Itzaletik: emazteak eta memorio kolektiboa

2026.04.24

"Itzaletik" sorkuntza koreografikoa proiektu kolektibo bat da, 18 eta 30 urte bitarteko Ezpela dantza taldeko gazteek gidatua. Proiektu honek, emazteek euskal kulturan izan duten eta gaur egun ere duten lekua ikertu eta balioan ezarri nahi du, bereziki jakintzen transmisioan eta dantza tradizionalen biziraupenean izan duten funtsezko rola azpimarratuz. Joan den apirilaren 18an Ezpeletan egin zen lehen emanaldiaren argazki batzuk eskaintzen dizkizuegu hemen.

Itzaletik: emazteak eta memorio kolektiboa
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

2024ko azaroaz geroz, parte-hartzaileak erregularki elkartzen dira, sorkuntza prozesu ireki eta dinamiko baten baitan. Helburua, euskal dantza tradizionalaren oinarriak eta eragin garaikideak uztartzen dituen pieza artistiko bat elkarrekin sortzea da. Bide horretan, gorputzaren bidezko adierazpena ikerketa tresna bihurtzen da, eta emazteen eta gizonen arteko harremanak, rolak eta botere dinamikak aztertzen dira ikuspegi kritiko eta sortzaile batetik.

CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Prozesua arrunt parte-hartzailea da: dantzari bakoitzak bere bizipenak, sentsibilitatea eta ideiak ekartzen ditu, eta horiek guziek elkar elikatzen dute sorkuntza kolektiboan. Aldi berean, lana ikuspegi inklusibo batetik lantzen da, gorputz, ibilbide eta adierazpen modu desberdinen aniztasuna aberastasun gisa ulertuz.

CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

Itzaletik emanaldiak, azkenean, espazio publikoan errotutako ikuskizun bizi eta hunkigarria sortzea du helburu. Lurra bera eszena bihurtzen da, eta aldi berean memoria kolektiboaren euskarri: iraganeko oihartzunak eta gaur egungo ahotsak elkartzen diren lekua. Bertan, dantzak ez du soilik estetika bat adierazten, baizik eta identitatearen, transmisioaren eta eraldaketaren inguruko galdera sakonak.

CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta
CC-BY-SA - EKE - Lorentxa Saragueta

  • Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin 

Gehiago jakin

Lorentxa Saragueta

Komunikazio arduraduna

lorentxa.saragueta@eke.eus

Testua: EKE I Argazkiak: Lorentxa Saragueta