Pablo Martikorena (1985, Villeneuve St-Georges, Ile-de-France) arkeologoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoieko kide. Baigorrin sustraitzen ari den elkarte horrek "Antilletan Bizi" jardunaldiak antolatu ditu, 2017ko agorrilaren 11 eta 12an, zeinetan kreolizazio eta mundutasun kontzeptuek oihartzuna bilatuko duten, hizkuntza, dantza, kulturaren inguruko trukaketa eta eztabaidetan.
Pariseko bazterretan handitu zara... Telebistan erakusten dutenaz diferentea ote da errealitatea?
Batzuetan biziki nekea da, baina bertzeetan harrigarria. Langile auzoa zen, immigrazioarekin antzaldatu dena: hirurogei bat nazionalitate desberdinek biziarazten zituzten pabilioi ttipi haiek, alimaleko dorreen ondoan... Sortzez urepeldarra zen gure aitatxi ere han bizi zen. Jendetza horren gazteria eskolan elkartua zen, Hezkuntza Zonalde Lehenetsiak deitu diren haietan. Hala ere, bizitza ez da telebistan erakutsia izan daitekeenari murriztua, nik trukaketa zoragarriak baititut bereziki gogoan atxiki. Funtsean, topaketek dute, ene gustuko, bizitza eraiki behar.
Trukaketa horiek espontaneoak ote ziren, ala antolatuak?
Gure burasoek, arte artisau zirenak, parte-hartu dute zentro sozial baten eraikuntzan, hezkuntza popularrean oinarritua zena: koadro horretan, amak emazteen solas-talde bat atxikitzen zuen, adibidez ; frantseseko klaseak ere baziren, administrazio- eta juridikzio-aholkularitzak, eskolaz kanpoko eta kultur-jarduerak... Auzoko biztanleek berenganatua zuten bizigunea zen, eta otorduak ere multikulturalak ziren.
Zailtasunei doakienez?
Batez ere prekaritateari ziren lotuak. Nihaur ere, ingurune biziki xumetik nator... Baina bada harrotasun zerbait, kolektibitate zerbait pobrezian: gutiko jendea gara, elkar ezagutzen dugu, elkarri atxikiak gara. Prekaritatea, hein bat da non indibidualismoan zauden, loturak ezin eginez, dena jasanez: hori da zaila, eta horrek ekar dezakeen bortizkeria, haurrak karrikan bizitzera igortzeraino doana.
Mistotasun kulturalera berriz itzultzeko, auzoan euskal kultur forma zerbait agertarazteko aukerarik ukan ote duzue, edo gutienez intentziorik?
Erran nezake gibeleko hari zerbait zela, diskretuki segitu gaituenak. Beti baziren euskarazko hitzak herrestan: aitatxi bezala, nahiz-eta berak ez dion gure amari hizkuntza transmititu, ez-eta eni ere, gazte-gaztea nintzelarik zendu baitzen. Euskalduna zen, bagenekien, eta baziren bertze batzuk auzoan; oporrak hemen gaindi pasatzen genituen, Arrosa eta Baigorri artean: euskaltasun hori lotune familiarra izan da bereziki, nahiz-eta garai batean, dimentsio politikoagoa ezagutu duen.
Baina auzoko euskaldunak ez dira sekula komunitate gisa adierazi, kurduek egin zezaketeen bezala?
Ez: gisa guziz, ez ginen aski horretarako. Haur edo nerabe gisa, zerbait aipatzen genuen oporretatik itzultzean.
Ingurumen horretan, zerk bultzatu zaitu arkeologo bilakatzera?
Bizitza apailatzen dut topaketen arabera: halako ingurumenean, kultura ez da oro-har errazki eskuragarri, baina burasoekin, arteari iniziatua izateko zoriona ukan dut ; aitatxi-amatxiek opor kulturalak antolatzen zituzten, gaika, eta Sorbonako Unibertsitatean, Historiaurreko irakasle bat izan da aski ona irakasgai horren gutizia emateko, posibleen alorrari izpiritua zabaltzeko. Ohartu naiz arkeologiak anitz ematen ahal zidala sorkuntza eta adierazpen mailan. Eta denborarekiko harremanak ere interesatzen ninduen: denbora luzea, gure zibilizazioak hartzen ez duen denbora hartzea. Etnoarkeologia koadro batean ginen, espazioa ere kontutan hartzen zuena: nonahiko bertze nonbait! Beti humanoari naiz interesatu: jendarteen eraikuntza biziki interesgarria da, arkeologiatik sartuz.
