Bertsolaritzaz zonbait behako eskaintzen dituen erakusketa

2026/01/11

Bertsolaritzaren munduan murgiltzera eramaten gaitu Euskal kultur erakundeak, Donibane Lohizuneko herriko etxearekin partaidetzan, osatu duen erakusketa multimediak. Urtarrilaren 21etik 31ra ikusgai izanen da Pavlovsky aretoan. Bertsolaritza ezagutzen ez dutenei ahozko arte honen ulertzeko zonbait gako eskainiko dizkie. Bertsozaleek, aldiz, lekukotasun eta artxibo-irudi arraroen ikusteko parada ukanen dute. Tradizio honi buruzko "Iparraldeko" behakoa proposatzen da batez ere erakusketan.

Bertsolaritzaz zonbait behako eskaintzen dituen erakusketa
Xilaba 2025 txapelketa, Hiriburuko saioa - Johaine Sarraillet Arrizabalaga bertsolariaren azken agurra © Johane Larre

Euskal kulturaren zutabea eta ahozko euskal literaturaren adar nagusienetariko bat da bertsolaritza.
Beste herrialde batzuetan desagertzear dagoen ohitura zahar honek Euskal Herrian harrigarriko garapena hartu du batez ere txapelketen sortzearekin XX. mendean, eta 1980. hamarkadatik transmisioa segurtatua izan delarik bertsu-eskolen bidez eta saio antolaketen sustatzearekin.

Erakusketan ikusgai diren edukiak

Erakusketa lau dorre multimediaz osatua da. Orotara bi oren inguru ikus-entzunezko pasarte/erreportaje ikusteko parada eskaintzen dute.

"What is bertsolaritza? - Zer da bertsolaritza?" (Urtea: 2019)
Bertsolaritza nazioartean ezagutzera emateko xedea duen ikus-entzunezkoa da "What is bertsolaritza?". Bertsolaritzaren testuingurua azaldu eta bere deskribapena egiteaz gain, bertsoaren sormen prozesua bera ere azaltzen du 20 minutuko ikus-entzunezkoak.
Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean ekoiztu zuten 2019an.

Ikuska 18 : Xabier Amuriza (Egilea: Antxon Ezeiza - Urtea: 1984)
1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean "Aita izena kanta beharrak" bertsoak nola asmatu zituen Xabier Amuriza (1941, Amorebieta-Etxano) txapeldunak erakusten digu hamar minutuko dokumental honek.
1980ko hamarkadan bertsolaritzaren arraberritzaile izan zenari omenaldi ederra.

Maite Barnetche kazetariaren artxiboetan
Maite Barnetche (1941-1986) 1970 urteetan euskarazko telebistaren aitzindari izan zen. FR3 frantses katean "Euskal Herria orai eta gero" emankizuna zuzendu eta aurkeztu zuen 1971tik 1986 arte.
Egiazko altxorrak daude Frantziako entzun-ikusen erakundearen jabegoan (INA) diren dokumentu horietan.
Bertsolaritza aipatzen dituzten hiru hautatu ditugu. Erakusketaren bisitatzeak balio du, horien ikusteko baizik ez bada ere!
Izan ere 1979-1981 urteetako Iparraldeko bertsolari ezagunak erakusten dituzte emankizun arraro horiek, Mattin (Mattin Treku - 1916-1981) eta Xanpun (Manuel Sein - 1928-2002) agerian emanak direlarik bereziki.

Eleketa, bertsolaritzaren Ipar Euskal Herriko ahozko memoria
2007. urteaz geroztik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obralaritzaren pean, Euskal kultur erakundeak "Eleketa" izeneko Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketa programa handi bat darama.
Bertsolaritzari buruzko 30 lekukotasun-zati hautatu ditugu gure datu-basean. Iparraldeko zonbait behako eskaintzen dizkigute.
Badihardugu elkarteak (Gipuzkoa) Ahotsak programaren baitan grabatu testigantzek osatzen dituzte.

Ukipen-pantaila baten bitartez kontsulta daitezke. Bost sail handitan sailkatuak dira:

  • Iparraldeko tradizioari zonbait behako
  • Bertsolarien bizipenak
  • Bertsolaritzaren eskolan
  • Bertsolaritzaren garapenak eta aldaketak
  • Antolatzaileak, epaileak eta gai-jartzaileak

Entzungai diren lekukotasunen artean:

  • Antolatzaile edo epaile lanetan aritu direnak: Beñat Soule (1947-), Pierre-Arnaud Idieder (1957-2020), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Mixel Itzaina (1933-2025), Émile Larre (1926-2015)
  • Bertsolariak: Txomin Ezponda (1937-), Jesus Arzallus (1954-), Sustrai Colina (1982-), Maddi Ane Txoperena (1994-), Michel Aire (1944-2025), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Odei Barroso (1988-), Alexandre Etcheberry (1931-2018)
  • Bertsolarien hurbilekoak: Petra Ibarra (1931-), Marie-Christina Oçafrain (1955), Anttonie Sein (1926-)

Azpimarratzekoa da Donibane Lohizune herriaren eta bertsolaritzaren arteko harremana aipatua dela zonbait pasartetan.
Aipa dezagun besteak beste Beñat Soulek egin aipamena Teodoro Hernandorenaren eraginaz bigarren munduko gerla eta gero Iparraldean, bertsolaritzaren suspertze lanetan (aho-artatzaile zen Donibane Lohizunen).
Hernandorenak lehen bertso saioa antolatu zuen 1946an, Maitena trinketean, orain duela abantzu 80 urte!

Xanpun (Manuel Sein, 1928-2002) Senperen sortu Donibane Lohizuneko bertsolaria aipatzen digu ere bere emaztea Anttoni Seinek.

Xilaba txapelketako finala gogoan…

Neurri handiko 9 argazkik Bertsularien lagunak elkarteak antolatu Xilaba 2025 xapelgoa dakarzkigute gogora. Baionako Etxepare lizeoko bertso eskolako Johane Larre-k egin argazki-erreportaje batetik datoz.
Begi kliska bat bezala Lapurdi, Baxenabarre eta Lapurdi elkartzen dituen xapelketari, honen finala Donibane Lohizuneko Jai-Alaian iraganen delarik 2026ko urtarrilaren 31n, 17:00etan.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)