Aldatu dira garaiak

Aldatu dira garaiak

Doinua: Arratsalde on eta muxu bat

1.

Etxe aurren geneukan pago
handiaren itzalpean
nere aitatxi kontu-kontari
oroitu dut bat-batean:
«etxeko lanak bukatu arte
nahiz-ta ez egon bakean
kristoren poza hartzen genuen
erromerira joatean,
pekatuaren beldurrez baina,
neska-laguntzak tartean.»
ai ! Ligatzea benetan zaila
zeukaten garai batean.

2.

«Erromerira joan ondoren,
mendiko auzo batera
mutilak lehian nork eramango
neska ederrak etxera
Muxuak gutti, kilometro lar,
gauetako ibilera
apezen beldur: «pekatua da»
a zer nolako galera !
Orduan izan baldin bagenu
gaur egun pentsakera
guk ez genuen hala galduko
izan genuen aukera.»

3.

«Trikitilari pandero-jole,
giroa jartzeko gisan
beti berdinak ibiltzen ziren
gaur hemen, bihar berriz han
halarik ere, begirunea,
kezka fedean, elizan
hargatik dantzan ezin zen egon
neska gazteen peskizan
Orduan dantza lotutarako
eskubiderik ez izan
eta elkarri begira dantza
sueltoan triste genbiltzan.»

4.

«Lagundu asmoz, baina batzutan
neskarik gabe egonda
gure betiko ohitura zer zen
adieraztea on da
tabernara joan, musean jardun
bertsotan guztion ondra
gu egarriak egoten ginen
horrenbeste itxaronda
neska-laguntza egin zutenei
izaten genien onda
baina, itzultzen zirenerako
ordaintzen zuten erronda.»

5.

Gu «emoistasu mosutxueka»,
rocka entzutean «guaiak»
sexua kantuz aipatzen dugu,
sexuaz hizketagaiak
balsa dantzatzen ikasi dugu,
topera bizitzen jaiak
urrun ditugu, pekatuaren
eta apezen usaiak
ordukoak nahiz eduki bere
kutsu eta erranahiak
denok dakigu ainitz aldatu
egin direla garaiak.