Irisarrik ohidura berriz piztu du: 13 urteren ondotik, Kabalkada itzuli da
2025.07.25
2025eko uztailaren 13 eta 19an, Irisarriko herriak Kabalkada berreskuratu zuen. Ordura arteko azkena 2012an izan zen, eta aitzinekoa, 75 urte lehenago, 1937an. 2022ko urte bukaeran, herritarrak Bildu elkartearen inguruan biltzen hasi ziren Irisarrin Kabalkada berri bat antolatzeko asmoz. Séverine Dabadie argazkilariak berpizkunde hori sentsibilibate handiz betiko finkatu du, ikusgarria baina ere haren gibelaldiak eta herri guzia irakitan jarri duena modu berezi batez begiratuz. Bideo labur baten bidez, Kanaldudek gertakariaren muinean sarrarazten gaitu, abentura humano hura han bageunde bezala berriz biziaraziz.

2 urteko prestaketa beharrezkoa izan da "kulturaren, euskararen eta herritarren elkartasunaren garra" berpiztu dadin. Denetan, belaunaldi guzietako 210 pertsona bildu dira kantuaren, dantzaren eta antzerki irrigarri eta satirikoaren bidez euskal kulturari eta euskarari toki nagusia egin dien proiektu horretan parte hartzeko.
Kantuak Maialen Errotabeherek zuzendu ditu, musika Ekhi Lambert-ek, antzerkia Jean Marie Oillarburuk eta dantza Iban Darrieumerlouk. Besta herrikoi eder harek herritar eta bisitari andana bat bildu ditu. Bi emanaldietan, harmailak mukuru beteak ziren.
Partekatze, nortasun, eta sormen herrikoi izpiritu batean, umorearen, satiraren eta euskal kulturaren bitartez, Irisarriko herriak bere ohidurei, erroei eta hizkuntzari atxikia zaien Euskal Herri bat erakusten duen ikusgarri biziduna eskaini digu.
Dantzen, antzerki zatien eta kantu herrikoien artetik, puntako bertsolari batzuek jendeek biziki preziatu dituzten bertsoak eskaini dituzte. Uztailaren 13an: Amets Arzallus/Mizel Mateo eta uztailaren 19an: Maialen Lujanbio/Patxi Iriart.
Jantzi handiosek arreta berezia ukan dute. Batzuk Maritzuli konpainiak utziak zituen, beste batzuk aldiz, Angeluarrak taldeak. Borondate oneko jostunek lana trebetasun handiz borobildu dute.
Usaian bezala, antzerki satirikoak bakerik ematen ez duen etxegintzako espekulazioa ziztatu du, hala nola Kanboko Marienia proiektua. Gai polemikoen artean, aktoreek tokiko instituzio edo auzapez batzuk umore zorrotzez kitzikatu dituzte. Nazioarteari begira, mundu mailako gatazkak eta diktadoreak inspirazio iturri izan dira. Hala nola, batek trontza zerra zerabilen Javier Milei antzeztu du, beste batek Donald Trump edo Vladimir Poutine bere hartzarekin…
Jendeek gogotik irri egin dute, denek batean kantatu eta ikusgarrian gogoetagai franko aurkitu dituzte. Irisarriko kabalkada biziki arrakastatsua izan da. Ikusgarriaren ondotik, txarangek giroa alaitu dute eta pilota plazako oihaletxean, taloak egiteko hirugiharra frijitzen hasi dira. Bestak berant arte iraun du, sekula gelditzerik nahi ez zutenentzat. Zalantzarik gabe, Bilduk eta herritarrek parioa irabazi dute. Kabalkada bat, herri oso batek grina handiz antolatua.
Orain, begira dezagun Kanaldudek egindako bideotxoa.
Gehiago jakin
- Irisarriko toberak
- Irisartarrak mintzo - Mintzoak.eus
- Euskal dantzak Irisarrin: aspaldiko dantzarien lekukotasunak - Mintzoak.eus
- "Irisarrin kabalkada prestatzen" dokumentala - Kanaldude.eus
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Testua eta argazkiak: Séverine Dabadie I Bideoa: Kanaldude