SOKA aplikazioa
Bilboko Azkue Fundazioak, "SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa ibiltariaren edukietan oinarritu euskarazko aplikazio ludikoa sortu du Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin. Publiko gazteari eta familiei begira pentsatua izan da. Maila desberdineko galdera-erantzun joko batek eta ohiko euskal dantzaren egutegi batek osatzen dute. Aplikazioa dohainik da.

Euskal dantzen inguruko edukiak modu didaktiko, atsegin eta dibertigarrian aurkeztu nahi izan dira eta horregatik aplikazioak bi atal ditu: euskal dantzen inguruko galdera-erantzunen jokoa eta Euskal Herri osoko dantza ekitaldien egutegia. Euskaraz garatuta dago aplikazioa eta doan eskuratu daiteke. Soka aplikazioaren bidez modu erraz eta atseginean euskal dantzari buruz gehiago ikas daiteke.
Hauek dira apliazioaren bi atalak:
- Alde batetik, euskal dantzen inguruko galdera-erantzunen jokoa. Jokoak lau maila ditu: Kautera, Bolanta, Aurreskularia eta Dantzamaisua. Erabiltzaileari euskal dantzen inguruko galderak aurkeztuko zaizkio eta erantzun zuzena zein den erabakitzeko lau aukera desberdin. Galdera bakoitzean eduki osagarria aurkituko du, irudi edo azalpenen bat. Zuzen erantzutako galdera bakoitzak puntu kopuru jakin bat lortuko du eta hauek gehituko dira, erabiltzaileen arteko sailkapen zerrenda osatuz. Edukiak "SOKA" erakusketa ibiltarirako sortutakoetan oinarrituak dira. Adin guztietara zuzendutako jokoa da, maila bakoitzean galderen zailtasuna handitzen delarik.
- Bestalde, aplikazioak Euskal Herri osoan zehar burutzen diren ohiko euskal dantza ekitaldi nagusien egutegia erakusten du. Lekua eta kokapen geografiko eta dataren arabera agertzen dira. Horrela, mapa batean bilatuta jakin ahal izango da egunero Euskal Herriko zein tokitan izango den euskal dantzarekin erlazionatutako ekitaldi, jai edo ospakizunen bat. Ekitaldi bakoitzaren inguruko informazioa eskaintzen da. Atal hau www.dantzan.eus webgunearen laguntzarekin osatu da.
Aplikazioa mugikor eta tabletetan erabilgarri da, Android eta iOS sistema eragiletan.
Gehiago jakin
- Prentsa-bilduma (PDF)
- "SOKA app" telekargatu Android sistema eragileentzako
- "SOKA app" IOS (Apple) sistema eragileentzako
Biarritzeko estreinalditik landa, 2015eko irailetik 2019ko udazkenera 20 toki desberdinetan erakutsi izan da SOKA. Ibilbide hortan 25.000 bisitarik preziatu ahal izan dituzte bere altxorrak.
SOKAn aurkeztuak ziren dokumentuen zerrenda (testuak, bideoak, irudiak, argazkiak...) osatu dugu. Katalogoa erakusketaren planoaren arabera antolatua da. Lau gai nagusitan banatua da. 400 dokumentu baino gehiago biltzen ditu.
Euskal kultur erakundeak galdeginik Radiokultura web-irratiko kazetariak eta Johan Morin argazkilaria Ipar Euskal Herriko sei dantza eskoletako erakasle eta ikasleen gana joan ziren 2015eko neguan. Bildutako lekukotasunak, irudiak eta soinuak, web-dokumental batean argitaratuak izan dira.