Mozkorren erreinua

Mozkorren erreinua

Tarata tara tara,
Tarata tara tara,
Buruko mina, barnea nahasia,
Eta soinu hori,
Begiak ideki, eguerdi,
Jeiki, bizkarreko mina,
Txiriri txiri txiri,
Txiriri txiri txiri
Bai, aulki baten gainean lo egitea ez da goxo, Baionako bestetan ere.
Ondoan bi mutil, arnoaren ubelak xuri gorri garbiari gaina hartu dako.
Ni ez naiz xuri gorriz jantzita. Baina bai nik ere edan dudala. Ahoko kiratsak orroitarazten dit. Garagardo merkeak eta bestazaleek eskaini kalimutxoak edaten egon naiz. Karrikara erori nintzanean ikasi nuen lehen gauza: kalimutxoa. Arno txarra gozatzen du kolak.
Txaranga horiek gorroto ditut, aire alaiegiak. Gauaz beden ez dira entzuten. Folklorea peko errekara doa gauaz, Lady Gaga eta Rihannaren erreinua da gaua, mundu guzian.
« Hegoak ebaki banizkiooooooooooo… »
Beti kantu bera egunaz… Hiru egun hemen naizela eta egunaz horrek ditu Euskaldunen plazatik San Andres plazara karrika guziak kutsatzen.
Eguerdi terdiak, jadanik ari dira gazteak andalan mandalan ibiltzen. Ubelaren eta xurigorriaren guda orai hasten da.
Tira, erosketen tenorea heldu da. Garagardoa erostera. 1,07 eurokoa, merkeena. Markak ez ditut ezagutzene prezioak baizik, 1,07e, 1,34e eta sekulan jastatu dudan hoberena 1,99.
Klisk, glu glu glu glu
Lan eguna hastera doa,
Klisk, glu glu glu glu,
Tiri tara tira tara,
Txaranga ondoetara, noa eskearen egitera,
Klisk, glu glu glu glu
Baionako besten apeza ni naiz, basoberria ene kalitza, garagardoa ene arnoa.
Kristoina gaur ere berpiztuko da. Bihar denak ariko dira berriz Kristoina bildu dutela.
Mozkorzaleen erreinuan mozkorra errege, eta pobrea mozkor, denak bezala.