Garai berezi batetan espezializatu zara...
Neolitikoa: lehen laborarien, lehen desberdintasunen, lehen bortizkeri finkatuen garaia. Giza-historiaren eskalan, erran ohi da lehen iraultza handia dela. Libertarioa, egalitarioa naizenez, desberdintasun horiei buruzko ene interesa handia zen: zergatik ukan ote dute landareak eta animaliak gakotzearen beharra, ehiztari-biltzaileen jendarteetan ez zirelarik hain gaizki bizi... zeinetan lau oreneko lanaldiak ziren egunean, denbora libre frankorekin hainbat gauzetarako. Ekoizle-, laborari-jendartea bilakatuz, denbora libre hori desagertu da, buruzagiak agertaraziz!
Nola konstatatzen dira desberdintasun horien aztarnak?
Etxeetako landare eta abereen aztarnak, zeramikak, sedentariotasunaren adierazle dira. Hastapenean, laborari-gizarteak aski diskretuak dira, baina beren ehorzte-errituek berek desberdintasunak aurreikusarazten dituzte: jendarte batek monumentu handi bat (dolmenak, tumuluak) eraikiko dio pertsona bakarrari, elite baten adierazgarri dena, eta hierarkizazio baten seinale. Erreserbak agertzen diren puntutik, buruzagiek babes-rola ikaragarria dute, baita izpirituak eta imaginarioak manipulatzeko gaitasuna, erlijioa aipatu gabe.
Eta tresnei doakienez?
Silexa eta kobrearen arteko konkurrentziaz ohartu gara: garai hartan, silexaren artisautza gailurrera heldua da, kalitate harrigarrira, eta horren ekibalentea ikus daiteke larruzko lanketan ere. Gorentasun hori lotua da balorizazio sozial behar bati.
Bisio ekonomikoaren aldaketa ere dakarren iraultza...
Predazio ekonomia batetik, ekoizpen ekonomia batetara igarotzen gara, gaurko egunean oraindik bidean dena: banatze-zirkuituak, aberastasunak metatzen dituen jendea eta nahi bezala banatzen, arrazoi zehatzekin buruan... Hor ere, interpretazioen aukera-alorra zabaltzen dugu, baina segur da ikus dezakegula gizakia ingurumena menpean hartzen, ez dena gehiago konpatible ehiztari-biltzaileek zuten bisioarekin: funtsean, aski da ohartzea egun oraindik zenbat arazo dituzten, guti izanik ere! Gune batzuetan, ordezkapen hori aski naturalki iragan da, baina bertzeetan, bortizkeria ukaezinaren aztarnak daude: laborariek azken ehiztari-biltzaileei burua moztu diete Alemanian, adibidez. Arkeologiak hurbilpen bat eskain dezake giza-antolaketei buruz, aitzinekoak zein garaikideak izanik.
Baina zailtasunak dauzkagu, ikerketa garaikide baten karietan, arkeologoekin lotura egiteko: ez ote zarete miaketei kantonatuegiak sendi?
Dependitzen du bakoitzaren karakteraz, eta ofizioaz ukan dezakegun ikuspegiaz... Ene partetik, baita kolaboratzaile hurbilenen aldetik, uste dugu toki bat badaukagula egungo eztabaidetan. Jean-Paul Demoule bezalako figura bat anitz tematu da arkeologiak ukan dezakeen lekuaz jendartean, eta azpimarratu du nola Estatu-Nazioek arkeologia manipulatu izan duten. Interesatzen ahal gara desberdintasunei, kulturei... Eboluzioa lantzen dugu, denbora luzearen ikuspegia ekartzen dugu, eta egiten, berregiten, desegiten duen gizakiarena. Konkretuago, aipa dezakegu berotze klimatikoaren inpaktua jendartearengan ere: badu hamabi mila urte garai beroan gaudela, interglaziara, gizakiaren inpaktu zuzenarekin berotze horren emendatzean. Baina batez ere lehen aldia da halako berotzea ezagutzen dugula sedentario gisa: lehen, nomadak aldaketa klimatikoen arabera mugitzen ziren... Gaur egun, ez gaitezke hainbertze mugi, baina lehen baino aise gehiago gara, eta hori ere bada laborantzaren eta hazkuntzaren ondorioa, industrializazioa aipatu gabe.
