Elgarrekin izaitea: hori da neretzat euskal dantzaren funtsa

Elgarrekin izaitea: hori da neretzat euskal dantzaren funtsa
  • Mizel Théret

Mizel Théret-rentzat euskal dantza da elgarrekin izaiteko manera bat... Mutil dantza batean edo mutxiko batean parte hartzean, kohesio bat senditzen du eta gizarteak kohesio hori behar duela dio. Euskal dantzak ematen du elgarrekin zerbaiten partikatzeko parada: borobil bat, erritmo bat, arnas bera, urrats bera, musika baten gainean, batak bestea bere ondoan senditzen duela.

Euskal dantza definitzen duen "elgar izaite" hori ez da espektakularra baizik eta norberak barnetik senditzen duen zerbait.

Aipatzen du gazte zenean Hazparnera etorri zen Berriz-ko dantza talde batek pertsonalki azkarki hunkitu zuela: denak xaharrak ziren, alta Bizkaiko dantzak eman zituzten, balentriarik gabe. Bizkaitar horiei esker, konturatu zen euskal dantzaren zinezko funtsaz.

Gaur egun praktikatzen duen dantza garaikidearen bidez, Mizel Théret-k ez du bere trebetasuna erakutsi nahi, baizik eta bere jendetasuna.

Beretzat dantza da mugimendua, espazioa eta denboraren arteko ezkontza bat, gorputzaren bidez adierazten dena. Dantza klasikoan, dena eszenatokiaren erdian pasatzen da. Dantza garaikidean aldiz, zentroa nonahi izan daiteke eta espazioetaz jabetzeko joko hori asko gustatzen zaio.

Musikak ere badu bere inportantzia. Euskal dantzan, nota bat urrats bati lotua da. Dantza garaikidean, musikarekin harremanetan sartzeko ainitz aukera badira: horien guzien esperimentatzea da dantza.

Azkenik dio dantza dela ere munduarekin harremanetan izaiteko manera bat.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2015 - 19AV1585-1586

Mota
video
Informazio gehiago