Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iparraldeko ihauteriak UNESCO-ren Gizateriaren Ondare izateko urratsa

Iparraldeko ihauteriak UNESCO-ren Gizateriaren Ondare izateko urratsa

2011/06/12

Ekainaren 18an, larunbatez, elkarte eta instituzio desberdinetako ordezkariak bilduko dira Uztaritzen, Ipar Euskal Herriko ihauterietako ohiturak UNESCO-ren kultur ondare immateriala zerrendan sartzeko proiektua dela eta. Karia hortara Jean-Michel Guilcher ikerlari famatua ohoratuko dute ere.

Herri Soinu, Iparraldeko Euskal Dantzarien Biltzarra, Euskal kultur erakundea, Lapurtarrak taldea eta CMDTA Federazioa dira egun berezi horren antolatzaileak eta UNESCO-ren zerrendan Iparraldeko euskal ihauteriak sarrarazteko egitasmoaren bultzatzaileak.

Eguna bera bi zatitan iraganen da. Lehenik mahai-inguru bat izanen da Lapurdi gelan, ondoko partaide hauekin :

  • Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendaria ;
  • Pierre-Olivier Laulanné, FAMDT frantziako musika eta dantza tradizionalen elkarteen federazioko burua ;
  • Monique Alfonsi eta Alain Bitton Andreotti, Tutti in Piazza elkarteko kideak Cantu In Paghjella izeneko Korsikako kantu bereziaren kasua aipatuko dutenak (2009.an UNESCO erakundeak babestua, egoera larrian zelako ;
  • Xabier Itçaina, Bordeleko CNRS-eko ikerlaria eta Thierry Truffaut, etnologoa, biak Iparraldeko ihauterietako adituak.

Ondotik Jean-Michel Guilcher etnologo famatuari omenaldia eskainiko zaio. Bere lan sakonari esker Iparraldean ihauterietako ohiturak berpiztu ziren, Lapurdin bereziki. Eguerditik goiti ikerlari ezagunak aztertu zituen hainbat dantza emanen dituzte tokiko dantza taldeek, Bilguneko pilota plazan.

Xehetasunak :

Artikuluaren argazkia: Thierry Truffaut