Baigorriko kulturaldiak 30 urte !

2009/04/13

Bere 30. urtebetetze kari, Baigorriko kulturaldiak Nafarroaren kultura eta hizkuntza batasuna ospatzen du. Besteak beste, kantaldi erraldoia eta eztabaidak izanen dira egitarauan, apirilaren 26ko "Nafarroaren Eguna" ahantzi gabe noski.

Baigorriko kulturaldiak 30 urte !

Basaizea elkartearen 30. urtemuga

1979an sortu zenetik, Baigorriko Basaizea elkartea izan da Euskal Herri barnekaldeko kultura gertakari nagusienetarik bat den "Baigorriko kulturaldia"-ren bultzatzailea.

Maitxu Juantorenak egin 2009ko Kulturaldiaren afitxa

100 kide baino gehiagorekin, urte guzian, Basaizea Baigorri aldeko kultura animazioan ari da, tokiko elkarte dinamikan oinarrituz eta lehentasuna emanez euskarazko edo euskal kulturarekin zerikusia duten ekimenei (dantza, antzerkia, bertsolaritza, musika...).

Baigorriko kultura hilabetea animazio lan horren unerik garrantzitsuena da eta "Nafarroaren Eguna" Nafarroako mugetatik askoz urrunago famatua den hitzordu nagusia !

Kantuaren eta musikaren inguruko bi hitzordu nagusi

"Nafarroari" kantaldiaren afitxa (Egilea: Matias Aguerre)

"Nafarroari" kantaldia 2009ko Kulturaldiko gertakari nagusienetan kokatzen da. Nafartar kantari eta musikari andana bat bilduko ditu apirilaren 19an, Elizondon.

Besteak beste, arituko dira : Aire Ahizpak, Amaia Riouspeyrous, Petti, Erramun Marticorena, Eñaut Etxamendi edo Kantiruki taldea.

Peio Jorajuria-ren olerkiak ere hor izanen dira, artista desberdinen arteko loturen egiteko.

Bestalde, musika ohoretan izanen da ere Baigorrin, apirilaren 25ean "Betiko doinuen haritik" kontzertuarekin ; ganbara orkestra, gaita eta euskal kantuak nahasten dituen ikusgarri horren emanaldi bakarri izanen da. Parte hartzen duten taldeak : Eltzegor, Et Incarnatus eta Baigorriko gaiteroak.

Nafartar nortasunari buruzko eztabaida

Gaizka Aranguren, nafartar nortasunari buruzko eztabaidaren parte hartzaileetarik bat.

Basaizeak apaindu egitarauan, tokiko nortasunari buruzko gogoetaldiak badira ere. "Nortasuna eta identite politikoa nafar eremuetan, mendeetan zehar ", hori da apirilaren 18an Bidarrain jorratuko den gaia Roldan Jimeno, Gaizka Aranguren eta Felipe Bidart jaunen gogoetatik abiatuz.

Eztabaidan, nafartar nortasunaren sortzea eta garapena aipatuko dira, lau garai historikoen bitartez, erdi-aro garaitik gaurregun arte.

Nafarroaren eguna

Usaian bezala, "Nafarroaren Egunak" amaiera emanen dio Baigorriko kulturaldiari. Ospakizunak apirilaren 26an hasiko dira 11:00etan (gaiteroak eta beste musikariak karrikaz-karrika, ziganteen eta joaldunen desfilea...) eta ilundu arte iraunen dute. 1978tik honera ospatzen den ezinbesteko hitzordua.

Xehetasunak :

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)