Paradoxalki, aski zaila dirudi arkeologiaz bizitzea hemen, Ipar Euskal Herrian...
Bai, eta globalago, arkeologia galdezketa-garai batean dago: ikerketak, miatzeek, argitaratzeek, unibertsitateek, CNRS erakundeak dute arkeologia biziki luzaz egin. Egun, sistema hori osoki gainbehera doa, eta lan-eskaintzak erridikuloak dira. Ondorioz, 2.000. urteetan, salbatze- edo prebentzio-arkeologia deiturikoa pribatizatu da, lurralde-antolaketei lotua (etxebizitza eraikitzeak, AHLak...): lana izan da 2012a arte, baina lan handi horiek apalduz doaz, arkeologia enpresak peko errekara igorriz. Hala ere, erakunde publiko zenbaitzuek (departamendu-, eskualde-kontseiluak) arkeologia-zerbitzu propioak sortu dituzte: Pirinio Atlantikoetako departamenduak kontra bozkatu du... Ikusiko zer emanen duen Euskal Elkargoarekin!
Hirigune Elkargo batek arkeologia-departamendu bat ukan baitezake?
Bistan dena! Batzuetan, berrantolaketen ondorioz, gune bat ager daiteke, baita urgentziaz salbatzeko: arkeologia-zerbitzu propioa erabiltzen da halakoetan, kanpoko eragile bat ekarraraztea baino aise merkeago ateratzen dena. Alta, arkeologia ez da kario: ikerketa-programa potolo batek 20.000 euroko gastuak ditu urtean, soldatak kanpo. Farmazia-ikerketari konparatuz, deus ez da... Hala ere, arkeologiak bere modelo ekonomikoa berpentsatu behar du... Biziberritze proposamenetan, tailer batzuekin hasi ginen, eskolekin ateraldiak eginez, Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoiarekin lotura eginez: dirua sarrarazten du horrek, zeinek ikerketa bidera dezakeen. Horrez gain, arkeologiaren mundua berezia da, arrastaka ari diren indibidualitate eta jarrerekin, nahiz-eta elkarteak izan: baina Iparraldean, probintzia bakoitzak bere elkartea dauka, nehor ez da bertzeari mintzo, jukutriak daude, eta zaharrek ez dute transmititzen. Egitura unibertsitariorik ez izateak ere ez du laguntzen: ikusi izan dugu nola, Hegoaldean, garapen horrek gauzak mugiarazi dituen. Pentsamendu-korronte desberdinak ere badaude, intelektualki aitzinatzea ere bideratzen duenak, ideia konfrontazioan.
Iparraldea berant dabil, beraz...
Bai: frantses errepublikak arazo potoloa dauka arkeologiarekin, eta Iparraldeak ere, menturaz makurrago! Zaila dirudi imaginario baten eraikuntza eta arkeologia akordatzea. Pilotaz lan anitz bada eginik, baina ez lehen laborariei buruz... alta, gaurko euskal gizartearen oinarriak ere dira! Lehen laborari haiek ez zirelakoan euskaldunak definitzen diren zentzuan? Baionako Euskal Museoa begiratuz geroz, arkeologiak ez du toki adierazgarririk, Blot doktorearen erakuslehio zenbait salbu, hau ez delarik bertze arkeologoei ireki funtsean. Hori guzia berdinamizatzen saiatu gara, baina problematikoa atera zaigu... Euskal Herriko lehen guneak berrehun mila urte J.K. aitzinekoak dira, eta Euskal Museoa XVI. mendean baizik ez da abiatzen: arazo bat dago hor argiki. Oihartzuna badu Baionako euskal fakultatearen baitan ere, non Antzinatea arrunt guti aipu den historia klaseetan. Ene aldetik, ez dut bermagune unibertsitariorik Euskal Herriaz egin lanak Iparraldean aipatzeko.
Unibertsitate herrikoien interesa horretan datza…
Bai, nahiz-eta gurea oraindik xumea izan, gauzak plantan emateko artean. Nihaur hezkuntza herrikoietik beti hurbil izan naiz, eta lehen elkarte bat zentzu horretan sortu nuen, baina bakarrik arkeologiaz zena. Pena zitzaidan gauzak ez gehiago gurutzaraztea, baina berriz ere topaketek naute eboluzionarazi, partikulazki Ximun Larrenak Baigorrin: damugarri zitzaion gaztetan gune aske bat ez ezaguturik, non gauzak ikasiko liratekeen, bertze informazio motak bilduz... Zentzu horretan, Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoia ez da elkarte bat gehiago, baina bidegurutze bat, linea zuzen bat gehiago baino. Konferentzia zenbait, arkeo-kafeak, filo-kafeak... lantzatu ditugu. Lanpostu lagundu batek gauzak sendoarazi ditu, jende gehiago ezagutzeko artean, eta Baigorriko herriko kontseilua aldatzeko artean... Antton Kurutxarri bezalako hautetsi batek bota zuen zinema berrabiarazteko ideia: elkarte batzuek ihardetsi zuten.
