Xebastian, herri baten ahotsa
2025.08.10
Antzerkia, kantua eta euskal dantzak uztartzen dituen "Xebastian mintza hadi!" antzezlana Xebastien Ihidoy-ri egin omenaldi bat da. Alabaina, hura izan zen herritarrak elkartu eta Armendaritzen euskarazko lehen antzezlana sortu zuena 1989an. Orduz geroztik, ohitura ez da galdu. Bideo labur baten bidez, Kanaldudek lan-saio baten ateak zabaltzen dizkigu. Guk, gure aldetik, errepika batera joateko parada izan dugu, eta emanaldiaren lehen zatiko irudi batzuk bildu ditugu.

Zer naturalagorik, Xebastien Ihidoy omentzea baino? Ofizioz arotza zen, eta 1989an, Armendaritzen, euskarazko lehen antzerkia sortu zuen. Pario ausarta izan zen, baina arrakastatsua suertatu zen, zeren eta urtez urte, hitzordu horiek herriko jendea biltzen segitzen dute oraino. Alabaina, 35 urtez jarraian, herriko haur eta helduek euskarazko antzerkia aurkeztu dute ikusleen aitzinean! 1994an, 34 urtetan zendu zen Xebastien-en barneko suak, euskara hutsezko antzerkia betiko piztu zuen!
Oroimen hortan oinarrituz, Dantzarinak elkarteak euskarazko antzerki taldeen loraldiaren lekuko izan zen 1990eko hamarkadan berriz murgildu nahi izan du, bai eta euskal kulturaren aberastasuna argitan eman ere. Gizon baten pasiotik abiatuz, ikusgarriak gure iragana eta oraina kondatuko dizue. Armendaritzetik mundu zabaleraino, herri hartako esperientzia guzientzat baliagarria baita.
Armendaritzen, 390 herritarrekin, dinamika handi bat sortu da. Euskal kantua betidanik entzun da hemen: elizan, herriko bestetan, edo antzerkiko atsedenaldietan haurrek kantatzen dutelarik. 2021etik goiti gainera, euskal dantzak irakasten dira herritarei. David Ondars-ek du antzerkia idatzi du. Ez zuen Xebastian Ihidoy ezagutu beraz idazkera aintzin, sekulako lana eraman du lekukotasunak biltzeko.
Horrela, herritar batzuek pentsatu dute: zergatik ez ikuskizun bat sortu antzerkia, kantua eta dantza batuko lituzkeena? Eta hara. 90 dantzari, 18 antzerkilari, 35 kantari, 5 musikari eta laguntzaile andana bat elkartu dira Xebastien omentzeko. Gainera, profesional batzuk ere parte hartzen dute proiektu kolektibo honetan. Abentura handi bat da, euskal balore eta ohiturak eguneratu eta biziarazi nahi dituena.
Kanaldudek egindako bideo labur honen bidez gehiago ezagutuko dugu.
Gehiago jakin
- Xebastian mintza hadi!: Agorrilaren 14an eta 17an
- "Xebastian mintza hadi! ikusgarria prestatzen" dokumentala - Kanaldude.eus
- Dantzarinak elkartea
Lorentxa Saragueta
Komunikazio arduraduna
Testua: Dantzarinak I Argazkiak: Lorentxa Saragueta I Bideoa: Kanaldude