KARMA taldearen urrats berria
2025.04.29
KARMA ipar Euskal Herriko power trio talde bat da, Antton Araspin (ahotsa, gitarra), Miguel Etcheverry (bateria, koruak) eta Benjamin De Labaca-k (baxua, koruak) osatzen dutena. Euskara konposizio guzien oinarri dutela, hainbat deklinazio, zapore edo azentuz aberasturiko rocka jotzen dute. Goazen taldea hobeki ezagutzera.

KARMA taldeak disko berria atera du. Duela bi urte Odolean Dena EP-a aurkeztu ondoan, Dirudienez izeneko lanarekin segitzen dute beren ibilbidea. CD zein binilo formatuan eskuragarri den disko honek bederatzi kantu biltzen ditu, eta bertan hainbat gai jorratzen dira: nortasunaren inguruko gogoetak, sinesmenek duten eragina, gizartearen presioa eta egindako hautuen garrantzia.
Bakoitzaren irudi publikoak jendeak igurikatzen duenarekin bat egin behar du. Barneko izatea aldiz, norma horietatik urrun izan liteke. Azkenean, egiazko itxura bien arteko zerbait ez ote da? Entzun dezagun Antton Araspin BADAko mikrofonoaren aurrean.
Disko hau ibilbide musikal bat da, "rock" generoaren aurpegi ezberdinetan barrena. Plastikozko oasian kantuak pop ukituak ditu, Eta oharkabean hard-rockera hurbiltzen da, eta Asetsen ez dena abestian rock’n’roll-aren indarra nabarmentzen da. Azken kantu honetan, gainera, Pello Artabe (Eskean Kristo taldekoa) izan dute lagun. KARMAk estilo anitz uztartzen ditu indar handiz.
Adi egon! Taldeak kantu berriak zuzeneko emanaldietan aurkeztuko ditu, eta baliteke zure herrira ere heltzea.
Gehiago jakin
- "Dirudienez" diskoa entzun
- "Asetzen ez dena" kantuaren bideoklipa (Karma + Pello Artabe)
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Testua: Karma I Argazkiak: Lorentxa Saragueta I Bideoa: BADA