Dantza eta generoa gaur

Gizartean oro har, politikan, lan-munduan, emakume eta gizonek eskubide eta aukerak berdintasunean izateko urratsak ematen ari dira azken hamarkadetan. Zenbait alorretan, dantza tradizionalean adibidez, beste eremu batzuetan baino motelago bermatzen ari dira emakumeen eskubideak. Tradizioaren aitzakian, dantzak zentralitatea hartzen duen eremuetan ohikoa da oraindik gizonezkoak nagusi izatea eta emakumea baztertzea.

Genero bakoitzak duen aktibitate maila eta protagonismoa konparatuz gero azaleratzen den kontraesana argia da. Parte hartzaile kopuruei erreparatuz gero, eta bereziki jarduera ludikoetan eta transmisiorari lotutakoei begiratuta, nabarmena da nagusi direla emakumeak. Baina dantzaren alorrean gutxiengoa izan arren, ikuskizun, erritual eta adierazpen sinbolikoetan gizonezkoek beren posizio hegemonikoari eusten diote, eta asko dira emakumerik onartzen ez duten tradizio koreografikoak.

Baina zerbait aldatzen ari da XXI. mendearen lehen zati honetan. Luzaroan gizonezkoek monopolizatu dituzten zenbait tradiziotan emakumeak hasi dira parte hartzen gizonezkoekin batera. Dantza gehienak generorik gabeko dantzak direla agerian jarri dute gizon-emakume horiek, eta erritualak osoago, ederrago eta justuago direla parekidetasunean egiten direnean.