasgelendako, baita okzitanieraz Pauen.

Zergatik zuen webgunea ez da gutienez elebiduna?
Egia da gutienez hirueleduna beharko lukeela... Suposatzen dut departamenduak determinatu norabideak eraman duela erakunde-gune frantses elebakarretara. Baina gure komunikazio-euskarri berritsuenak euskaraz eta okzitanieraz ere daude, baita gure erakusketak.

Baina webgune frantses elebakarra ulergaitza da, adibidez, Hegoaldeko ikerleendako...
Halaber, kontsulta arrasta dezake, baita publikoa mugatu. Jakinez bilaketarako gure barne-tresnak ere bakarrik frantsesez direla. Frantziako artxibategien normari jarraikiak gara, eta horko posizioa ez da berrikusia izana orain arte. Esperimentazioen asmoa ukan dezakegun mugazgaindiko guneetan, nahiz-eta horrek baliabide gehiago suposatuko lukeen.

Azkenean, frantses legediarekiko kalkatuak zarete: euskara bezalako hizkuntzak ondarearen arloan ezagutuak dira, baina koadro administratiboa bakarrik frantsesez gelditzen da...
Hori bera da, horrek suposatzen dituen arrastekin tokika, baita mugaz gaindikoan.

Menturaz euskara ikasteko xedetan zaude?
Erregularki konfrontatua naizen hiztegian trebatzen ari naiz, izan seinaletikan, edo profesional arloan. Ez naiz orainokoan aski disponible, nahiz-eta Kontseilu Orokorrak klaseak eskaini, eta horrek interesatzen nauen!

Postu garrantzitsua okupatzen duzu: jendea pentsaketa hasiko litzateke, baldin-eta...
Pertsona batzuk kilikatuko lituzke naski, baina uste dut hein batean naizela non oraindik anitz galdera pausatzen dudan hizkuntzaren ulermena gabe eskuragarri zaitanaz. Lankideekin anitz trukatzen dugu, eta kanpoko pertsonok ekartzen dugun begirada interesgarria ere izan daiteke hein horretan.

Ahozko ondarearen presentzia garrantzitsuagoa ote da hemen, bertze tokietan baino?
Ahozko bilketa programa potoloak dituzten departamenduak, hizkuntza bereziduneko eskualdekoak izan ohi dira. Bretainia aski aitzindari izana da arlo horretan, adibidez. Gure aldetik, EKErekin dugun partaidetzaren bigarren atalaren funtsean, filma eta soinuen aitzineko fondoen zainketa dago: lanjerrean ziren, banda magnetikoak aski egongaitzak izanik, eta horien zati bat digitalizatzea baitezpadakoa izan da. Dokumentu horiek, norbanakoen, elkarteen, eta irratien esku ziren... Fondo kontsekuenteena, Bellokeko Abadiarena izan da: zoragarria da (batez ere kantutegien heinean), eta aurrerantzean hemen kontsultagarri.

Baina zibilizazioa aldatzen ari da: nola egin gazteenak horri guziari interesatzeko?
Ondarearen dibulgazioa, eguneroko desafioa da! Berehalakotasunaren kulturan gaude, botatzekoan... Gure arloan, denboraren nozia desberdina delarik... Gazteei pentsatu ohi dugu, baina ez da errazago ondarea helduei interesgarri egitea! Alta, beren historia propioaz ari gara... Erakusketek badute artxibategiko ateak publikoari zabaltzeko xedea ere, baina irudi aski zakarkitua eta errautsez beterikoa dugu... Gazteriarendako pentsatu tailerrak ere funtsezkoak dira: barnekaldera joatea ere gertatu zaigu... Eta tresna interaktiboagoak, tabletendako aplikazioak bezala, bazterrezinak dira gaurko egunean, baita ludikoak, erakusketei lotuak. Ondarearen egunak, saihetsezinak: orduan da jendea menturatzen artxibategia bezalako tokietara abenturatzera, eta gogotik itzultzen dira gero berriz. Zerbitzu publiko bat ikusirik, lasaituak dira: ez dute ikerle izate beharrik horrelako gune batez baliatzeko.

Hala ere, harreman interesgarria duzue ikastetxeekin...
Departamendu osoan, urtero 2.000 ikasleei harrera egiten diegu, alegia deus ez! Gure heziketa-zerbitzua biziki aktiboa da, eta Etxepare bezalako lizeo bat urtero heldu zaigu, bigarreneko bere lau klaseekin, euskarazko tailerretara. Frantziako Hezkunde Nazionaleko bi irakasle liberatuak dira, astean bi orenez gure taldearekin tresnak landu eta sortzeko, gure fondoetatik abiatuz. Trukaketa biziki aberatsak ditugu beti haurrekin: iduritzen zait funtsezkoa dela, guztion etorkizunerako.

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Urtzi Etxeberria

Urtzi Etxeberria

"Hizkuntzaren esanahia ikertzen duen atalean ari naiz lanean, hau da norbaitek esaldi bat botatzen duenean, hura nola interpretatzen edo ulertzen dugun"

Sabine Cazenave

Sabine Cazenave

"Museoa horretarako da, haria ez apurtzeko, iragana, oraina eta deus ez dakigun etorkizunaren artean, eragile tinkatua da"

Pablo Martikorena

Pablo Martikorena

"Bertzearekin truka daiteke, norbera desnaturalizatu gabe"

Beñat Chassevent

Beñat Chassevent

"Ipar Euskal Herriko ondarea aberatsa da, baina lausoa"

Elkarrizketa gehiago