Jean-Pierre Curutchet

Jean-Pierre Curutchet

Zatiak

"Euskaldun xoriak"

"Euskaldun xoriak" talde giristinoan ibilki ziren gazteek, han ikasi dute dantzatzen. Anbrox Franchisteguy-k "Euskal Xoriak" eko omonierrekin ikasi du dantza, baina baita ere Iholdiko dantza maisua zena Charles Franchisteguy-rekin. Fandangoa ere ikasteko aukera ukan du.

Jean-Pierre Curutchet - Anbrox Franchisteguy. "Eleketa" programa. 2012-2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV476, 823

Emazteen lekua euskal jendartean

Jean-Pierre Curutchet-ek dio emaztea Euskal Herriko zimendua dela, emaztearen lekua dantzan edozein izanik ere. Etxekoandreak du betidanik atxikia eta azkartua Euskal Herria eta euskal etxea. Gizonek eta emazteek ez dituzte leku berak. Haatik badakite beren lekuen hartzen emazteek ere. Besta-Berriz, Armendaritzen, neska batzuk sartzen hasiak dira, soldadoz beztitua eta hola. Lehenago, emazteek jostun lanak egiten zituzten. Bestalde, etxeetan ere, emazteak etxekoandre titulua ez du ustegabetarik, zeren eta atea pasatuz geroz, etxekoandrea baita etxe guziaren jaun eta jabe. Etxekoandreek, atxikia, salbatua, emendatua eta azkartua baitute Euskal Herria eta euskal etxea. Jean-Pierre Curutchet euskal etxeari atxikia zaio. Zeren eta etxea ez bada maite, ez da kartierra maitatzen ahal. Eta etxea eta kartierra ez badira maite, ez baita herria maitatzen ahal. Eta horiek hiruak ez badira maite, ez baita Euskal Herria maitatzen ahal. Zeta hariz josiak behar litezkeen gauzak dira. Eta zimendua zer da? Etxekoandrea da. Hark bere haurrak eta ingurukoak biltzen ditu eta hark azkartzen.

Jean-Pierre Curutchet. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV833

Besta-Berri : herrian, botere baieztapen bat

Pabillunketariak etxeko jaunak ziren, beti etxe berekoak. Horiek ziren bestalde Fabrikako jaunak, parropiako konduak baimentzen zituztenak. Iholdin eta Armendaritzen, Besta-Berriko elizkizunetan, herriko auzapeza eta kontseilariak galerietako leku berezi batean jartzen ziren, jauntegia deitua.

Jean-Pierre Curutchet. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV832

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Jean-Pierre Curutchet, 1937ko otsailaren 19an Heleta Iturburuan sortua, sei haurretarik zaharrena da. Lehen irakaskuntza Heletan segitu zuen, lehenik herriko seroren eskolan, 7 urte arte, eta gero mutikoen eskola publikoan. Ikasteko tirria guti zuela oharturik, burasoek Belokeko fraide beneditarren barnetegira igorri zuten (1948ko irailetik 1950eko ekainera). 1950ean herrira itzuli zen zertifikataren pasatzeko, eta laborantza ikasi zuen, hiru urtez (1951-1954), asteazken arratsalde guziz, herriko apezak eman kurtsoei esker. Jean-Pierrek 28 urte zituen haren aita supituki hil zelarik. Soldadugoa (1957-1959) egin eta, familiaren etxaldean plantatu zen, behin betiko.

Bere herrian, Jean-Pierrek antzerki talde bat sortu zuen. Dozena bat urtez, Telesforo de Monzonen eta Piarres Larzabalen antzerkiak eman zituzten. Gainera, hamar urtez, taula zuzendari izan zen, Baigorrin, Mongabure apezak galdeginik. Bere emaztea han ezagutu zuen eta 1968an ezkondu ziren. Hiru haurren aita da. Jean-Pierre Curutchet Euskaltzaleen Biltzarra elkarteko kide izan zen 1960tik 1990 arte.

Jean-Pierrek bere aitatxirekin, Elorria etxeko Piarres Iriarterekin, bai eta berak bakarrik ikasi zuen dantzan. Ttipi-ttipitik, Heletako Besta Berrin parte hartu izan du. Besta Berrin hainbat kargu izan ondoan, gaur egun zeremonia buruzagia da. Euskal kantu anitz ere ezagutzen ditu.