Mugarik gabeko bertsulariak

2009/04/19

2008an, Xabi eta Fredi Paia eta Maialen Lujanbio bertsulariak Hego Ameriketako inprobisatzaile batzuekin aritu ziren, hala nola Brasilen, Argentinan eta Uruguaien, trukaketa baten karietara. Esperientzia aberasgarri horren aipamena eginen dute apirilaren 23an, Uztaritzen.

Mugarik gabeko bertsulariak

Payadoreak eta bertsulariak

Hego Ameriketako "payada"-ren arteak (gaztelerazko inprobisaketa kantatua, errimekin eta gitarraz lagundua) antza handia dauka Euskal Herriko bertsularitzarekin. Inprobisaketa zaleek 2003an ezagutu ahal izan zuten Donostian antolatu ahozko inprobisaketaren kultura arteko topaketen karietara eta berrikiago, Wilson Saliwoncyk Argentinako payadorea Getxon izan zelarik 2007ko ekainean, orduan, bertsu saio batean parte hartu baitzuen Xabi eta Fredi Paia bertsulariekin.

Hortik sortu zen euskal bertsulariek Hego Ameriketan gaindi bira bat egitearen ideia, alde batetik bertsularitza Atlantikoz bestaldera ezagutzera emateko asmoz eta bestetik, "hitzaren artisten" arteko loturen azkartzeko, hizkuntzaren mugen gainetik.

Paia anaien eta Wilson Saliwonczyk-en arteko bertsu saio baten zatia (2007ko ekaina)

Inprobisaketa eta kultura artekotasuna

Maialen Lujanbio bertsularia ere Paia anaiekin izan zen bertsuen eskaintzeko Argentinatik Uruguaira, Brasiletik iraganez.

Gure hiru bertsulariak Montevideoko bertsu saioan - 2008ko martxoa (Iturria : www.euskalkultura.com)

Bestalde, XXI. mendeko euskal kulturaren enbaxadore lan bat egin dute ere, Euskal kultur erakundeak utzi hizkuntza desberdinetako material didaktikoa erabiliz (Euskal Herriari, euskal kantugintzari etabarri buruzko programa interaktiboak...).

Beren bira 2008ko martxoaren 29an bukatu zen Montevideon (Uruguai), hor zeuden bertsulari brasildarren, uruguaiarren eta argentinarren erritmoari bikain egokituz, Paia anaiek, euskaraz nahiz gazteleraz inprobisatu zuten bertsu saio gogoangarri batekin.

Bideo-dokumental bat lekukotasun bezala

Euskal kultur erakundea-k eta Lanku-k gomitaturik, Paia anaiek beren esperientzia lehen aldikotz aipatuko dute Uztaritzen, apirilaren 23an, 18:00etan (Lapurdi gela), lehen partean, bira horren inguruan egin dokumental bat erakutsia izanen delarik.

Munduko inprobisaketa mota desberdinen egoeraz gogoetatzeko parada izanen da ere.

Xehetasunak :

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)