Margari Herran
                Zatiak
Haur errefuxiatuen ihesaldia itsasontziz Bilbotik Baionara (1937)
"Bilbotik atera zen azken itsasontzietarik batean kanporatu gintuzten, frankistek ordukotz Donostia hartua baitzuten. 11 urte nituen. Ramon Sotaren Goizeko Izarra yachtean ginen, zuri-zuria, zoragarria zen. Ontziaren bizkarrean ginen. Itsasontzi berean, Gorlizko sendategiko haurrak kabinetan ziren. Baionara heldu ginen eta antzokiaren aitzinean lehorreratu. Erizainek txertuak egin zizkiguten. Baionan zen euskal ordezkaritzako norbait jin zitzaigun eta hotel ttipi batzuetan barreiatu gintuzten.
Inès Larroulet, Margari Herran, Henriette Miral. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV321
Bilboko errefuxiatuak Kanbon: dantza talde baten sortzea (1937)
Kanbora heltzean 1937ko ekainean, errefuxiatuak libro zeuden apartamendu ttikietan kokatuak izan ziren. Haurrak berehala Sainte-Marie eskolara joan ziren. Uraldia elizako patronajean biltzen ziren emazteekin. Bilbon egiten zuten bezala, ama batzuk, horietan Margariren ama, hasi ziren dantza irakasten neskei, Jose Mari Ruiz-ek aldiz mutikoei. Hola sortu zen talde ttiki bat ikusgarri bat muntatu zuena Kanboko bestetan.
Inès Larroulet, Margari Herran, Henriette Miral. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV322
Gehiago jakin
Gehiago jakin
Margari Herran ere bizkaitarra da, 1926an Bilbon sortua. Haren aitak ardura handiak bazituen Eusko Jaurlaritzan. Ondorioz, 1937an, Margarik Ipar Euskal Herrira errefuxiatu gisa joan behar izan zuen eta, laster, Kanbon plantatu zen. (1940an, alemanak hara heltzean, kanboar baino errefuxiatu gehiago bazen Kanbon). Euskal errefuxiatu haur anitz izanik, patronaian dantza talde bat osatu zen, 1938 inguruan, eta Margari haren partaide izan zen. Talde hori doi bat desegin zen ondotik, bereziki errefuxiatuak etxera itzuli baitziren edo atzerrira joan. Margarik dantzatzen segitu zuen, hainbat aldiz (gerlaren ondotik, Donibane Garaziko Euskal Ezkontzan parte hartu zuen, orduan talde gisa antolatuak ziren Bordeleko euskal ikasle batzuk galdeginik - Michel Larroulet, Michel Labèguerie, Michel Inchauspé barne -). Gero Parisera joan zen, 1972 arte. Handik itzultzean, bere zerbitzuak proposatu zizkien Inès Larrouleti eta sortu berria zen Jeikadi taldeari. Bere amarekin, luzaz lagundu zuten jantzi egiten.
            
Biarritzeko estreinalditik landa, 2015eko irailetik 2019ko udazkenera 20 toki desberdinetan erakutsi izan da SOKA. Ibilbide hortan 25.000 bisitarik preziatu ahal izan dituzte bere altxorrak.
SOKAn aurkeztuak ziren dokumentuen zerrenda (testuak, bideoak, irudiak, argazkiak...) osatu dugu. Katalogoa erakusketaren planoaren arabera antolatua da. Lau gai nagusitan banatua da. 400 dokumentu baino gehiago biltzen ditu.
Euskal kultur erakundeak galdeginik Radiokultura web-irratiko kazetariak eta Johan Morin argazkilaria Ipar Euskal Herriko sei dantza eskoletako erakasle eta ikasleen gana joan ziren 2015eko neguan. Bildutako lekukotasunak, irudiak eta soinuak, web-dokumental batean argitaratuak izan dira.