Basa eta hezia

Ohitura dantzatuen erranahia interpretazioaren lau haizetara irekia da.
Ihauteri eta kabalkada anitzek (Thierry Truffaut-k Lapurdin aztertu zituenak edo Antton Lukuk Nafarroa Beherean), pertsonai desberdinen arteko barne tentsio bat irudikatzen dute: bolantak eta zirtzilak, kaxkarotak eta maskak, jaun andere esposak eta hartza, gorrieria eta beltzeria, eta abar.
Bertze erritual batzuek, Antzuolako Moroaren alardea edo Zuberoako pastorala bezala, mauro edo turko eta girixtinoen arteko oposizio klasikoa dute antzezten. Kasu batzuetan, dantzari "ederren" buru bada pertsonai bikoitz bat, aitzindariarena bezainbat eroarena egiten duena (Bobo-a Otsagabian, Katximorroa Araban). Batzuek, antropologia klasikoa segituz, oposizio horietan ikusten dute negua eta primaderaren arteko liskarra.
Bertze batzuek klase irakurketa bat egiten dute, kategoria sozialen arteko harremanen antzezpena ikusiz.
Bertze irakurketa batek oposizio bikoitz horiek galdezkatzen ditu, azpimarratuz bitarteko pertsonai anitz badirela maskarada desberdin horietan.
Irakurketen aniztasunak, gisa batez, ohiturak iraunarazten ditu, bakoitzak nahi eta behar duena ikusten duelakotz.