Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mickaël Vivier-ek eskuratu du 2015eko Itzal aktiboa saria

Mickaël Vivier-ek eskuratu du 2015eko Itzal aktiboa saria

2015/10/01

Baionako Mickaël Vivier artista hautatua izan da Itzal Aktiboak antolatzen duen GazteArtea, sorkuntza garaikidearen saridun bezala. 2000 euroko dirulaguntza honek, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen 40 urtez petikako artista gazte bat sariztatzea du helburu. Denetan, 34 hautagai aurkeztu ziren Itzal Aktiboa elkarteak Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin antolatu lehiaketa honetarako.

 Lehiaketa honentzat, Mickaël Vivier-ek Histoire naturelle-Natura historia izeneko instalazioa aurkeztu du. Angeluko Amodioaren logela -Chambre d'Amour-eko harpearen leienda abiapundu hartuz, historia bat kondatu du, marrazkiak, eskultura eta bideoa bateratuz. Instalazioa azaroaren 1a arte ikusgai da Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian, lehiaketako beste lau azken irabazleen obrekin.

Amodioaren logela-ren leiendak bi amorosen zorte tragikoa aipatzen du, hauek hondartza bazterreko harpe batean, urak bereganatu zituelarik betirako. Artistak gertakari hau egitasmo artistiko baten bitartez irudikatu du. Horretarako, baliabide teknologiko eta artistiko ezberdinak erabili ditu, hala nola bideoa, argi proiektorea, grafitozko marrazkiak objektu naturalezko paper gainean, bai eta ere zohikatzezko eskulturak, zimenta eta egur zutabez zeharkatuak.

Epaimahaiko lehendakari bezala, Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendariak azpimarratu du ohiko kondaira horren berridaztea era garaikidean, organikoa mineralarekin nahasiz eta aurkeztu obran nola erreferentzia biologiko, geologiko, hala kulturalak parekatuz.

Joan den urriaren 2ko aurkezpenean, Mickaël Vivier-ek aipatu du leiendak daukan erromantismoaren eta gaurko errealitatearen arteko kontrastea, jakinez harpearen sargia beti hor dagoela, Angeluko "Sables d'Or" deitu hondartzaren aparkaleku baten gibelean. "Gaur sartzen bagara harpe horretan, lur gainean marraztuak dira bihotzak, izenak...badira ere plastikozko edalontzi lehertuak, garagardo botilañoak, zigarreta muturrak, preserbagailu erabiliak, etabar. Mito erromantiko horren eta gaurkoaren arteko gainposizio horretarik sortu ditut instalazio honen sorkuntza ezberdinak" dio artistak.

Mickaël Vivier Baionan sortu da, 1983an. Ikasketak Angoulême-ko École Européenne Supérieure de l’Image eskolan eta Poitierseko unibertsitatean egin ditu. Hainbat urtez Pariseko Palais de Tokyo erakustokian lan egin ondoan, arte numerikoa eta bideo artea irakasten ditu, Euskal Kostalde – Aturri hiriguneko Arte Eskolan.

Bigarren saria aldiz, María Jiménez Moreno nafartarrak lortu du, Lanzarote ugarteko Ana Piñel, Nautilus hoteleko zuzendariak eman diolarik, egonaldi artistiko baten egiteko parada ondoko hilabeteetan.

Bestalde, Donibane Garaziko Herriko Etxeak arte liburu bat eskaini die beste parte hartzaile guziei.

Pantxoa Etchegoin buru zuen epaimahaiak ondoko kideak zituen : Juanma Arriaga, Donostiako Kur Galeriaren zuzendaria ; Celia Eslava, plastikaria ; François Loustau, arte garaikide erakusketen komisarioa ; Javier Manzanos, Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikide Zentroko zuzendaria ; Iñaki Olazabal, zizelkaria ; eta Elke Roloff, kultura garapenaren arduraduna CPIE Euskal Bazterra zentroan.   

Xehetasunak