Mitoak eta izakiak komikian
2025.10.30
Amaia Carrere komiki-marrazkilaria, aurtengo Nekatoenea/Hugoenea literatura-sorkuntza egonaldiaren irabazlea da. Komiki umoretsu minimalistak egiten ditu, baita urmargoz eta akrilikoz egindako haur-ilustrazioak ere. Bere mundu imaginarioa absurdozko umorean eta poesian oinarritzen da, bere erroetatik inspiratuta, batez ere euskal mitologiaren eta hizkuntzaren esparrutik. Kanaldudeko taldea egonaldiaren denboran elkartu zitzaion Nekatoenea baserrian.
Euskal kultur erakundea, Euskal Idazleen Elkartea eta CPIE Euskal Itsasbazterra 2011. urtean elkarlanean hasi ziren, idazle bati hilabete osoz Hendaiako Abbadia eremuko Nekatoenea baserri zaharberrituan bere idazketa lanean aritzeko parada eskaintzeko. Hirugarren urtez, egonaldia beste hilabete batez luzatuko da Pasai Donibaneko Hugoenea etxean. 2025eko egonaldiarentzat hautatua izan den Amaia Carrere (Baiona, 1997), marrazkilari, ilustratzaile eta komiki egile bezala ezagutua da.
Amaia komiki-marrazkilaria da. Komiki umoretsu minimalistak egiten ditu, baita urmargoz eta akrilikoz egindako haur-ilustrazioak ere. Bere mundu imaginarioa absurdozko umorean eta poesian oinarritzen da, bere erroetatik inspiratuta, batez ere euskal mitologiaren eta hizkuntzaren esparrutik. Antzerkiak eta musikak ere toki garrantzitsua dute bere bizian. Gitarra jotzen du eta kontzertu nahiz ikuskizun anitz ikusten ditu. Esperientzia horiek guziak haren sormenaren iturri ere badira.
Haren jardun artistikoaren xedea irria sortaraztea, lilura piztea eta ihesbide berriak irekitzea da. Pertsonaien psikologia egoera komiko edo absurdoen bidez aztertzea eta haien nortasunaren nabardurak agerian ezartzea gustukoa du. Istorio dibertigarri eta poetikoak kontatu nahi ditu, sakontasuna galdu gabe, eta horrek finezia eta nabardura eskatzen ditu bere lanari zentzua emateko.
Bere bi idazlan-egonaldietan, Amaia Carrerek euskal mitologia aztertuko du abentura-komiki baten bidez, eta horren kodeak (berriz) ezagutzeko aukera eskainiko du. Gainera, ikuspegi pedagogiko batek, umorez eta ongi dokumentatua, istorioan agertzen diren pertsonaia mitologikoen jatorria eta sinbolismoa ezagutzeko aukera eskainiko du. Haren helburua irakurleak dibertitzea eta harritzea da, pertsonaiak eta istorioak umoretsuak eta poetikoak izatea, baina beti sakontasun pixka batekin. Kanaldudeko taldea egonaldiaren denboran elkartu zitzaion Nekatoenea baserrian hori dena aipatzeko.
Amaia Carrere Nekatoenean egon zen 2025eko irailaren 1etik 30era. Momentu honetan, Hugoenean da 2025eko abenduaren 3ra arte.
Gehiago jakin
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Testua eta argazkiak: Lorentxa Saragueta I Bideoa: Kanaldude