Museoa Urtu: Nader Koochakiren obra bizia
2026.06.06
"Museoa Urtu" 2021az geroz Baionako Euskal Museoan egonaldian dagoen Nader Koochaki artistaren proiektua da, Euskal Museoak eta Euskal kultur erakundeak manatu dutena. 2019 eta 2026 urteen artean burutu da, horren helburua ondare-objektuak eraldatzea eta zuberotar mendiari lotu soinu artxiboa sortzea zelarik. Museoak proiektu honen baitako hiru obra bere bilduman sartu eta hauetako bi aurkezten ditu bere erakusketa iraunkorrean. Erakusketa, jadanik ikusgai da Baionako Euskal Museoan.
Hemendik aitzina museoko bilduma iraunkorretan sartua den muntaketa garaikide honen berezitasuna, arte obren ezin besterenduzko izaeraren galdezkatzean datza, dimentsio berri bat emanez honela desklasifikatu objektuei. Aldi berean museoan eta zati batean, literalki, paisaian dagoen soinu ondarearen dimentsio immateriala instituzioaren baitan sarraratzea ahalbidetzen du ere. 
Museoa Urtu
Museoa urtu bi ondare bildumatik hartu ehun bat piezetatik abiatu berrogeita hamalau joarez osatua da: Gordailua Zentroa Gipuzkoan eta Baionako Euskal Museoa. Urtuak eta errautsiak izan dira, eta lortu hautsa, obra osatzen duten joareak fabrikatzeko baliatua izan da. Artistak lurraldean indarrean dauden berrogeita hamalau kaiolarrak ordezkatzen dituzten berrogeita hamalau zuberotar artzaini eman dizkie ondare artefaktu, lan tresna eta arte obraren arteko mugan diren objektu hauek.
Engoitik obra hau museoko bilduman sartua bada ere, hastapenetik honen murruetatik kanpo aurkeztua izateko sortua izan da eta Zuberoako ibar eta mendietan baizik ez da
ikusgarri/entzungarri izanen beraz.
Hots likidoa
Guneko sorkuntza zabal honi oihartzun eginez, artistak 2025eko udan Zuberoako bortuko alhatzetan burutu grabaketak biltzen ditu Hots likidoa deitu bigarren obrak. Zuberotar soinu ondare aberatsaren zati garrantzitsu bat kaptatzen du grabaketaz, mapaz eta artistak idatzi deskribapen batzuez osatu soinu artxiboa. Baionako Euskal Museoko erakusketa iraunkorrean plantatua da obra. Bisitariei, obra osatzen duten hogeita bat inguruko orenetan murgiltzea ahalbidetzen dien sistema interaktibo baten gisara agertzen da. Laborantza-artzaintzari eskaini gelako museografia betetzen du, ibilbide iraunkorreko museo erakusleihoak aldizka deseraikiz eta inbestituz.

Lehen eta orain
Museoko bilduman sartzen den Nader Koochakiren hirugarren obra da Lehen eta orain. Joareen "presentzia" eta, ondotik, "eskasa" aipatzen du artistak proiektu horretarako sortu argazki bikoitzak. Aitzinaldea eta gibelaldea agertu koadro batean aurkezturik, 2025eko maiatzaren 15ean Zuberoako alhapideetarako abiatzea aitzin eskaini aurkezpen publikoaren karietara erabili hurrondo zurtoin eta plastikozko soka egituraren gainean ezarriak izan diren joare guziak erakutsiak dira alde batean. 2025eko maiatzaren 24an egin joareen eskuetaratzearen ondotik gelditu egitura hutsa agertzen da bestean. Honela, urtean bi aldiz itzulia izanen da argazki obra: egitura hutsa borturatze garaian eta egitura betea gaineratiko garaian.
- Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin
Gehiago jakin
- Partaidetza: Baionako Euskal Museoa, Euskal kultur erakundea, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, EHMEB (Euskal Herriko Mendi Elkargoen Batasuna)
- Laguntzaileak: DRAC Akitania Berria eta Akitania Berriko eskualdea, Europako Batzordea (FEDER finantzaketak)
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Testua: Baionako Euskal Museoa I Argazkiak: Lorentxa Saragueta