Euskara, gure hizkuntza
Euskal Herriaren berezitasun ohargarriena gure hizkuntza da, euskara.
Gaur egun, 750 000 hiztun aktibo zenbatzen dira Euskal Herrian; ezbaian biztanleen %28a euskaraduna da (ikus ere 2016ko inkesta soziolinguistikaren emaitzak).
Irakaskuntza hizkuntza
Egoera kezkagarria izan arren, euskararen berreskuratzeko indar haundiak eginak dira, eta beste Europako erkidegoetan bezala, elebitasuna azkartuz doa. Euskara irakaskuntza hizkuntza da.
2017-2018 eskola urtean bildu ziren datuen arabera, Ipar Euskal Herrian, lehen mailako ikastetxeetarik %66k irakaskuntza elebiduna proposatzen dute eta ama eskolako ikasleetarik %45 eta lehen mailako %39 elebidun edo murgiltze ikasbideetan eskolatuak dira.
Xehetasun gehiagorentzat ikus Euskararen Erakunde Publikoak 2019an argitaratu txostena (PDF).
Komunikazio hizkuntza
Euskara ez da bakarrik familiako intimitatearen hizkuntza. Irakaskuntzan, prentsan, entzun-ikusezkoetan, eta internet sareetan uhinkatzen da.
Kultura adierazpen berritzaileek egunero aberasten dute, eta ahozko literatura bera bizi- bizian dago, kantuaren, antzerkiaren edo ipuien bitartez. Nolaz ez aipa bertsularitzaren arte paregabea, eta honek jendeengan dakarren tirria, belaunaldi guziek gozatzen dutelarik nasaiki.
Hizkuntza bat, mundu bat

Iparraldeko ahozko memoria
Mintzoak.eus Euskal kultur erakundeak sortu eta kudeatu plataforma numeriko bat da, EKE-k berak edo Euskal Herriko beste eragile batzuek bildu soinu edo ikus-entzunezko lekukotasunen hedapena errazteko asmoz. Gehien-gehienak euskaraz bilduak izan dira.

Euskarari buruzko lekukotasunak
Euskarari buruzko iritzi eta lekukotasun frango sailkaturik atxematen ahal dira www.mintzoak.eus atarian (grabaketak eta zatiak). Pertsona desberdinek euskararekin dituzten bizipenak eta loturak azaltzen dituzte: ikuspunduak, esperientziak, oroitzapenak, gogoetak...