Dantza-maisuen tradizioa
Dantza-maisuak, Maitres de danse edo Maestros de Danzar izenekin ezagutzen dira Berpizkundean eta Barrokoan gorteetako noble, jauntxo eta erret familiei dantzan irakasten zieten dantza irakasleak. Dantza-maisu horiek, dantzan irakasteko eredu sendo bat zerabilten, maisuetatik ikasleetara transmititua zena. Europa mendebaldeko gorte gehienetan izan ziren era honetako dantza-maisuak, eta XV, XVI eta XVII. mendeetan hainbat liburu idatzi zituzten dantzamaisu horiek beren dantza irakasteko azalpen eta metodo moduan. Domenico da Piacenza, Fabritio Caroso eta Cesare Negri italiarrak, Thoinot Arbeau frantsesa eta Juan Esquivel Navarro espainiarra aipa daitezke besteak beste. Beren dantza irakasmoldeak idatziz utzi zituztenei esker, dantzamaisuen sistema koreografiko eta pedagogikoa ezagutzeko aukera izan dute gaurko ikertzaileek.
Dantza-maisuen artean, eskola, garai eta korronteen araberako aldaerak zeuden, baina sistema nagusi baten aldaeratzat har daitezke gehienak. Sistema horretan hiru mailatan (urratsak, aldairak, dantzak) oinarritutako eredu pedagogikoa ohikoa izan zen. Horrez gain, dantzarako prestutasun eta gorputzaren kolokazioari dagozkion irizpideetan, eta baita hainbat urratsetan antzeman daiteke sistemaren eragina.