Unibertsitatearen kontzeptuak berak ez ote du jendea beldurrarazten?
Lehen unibertsitate herrikoi daniar eta suediarrek gaituzte inspiratzen, baserrialdekoak zirenak... Hitza berdin eman nahi diegu pasionatuei zein espezialistei, baita unibertsitatearen kontzeptua balorizatu, desakralizatuz bezala.
Baigorriz haratago hedatzeko nahikeria ote duzue?
Oraindik garatu ez dugun nahikeria da, nahiz-eta artetan interbentzioak ditugun hemendik kanpo; ideia litzateke proiektuaren bihotza Baigorrin atxikitzea, baita zine-topaketak, udako jardunaldiak bezalako gertakariak ere: ez lukete zentzurik Kostaldean, ez-eta Xiberun, han jadanik badirelako gisa bereko hitzorduak, elkarte-aktibitate azkarrei esker. Nik ikusiko nituzke interbentzio puntualak, tokian tokiko aktoreekin elkarlanean: adibidez, norbaitek gure liburu-dendaren beharra balu bere gertakari batean, harat joan gintezke plazerez ; prentsa-kluba eta arkeo-kafeak ere mugikorrak dira. Gisa horretan hedatzeak koherentzia bat ere ekarriko liguke, batez ere Ipar Euskal Herriko lurraldeari begira: gure bidea kausitu dugu, gure konpetentzietaz kontziente gaude, baina hemendik aitzina, topaketa berrien beharretan gara. Ikusi dugu, orain arte, Baigorriko elkarte-munduan zer kolaborazio-aukera den: ideala litzateke harrera-puntu bat izatea Kostaldean, bertze bat Xiberoan, azarotik ekainera doi bat bidaiatzeko gisan, gure klup ttipien sasoinean, Baigorrin zinez on egin baitute, usaiako gure jendearen erranen arabera, partekatze eta eztabaidagune bat atzeman duelako, guti jorratzen zuen gaien inguruan.
Euskararen tokia aldatu ote da EHUH-ren baitan?
Beti ildo berdina dugu: norbaitek gai bat euskaraz proposatzen badigu, hala izanen da, frantsesez zein grekoz litzatekeen gisan... Proiektuari begiratzen diogu lehenik, eta ekartzen duen pertsonak du hizkuntza hautatzen. Mohamed Najem musikari palestinarra jin zelarik iaz, arabierazko hitz batzuk bota zituen... Hainbertze gauza bizi izan du han, non galdegin genion gehiago kontatzea, baina hark nahiago izan zuen bere musikaz adierazi: hura zuen hizkuntza. Bertzalde, erremarkatu dugu euskaldun guti dela hedabideen kritikaren arloan: ez da Action Critique Médias (Acrimed) elkartearen ekibalenteerik euskaraz, ez-eta Euskal Herrian. Ximun Carrere bezalako pertsona bat Acrimedeko kide zen, baina ez zuen Kanalduderi buruzko kritikarik egiten, adibidez: menturaz nahiko lukeela, ez dut aurreiritzirik bota nahi hemen, baina bakarrik azpimarratu euskaraz dakien jenderik ez dugula gai horri buruz. Iaz, Eguzki Urteaga ekarrarazi genuen, baina erran zigun frantsesez nahi zuela egin! Orokorkiago, elkarte ttipia gara, ez duenak baliabiderik itzultzaile bat ekintza guziz ordaintzeko: memento batetik goiti, autogestioa da nagusituko arlo linguistikoan. Jojo Bidartek lehen hitza beti euskaraz botatzen du, eta auto-itzultzen da: pista interesgarria da, eta horrela du euskaldun batek ere Unibertsitate Herrikoia naturalki bereganatzen. Ez dugu bertzerik galdegiten!
Harremanetan ote zaudete Udako Euskal Unibertsitatearekin, hizlari euskaldunen iturri gisa bederen?
