Ipar Euskal Herriko ahozko ondarearen kontsultagunea

Ondare datubase batzuen kontsultatzeko parada erraztu nahiz, 2018ko urte bukaeran Euskal kultur erakundeak Euskal Herriko kultura ondare immaterialaren inguruko ikus-entzunezko eta soinu fondo ezberdinen kontsultagune bat ireki du bere Uztaritzeko egoitzan. Kontsultagune horri esker, hitzordua hartuz, bisitariak EKE-ren edota erakunde nahiz elkarte partaideek utzi bildumak kontsulta ditzake.
Ipar Euskal Herriko ahozko ondarearen kontsultagunea
© Euskal kultur erakundea

Euskal Herriko kultura ondare immaterialari buruzko fondo ezberdinen kontsultagunea

Instituzio eta elkarte eragile ezberdinekin ehundu partaidetza batzuen karietara, bere Uztaritzeko egoitzan, Euskal kultur erakundeak Euskal Herriko kultura ondare immaterialari buruzko hainbat soinu eta ikus-entzunezko fondoren kopia numerikoak badauzka. Anitzetan, fondo horien hedatzeko baldintzak ez dira betetzen horien sarean zabaltzeko. Aldiz, toki berean ikus daitezke.

Euskal kulturari buruzko datubaseak eskuragarriagoak izan daitezen, baina ere gure kulturaren erabilera ezberdinen sustatzeko, EKE-k kontsultagune berezi bat estreinatu du 2018ko urrian. EKE-k dituen ikus-entzunezko eta soinu bildumen kopien katalogo orokor bat egina izan da eta Mintzoak.eus atarian sarean ezarria. Horrela, bilduma horiek kontsultatu nahi dituzten pertsonek eduki interesgarriak begiztatzen ahal dituzte, hitzordua hartu aitzin.

Kontsultagune hori antolatuz, EKE-ren helburua zera da:

  • Publiko zabalari, ikerlariei eta kultura eragileei kultura ondare immaterialari buruzko soinu eta ikus-entzunezko fondo horien kontsultatzeko parada eskaintzea, hitzordua hartuz;
  • Gune hori ikerketa zientifikoari eta sorkuntza artistikoari egokitu lan eta ikerketa eremu bilakaraztea, kultura gune partekatu horien izpirituan.

Partaidea nagusiak:

  • Pirinio Atlantikoetako departamenduaren Artxibotegia
  • Badihardugu elkartea
  • Ikus-Entzunezkoaren Erakunde Nazionala (INA - Pirinio-Tolosako ordezkaritza)
  • Berlingo Etnologia Museoa (Phonogramm-Archiv)
  • Berlingo Humboldt Unibertsitatea (Lautarchiv)

Gehiago jakin