Fryske Akademy, Iker laborategia eta EKEren artean elkarlana hasi da
Joan den astean, Fryske Akademyko delegazio bat Euskal Herrira etorri zen, lau eguneko lan bidaia batendako. Lan egun horien helburua, euskaraz eta frisoieraz ematen diren plaza antzerki herrikoien inguruan ikerketa proiektu konparatibo bat plantan jartzeari buruzko gogoetari hasiera ematea zen. Sohütako pastoraleko errepika ikusteaz gain, Korrikaren partitzea eta maskaraden ikustera joaiteko aukera izan zuten ere.
Martxoaren 17tik martxoaren 22ª arte, Ipar Herbehereetako Fryslân edo Frisia probintzian kokatua den Fryske Akademian lanean ari diren Hans Van de Velde, Nika Stefan eta André Looijenga ikerlariak errezibitu genituen Euskal kultur erakundean. Lurralde horretan frisiar hizkuntza mintzo dute eta plaza antzerki kultura azkarra dute.
Uztaritzen eta Maulen antolatu ziren lan saioetan lurralde bakoitzaren egoeraren hobeki ulertzeko (kontestu geografiko, politiko, ekonomiko eta linguistikoa) eta plaza antzerkien berezitasunen agerrarazteko aukera izan genuen. Larunbat arratsean, Sohütan prestatzen ari den pastoralaren errepika ikustera joan ginen denak elgarrekin.
Euskal kultura hobeki ezagutarazteko helburuarekin, beste bi ekimenetan parte hartzeko parada izan zuten Frisiarrek haien egonaldi denboran, EKEko langileek lagundurik: Korrikaren abiatzean parte hartu zuten Atharratzen eta maskaradak ikusi zituzten Larrainen.
Lehen topaketa horrek, kolaborazio interesgarri bati hastapena eman dio.
Gehiago jakin
- Fryske Akademy - Web
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)