Sare egitearen nozioa da zaila: ezagutaraztea, ezagutzea. Baigorrin plantatu nahi izan dugularik, deskubritu dugu 34 elkarte aktibo bazirela herrian berean! Halaber, UEU-rekin elkarlan bat interesgarria izan daiteke. Uste dut denbora hartu behar dela sarea iruteko, elkar ezagutzeko. Hori zaio gure gizarteari eskas: okupatua da gain-erreakzionatzen, eta mundu osoaren facebookak likatzen...
Zuen hurran udako jardunaldien abiapuntua, Patrice Chamoiseau eta Edouard Glissant poeten testu-manifestu bat da: "Paretak erortzean"...
Unibertsitate Herrikoiaren baitan errepikakor zaizkigun pentsamenduak dira batez ere, eta pentsatzen dugu horien erantzunak testu horretan direla. Muga, pareta, limitaren nozioa gaurko gure mundua zeharkatzen ari da: limita intelektuala, fisikoa, ekonomikoa, etnologikoa, soziologikoa... “Paretak erortzean” testu hori, Tout Monde Unibertsitateak argitaraturik gainera, erreferenzia gisa aipatua izana da gure gertakarietan... Garrantzitsua zitzaigun Euskal Herrian ezagutaraztea: lehen gogoeta batzuen ondotik, erabaki dugu euskarara itzultzea, ez bakarrik itzulpenagatik, baizik-eta ikusteko zer galdera pausa genezakeen gibelean, hitzen inguruan, beren pisuaz, irudikapenetaz... Testu hori beti adierazgarri da mundu mailan, baina eztabaida bat ekar dezake Euskal Herrira ere bai, bake prozesutik honat bereziki: hemendik aitzina, galdera batzuek beharko lukete pausatuak izan, eta manifestu horrek zenbait dakarzki.
Dantzak toki berezia hartuko du...
Badu bulta bat harremanetan garela Les Périphériques Vous Parlent kolektiboarekin, oinarrian dantza-taldea dena, baina artea eta filosofia hunkitzen duena orokorki... Elkartekide horiek biziki ontsa ezagutzen dute Chamoiseau eta Glissanten testua, zeinek oihartzun berezia ematen diona dantzari: aukera ez dugu huts egin bèlè eskola ekarrarazteko, beren dantza dimentsio osoan aurkezteko, artistikoki, fisikoki, historikoki, eta politikoki; tokiko Arrola dantza taldearekin trukaraziko ditugu. Uste dut doi bat kezkatuak direla, Euskal Herria ez baitute batere ezagutzen! Alta, iduri luke bi dantzen historiek baluketela elkarrizketatzekoa, beren biziberritze prozesuekin, berrinterpretazioekin, nahasketekin... Zinezko galderak daude bi dantzen artean. Esploratu gabe utzi dugun arloa da, eta berantetsia dut emaitza ikustea, nahiz-eta nihaur ez batere dantzaria izan!
Kreolizazioa da testuaren kontzeptu giltzarrietan: horrek ere konfrontazio interesgarria ekar dezake euskararen eta hizkuntza minorizatuen biziberritzearekin...
Kreolizazioaren kontzeptua Antilletatik haratago doa: izan ere, kulturen nahasketan datza, eta biologiarekin paralelo batean mentura naiteke, deus ez dela galtzen, baina bai dena antzaldatzen... Nahasketak anitz ekarri du, eta euskal kultura horren adibide argia da: dantzak, musika-tresnak berjabetze, berrinterpretatzeen sinonimoak dira... Kreolizazioak dio, bitalitatea izatekotan, mugitu, nahasi, transformatu behar duela... Hizkuntza baten aktoreek ez dute dudarik ukan behar hori gaizki tratatzeko, antzaldatzeko, eta, puntaren puntan, mundutasunarekin doa, mundializazioarekiko oposaketan, uniformizazio liberalarekiko oposaketan. Mundutasuna, imaginarioen zabaltzea da, pentsamendu libertarioa. Gaur egun, ez ditzakegu fluxu humanoak geldi: geroz-eta garrantzitsuagoak izanen dira, berotze klimatikoagatik, gerlengatik, ur eskasiagatik... Kontzeptuak geroz-eta fiteago aldatuz doaz. Fluxu horretaz beldur izateaz baino, trukaketa eta irekidura postura batean jarri behar da: mundutasuna pentsa, eta lokalki ekin. Ezinezkoa da bertzearekin ez ikusiarena egitea: ezagut dezakegu, ezagutu behar dugu, eta lokalki baliatu aberastasun gisa. Bertzearekin truka daiteke, norbera desnaturalizatu gabe: aldatzen ahal nau, baina hori erabaki dudalako izanen da.
