Dantza espazioen arteko harremanen erregulazio tresna
Dantzak luzaz sinbolikoki kudeatu ditu espazioen arteko harremanak: etxea, auzoa, herria, ibarra, probintzia.
Dantzatzeko eskubidearen aitortzeak ohore egiten dio gomitatua den herriari. Ber-denboran protokoloak mugak non diren oroitarazten du. Iztuetak kondatzen du Gipuzkoako Goierriko auzapezek nola elgar gomitatzen zuten aldizka soka dantzaren eramateko. Iñaki Irigoienek azpimarratu du Bizkaian "erregela" dantzek irudikatzen zutela probintziako egitura instituzionala, elizate eta hiriaren arteko bereizketa bezala.
Baztanen, mutil dantzetan parte hartzea luzaz ikusia izan da auzoen komunitatearen parte hartzearen sinbolo kasik juridiko bezala. Jauziak herrien artean antxeretan ezartzen dira oraindik Zuberoako pastoralaren hondarrean. Usaia hori garai batez hedatua zen Biarnoan eta Nafarroa Beherean ere, bereziki feria egunetan.
Zuberoako maskaradan, barrikadek eta braliak ontsa irudikatzen dute gomitatzen duen eta gomitatua den herrien arteko harreman bikoitza, ohore eta desafioz josia.