Thierry Truffaut

Zatiak

Betti Bettelu eta Aurrera taldearen arraberritzea (1979)

Garai hartan, dantza taldeek kasik bakarrik udako turistentzat dantzatzen zuten. Dantza bere euskal nortasunaz deskonektatua ikusi zuen Thierry Truffaut-k. Taldeek ez zuten errepertorioen eta dantzen jatorrien ezagutza handirik. 1979ko maiatza-ekainean, Betti Betteluren ezagutza egin zuen: eskuzabaleko gizona, zuzena, itzulingururik gabekoa. Gaueko dantza klaseak ematen zituen, arraroa zen garai hartako. Harekin lehen Mutxiko eguna ezagutuko du: eguneroko jantziekin, dantzariak talde giro azkar batean ari. Begiratzen den dantza baten ordez, bizitzen den bat deskubrituko du. Elgarrekin, Aurrera Baionako Balichon elkartetxeko dantza taldearen arraberritzean lan egin zuten, Lapurdiko jauzien errepertorioa eta ihauteria berreskuratzeko.

Thierry Truffaut. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1545

"Tradizioa ez da urrats mota bat, elikatzen duen arima da, bihotza, badagonaren marka"

Horri gehitzen zaizkio, denbora jin denbora joan, eskuin-ezker bildutakoak eta bereiziak, egiazko funtsari lotuak baitira. Bereizketa hori euskal jendartearen kultura azkarraren seinalea da, ahozko transmisioaz aberastua. Thierry Truffaut-ri iduritzen zaio astakeri handia dela talde folklorikoek euskal dantzen ematea, betidanik hala balire bezala sinetsaraziz.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2015 - 19AV1554

Gehiago jakin

Biografia

Thierry Truffaut

Thierry Truffaut 1957ko ekainaren 8an sortua da, Baionan, Santespirituko familia gaskoi batean. Haur denbora Capbretonen iraganik, 1973an, Baionara joan zen, René Cassin lizeora.
1974an hasi zen Euskal Herriko historiaz eta ondareaz interesatzen. 1975etik 1977ra Frantziako Historiagile Gazteen kide izanik, Gure Kondaira sortu zuen, René Cassin lizeoan, 1975etik 1979ra, eta Lauburu eta Etniker iparralde elkarteetan sartu zen. 1976an, Baionako bisita gidatuak sortu zituen. Haren kontzientzia militantea garai hartan agertu zen eta Mende Berri mugimenduan sartu zen. Mugimendu horren helburua lizeoko eta unibertsitateko ikasleak euskalduntasunaz ohartaraztea zen. Thierry Truffautek baxoa 1977ko ekainean erdietsi zuen eta historiari eta kulturari buruz ikasten segitu zuen, Eugène Goyhenetche bezalako aditu batzuei esker. Harekin, Ibañeta batzordean ari izan zen. Honek Orreagako guduan euskaldunek erdietsi garaipenaren hamabigarren mendeburuaren antolatzeko eginkizuna zuen.

Urte batez Paueko Unibertsitatean egon ondoan, Baionako Balichon auzoaldeko Herritar Biziaren Etxean animatzaile gisa hasi zen, 1978ko irailean. Zentro hortan iragan zituen urteetan (1978-1981), Euskal Herriaren errealitateari buruzko sentsibilizazio lan handia burutu zuen, bereziki kulturari eta dantzari loturik.

1981eko hondarrean zentroa utzi eta, Betti Betelu bere dantza-maisuarekin, Lapurtarrak elkartea sortu zuten. Elkarte horren xedea, dantzaren irakaskuntzaren eta ikerketaren bidez, Lapurdiko ohitura dantzatuen berritzea zen. Funtsezko baliabide-gune bilakatu zen. Orduz geroz, ikerketa etnografikoaren alorrean ari da, bestarekin, Euskal Herriko inauteriekin, maskaradarekin, dantzarekin eta mitologiarekin loturik. Agerkariak, artikuluak eta erakusketak bere tokian tokiko inkesten emaitza aberatsen lekuko dira. Lapurdiko inaute ohiturei buruz hogeita hamar urtez herriz herri eraman inkestari esker, 1985ean Jose Migel Barandiaran ikasle laguntza irabazi zuen, etnologia sailean. Ikerketa hori osoki argitaratua izan zen (Vers un Inventaire des traditions carnavalesques et hivernales de la province du Labourd), 2011n.

Euskal Dantzarien Biltzarraren ohorezko lehendakari da, 1984tik 1987ra lehendakari izan ondoan.
Pariseko Zientzia Sozialetako Goi ikasketetako Eskolako diploma badu (EHESS), bai eta antropologia alorreko Ikasketa Aitzinatuen Agiria (DEA). Tolosa Okzitaniako Jean Jaurès Unibertsitateko Lurralde Jendarte Elkartasun Diziplina anitzeko Laborategiko (LISST) Antropologia Zentroko kide izanez, Thierry Truffaut aditu famatua da inauterien eta ohitura dantzatuen alorrean.

1984an ezkondurik, hiru semeren aita, Gers eskualdean bizi da, 1985az geroz, non Fondation Santé des Etudiants de France egituran lan egiten baitu, irakaskuntza arduradun gisa. Aire-sur-l'Adour hiriko Jean Sarrailh medikuntza eta pedagogia klinikako animazio zerbitzuko arduradun ere da.