Baina horrek guziak galdezketatzen du hizkuntza minorizatuen tokia mundutasun horretan: Glissant eta Chamoiseauk aipatu ote dute?
Hizkuntza minoritarioen defentsaren aldekoak dira, aldi berean kontziente izanez historia globalagoan gaudela denbora luzean, eta hizkuntza batzuk desagertu direla, eta bertze zenbait horretara doazela. Hizkuntzen berdintasuna da behar, eta hortik aitzina, ikusiko da zer den antzaldatzen eta desagertzen: zinezko askatasuna bakarrik posible da berdintasunean. Arkeologo gisa, konstatatu izan dugu materialaren eboluzioa: tresna batzuk desagertu dira, eta bertze batzuk eboluzionatu dira. Garrantzitsuena izanki deusek ez duela suntsitu behar lehertze-nahikeriaz.
Euskaldunen partetik beldurrik sentitzen ote duzu? Identitatea galtzeko beldurra?
Erran nezake orain arte euskal identitatea pausatu dela, baina ez jendeak euskaltasuna eraiki nahiko lukeen bezala bizitzeko askatasuna. Frantsesa mintzo dut: ez zait iduritzen ene hizkuntza frantses errepublikarena dela, baina bai gutiko jendearena, militantearena, libertarioarena, anarkistarena. Minoritarioa sentitzen naiz errepublikaren baitan. Ene identitate indibiduala, jende gutikoa da, arkeologoa, mundua irakurtzeko taula ematen baitidate. Euskalduna izanik ere, minoritarioa sentituko nintzateke pentsamendu dominatzailearekiko. Duela ez hain aspaldi, deialdi bat izan da Baigorrin, 25 urtez petikako gazteriari, ezkerrekoa ala eskuinekoa izan, euskaldunak izan behar zuten: trabatzen nau. Postura ulertzen dut, baina ez zait jasangarria: Estatu-Nazioaren kontzeptua zait geroz-eta ez jasangarria, heldu baikara puntu batetaraino non behartua sentitzen den murru fisikoak eraikitzea Palestinan, Turkian, Estatu Batuetan ; zinezko arazoa dago Parisko hiri bazterretik erdigunera zirkulatzeko, polizia-presio ikaragarriagatik... Estatu-Nazioaren kontzeptuak ez du dagoeneko errealitaterik: gizakiaren historia guzian, ez du deus irudikatzen, ez du finkatze etnologikorik. Dinamikoak diren jendarteetan zerbait balditzen du: planeta burutu batean hazkundearen kontzeptua bezain tontoa da. Euskal Herriak gain-erreakzionatu du bi Estatu-Nazio potoloen eraikuntzari, zeinek dena eman duten beren postura dominatzailea euskal lurraldean oinarritzeko. Baina uste dut hori gainditu behar dela, eta Antilletan Bizi jardunaldien ekarpena izanen da: baldintza humanoa erdigunean ezarri, norberaren loratzea kolektibitatean eta bakoitzaren errespetuan, bertzeaz beldur izan gabe.
Baigorrin, euskal Estatu-Nazio baten asmoak baduke toki, baina biziberritze linguistikoa ikuspegi ekologikotik abordatuz geroz, gazte euskaldunak elkartzea izan daiteke mundua euskaraz kaptatzeko oxigeno burbuila iraunkorra sortzeko nahikeria...
Gisa guziz, euskara praktikatzearen arloan, desira eskasia sendi da. Ikastolak garatu dira hein batetaraino non eskola publikoak ere murgiltzeari lotzen ari diren: ikastolen garaipen argia da... Euskal hiztunen kopurua gora doa, baina erabilpena gelditzen edo apaltzen bada, desira arazoa da. Ez ote da hori euskararen praktika euskaldun izateari kantonatu delako? Eta ez sinpleki pentsatu denetaz mintza gaitezkeela euskaraz: hor, bertze dinamika batean gaude, eta halaber, desira gehiago izan daiteke munduari eta bere problematikei buruz euskaraz mintzatzeko. Horregatik da Unibertsitate Herrikoia euskaldunei ere zabaldua, euskarazko espazioak eskaintzeko, sortzeko, imaginario aberats bati begira.