Azken tantoa

Azken tantoa

Doinua: Eguzkiak urtzen du goian/Martxa baten lehen notak (M.Lujanbio/M.Laboa)

1.

Famatu egin zara, maitea
azken urtetan barrena
pilota eskuz astintzen, antza
zu zarelako onena.
Jasoa duzu zalegoaren
lilura ta mirespena,
haur txikietan bihurtu zara
idolorik handiena...
Maitasunaren kantxan ordea
aldea da nabarmena
mutil baldar ta bihotzgabe bat
da benetan zu zarena. 
Hori dela-ta azaldu nahi dut 
barruan daukadan dena
sarri bizitza bera delako
partidarik gogorrena.

2.

Maitemin honek nigan askotan
sortu ohi duen zirrara
ezinbestean, zuri bihurtu
ei zaizu izu-ikara. 
Zu ikustera joaten banaiz
entrenamentuetara
lagunak gertu egonez gero
han bi ezezagun gara.
Nigandik guztiz aldentzen zara
iritsi orduko hara,
ni ikustezin bihurtzeraino
hantxe, bertatik bertara. 
Sake bat egin ohi duzunean
maiz gertatzen den gisara
amodioan nik "pasa" egin
ta zu "motz" gelditzen zara.

3.

Bada denbora pilota dela
zure bizitzan zutabe
bere alboan, bere altzoan
erabat eroso zaude.
Ezker hormaren eguneroko
diktaduraren mirabe
horma berdea egina zaigu
zure gogoaren jabe.
Entrenamentu baten ostean
etortzen zara indarge
maitasun hitzik helarazteko
batere gogorik gabe. 
Etxe berean lo egin arren, 
aurrez-aurre, parez pare
pareta batek banatzen gaitu
ta alde banatan gaude.

4.

Beotibarko partida hartan
finalaren egunean
negarrez hasi nintzen txapela
jantzi zizuten unean. 
Elkarbizitzan igarotako
momentuen izenean
kantxara jeitsi ta jarri nintzen
zerorren aldamenean. 
"Denak begira daude ta zoaz!"
han bota zenidanean
zerbait puskatzen somatu nuen
sakon, nire barrenean. 
Mundu honetan zeozer gaizki
egin dugu, aidanean
gezur handi bat egia baino
gehiago maite denean.

5.

Maitasuna ta minaren bidez
osatzen da maitemina
biak banatzen dituen marra
izatez, delako fina.
Zure desiren erabateko
nagusi egin bazina
maitasunaren partida hontan
jarriko zenuen grina. 
Kontrakantxako zurrumurruak
gogorrak dira, jakina
ta haiek zugan gailendu dira
ene mutil pinpirina!
Agian, gure istorio hau
zatekeen ezberdina
sexu bereko bi mutil gazte
maitemindu ez bagina.

ATXIKI

P.D: Bertso-sorta hau topatu zuen Beotibar pilotalekuko garbitzaileak aldageletan, final handi hura ospatu eta handik 2 hilabetera.