Sorkuntza eta tradizioa

Sorkuntza tradizioa biziberritzeko ohiko tresna da, ekoizten duen gizartearen aldaketetara egokitzen ez den tradizioa fosildu eta eten egiten baita. Maiz antagonikoki ulertu izan diren bi kontzeptu horiek batera ulertu eta jorratzen dituen dantza tradizionalaren joera bat indar handiz abiatu eta zabaldu zen euskal dantzaren alorrean 1965etik aurrera. Dantza tradizionalen erroak ikertu eta atonduta eta berrituta aurkezten hasi zen Argia dantzari taldea. Eredu berriak arrakasta handia izan zuen eta lan egiteko molde hori imitatu zuten euskal dantzaren alorreko talde gehienek.

Juan Antonio Urbeltzen Argia

Tokian tokiko tradizioak ikertu eta, fideltasuna eta distira uztartuz herrietako dantzak antzokietan taularatzeari ekin zion Argia taldeak 1965ean, ordurarteko dinamika irauliz. Horrekin batera tradizioaren egitura koreografikoak eta sistema sinbolikoak aintzat hartuta sorkuntza lanak bultzatu zituen, bildutako errepertorio tradizionala osatuz. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritza teoriko eta koreografikoak, Marian Arregiren gidaritza musikalak, eta jantzi, dantza eta musikan buru-belarri aritzeko prest zen lan-taldeak gorpuztu zuten Argiak dantzari ekarri zion iraultza. Herrialde eta gai zehatzen inguruan antolatutako ikuskizun monografikoen bidez, itzalean maiz, desagertzear askotan, eta zenbaitetan erabat galduta zeuden errepertorioak berpiztu eta zirkulazioan jarri zituen, Berrizko dantzari-dantza (1966) jatorrizko moldean eskainiz hasi eta Nafarroa (1970), Gipuzkoa (1972), Lapurdi (1974) eta Zuberoa (1978) herrialdeei buruzko dantza-programa monografikoek goitik behera aldatu zuten euskal dantzen argazkia. Argiaren akuiluak zuzpertuta, beste hainbat taldek jarraitu zioten bide honi.

1988an estreinatu zen Zortziko ikuskizunarekin mugarri bat ezarri zen euskal dantzaren historian. Tradizioa eta sorkuntza enbor bereko ezpal bezala aurkezteko gaitasuna erakutsi zuen Juan Antonio Urbeltzek. Ikerketa lan sistematikoan eta idatzizko ekarpen oparoan oinarrituta, kultura tradizionalean dantzak jokatutako rol sinbolikoak identifikatu eta metafora horiek eszenatoki berrietan biziaraziko dituzten dantzak eta dantza ikuskizunak sortzen jarraitu du azken hamarkadetan, Alakiketan (1991), Kondharian (1997), Pas de Basque (2002), Axeri-boda (2008), Jaurrietako emakumeen dantza berregitearen 40. urteurrena ospatuz Axuri Beltza (2009) eta Besta Berri (2012).