Bezperakoak

Bezperakoak

Behe laino bezala etxeko zirrikitu denetan sartua zen erromeria doinua.

- Zu, maitemindua ezkondu zinen?

- Baina! Baina!– erantzun zion ahozabal, iraindua sentituz, bere ahots erdi hautsiarekin amonak Leireri. “Ume mukizu hauek, bart jaio eta mundua deskubritu dutela uste dute” gehitu zuen hortz artean. “Baratxuri zopa aspaldi asmatu zela, haurra!” erantsi zion zapuztuta, ozen. Eta Leireri ezer esateko betarik gabe, tirriki-tarraka alde egin zuen, “ai, hauek ez baitakite nor garen… bezperan etorrita!” purrustaka bota bitartean.

Leire lotsatua zegoen. Eta haserre! Ez zuen amona iraindu nahi izan. Lehen maitemintze sentsazio zipriztinetan konfiantza eske zetorkion.

-No!– esan zion besoa luzatuz kopetilun amonak.

-Zer da?

-Eskuz idatzitako gutuna! Ez duzu ikusten?

Puf! Amona ez zegoen umoreko. Petral zegoen. Leirek gogo txarrez hartu zuen eskutitza, amonaren mutur beltza eta pazientzia eza ezin gaineratu. Amonak alde egin zuen. “Hori behar nuen gainera! Ba ez dut irakurriko!”. Zerbaitek erakarri zuen grinatsu bat batean ordea eta irakurri behar zuela esan zion bihozkada batek. Bi eskuekin maitekiro hartu eta eseri egin zen. “Emostasu muxutxue”, kalean ozen.

“Ezkontza-bezpera gauean idatzi nahi dizut, Filker. Nire bihotza hustu soltera izango naizen azken gauean, bakarrik azkenekoz oheratuko naizen honetan”. Uau! Amonak aitonari idatzitakoa zen. Haien intimitatean sartu ahala, zirrara nabaritu zuen bilobak. “Bereziki, ni zaintzen nauzun erak, eta nigatik -eta zugatik!- egitekoa zaren apustuak nau txoratzen – erromeria abestiaz oroitzen? Nik ere hori nahi dut, zurekin”

Une sakratua hura… “Elkar ulertzen asmatuko dugun urduri naiz, Filker. Zu ezagutu izana da niretzat munduan betegarriena... eta harrigarriena. Zure ile beltzak bereganatu ninduen eta barru-barrutik berotu.” Gorputzak salto egin zion Leireri. Amonaren kitzikapena larruazalean sumatu eta inpresioa sortu zion. “Elkar ikusi eta erakarri. Urratsez urrats, gaur den bezpera arte eta areago. Tartean gauza asko. Gaur eta betiko, aitortu nahi dizut: zu nahi zaitudala nirekin eta nik nahi dudala zurekin. Maite zaitut eta zure alde egin nahi dut apustu. Bihar, etzi...Gorabeherak gorabehera… egunero eta beti”. Hunkitua zegoen Leire. Bihotzera eraman zuen eskutitza. Denbora eman zuen honela, emozioak dastatuz. Berak ere Mikelekin hori nahiko luke.

- Amona, barkatu! – xuxurlatu zion gutxira eta amonak ilea laztandu zion, kopetatik garondora. “Zaude isilik, haurra. Maitemintzeak bere denbora behar du”.