Bertsolaritza - Zonbait behako

Bertsolaritza - Zonbait behako
Xilaba 2025 txapelketako saio bat - Aitor Servier & Maddi Ane Txoperena bertsolariak © Johane Larre

Bertsolaritzaren munduan murgiltzera eramaten gaitu erakusketa honek. Euskal kultur erakundeak ekoiztu du. Bertsolaritza ezagutzen ez dutenei ahozko arte honen ulertzeko zonbait gako eskainiko dizkie. Bertsozaleek, aldiz, lekukotasun eta artxibo-irudi arraroen ikusteko parada ukanen dute.
Tradizio honi buruzko "Iparraldeko" behakoa proposatzen da batez ere erakusketan.

Erakusketan ikusgai diren edukiak

Erakusketa lau dorre multimediaz osatua da. Orotara bi oren inguru ikus-entzunezko pasarte/erreportaje ikusteko parada eskaintzen dute.

"What is bertsolaritza? - Zer da bertsolaritza?" (Urtea: 2019)
Bertsolaritza nazioartean ezagutzera emateko xedea duen ikus-entzunezkoa da "What is bertsolaritza?". Bertsolaritzaren testuingurua azaldu eta bere deskribapena egiteaz gain, bertsoaren sormen prozesua bera ere azaltzen du 20 minutuko ikus-entzunezkoak.
Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean ekoiztu zuten 2019an.

Ikuska 18 : Xabier Amuriza (Egilea: Antxon Ezeiza - Urtea: 1984)
1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean "Aita izena kanta beharrak" bertsoak nola asmatu zituen Xabier Amuriza (1941, Amorebieta-Etxano) txapeldunak erakusten digu hamar minutuko dokumental honek.
1980ko hamarkadan bertsolaritzaren arraberritzaile izan zenari omenaldi ederra.

Maite Barnetche kazetariaren artxiboetan
Maite Barnetche (1941-1986) 1970 urteetan euskarazko telebistaren aitzindari izan zen. FR3 frantses katean "Euskal Herria orai eta gero" emankizuna zuzendu eta aurkeztu zuen 1971tik 1986 arte.
Egiazko altxorrak daude Frantziako entzun-ikusen erakundearen jabegoan (INA) diren dokumentu horietan.
Bertsolaritza eta Zuberoa aipatzen dituen emankizun bat hautatu dugu. Erakusketaren bisitatzeak balio du, horren ikusteko baizik ez bada ere!
"Etxahun Irurikoa" (1977) izenburua duen emankizun honek Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri olerkari, musikari, bertsolari eta kantu zein pastoral egilea aurkezten digu. Basabürüko bazterrak inspirazio iturburu dituela azpimarratzen du. Idatzi dituen pastoralak ere aipatzen ditu. Ikus daiteke txistua jotzen eta Allandu semearekin "Lo hadi aingürüa" kantatzen.

Eleketa, bertsolaritzaren Ipar Euskal Herriko ahozko memoria
2007. urteaz geroztik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obralaritzaren pean, Euskal kultur erakundeak "Eleketa" izeneko Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketa programa handi bat darama.
Bertsolaritzari buruzko 30 bat lekukotasun-zati hautatu ditugu gure datu-basean. Iparraldeko zonbait behako eskaintzen dizkigute.
Badihardugu elkarteak (Gipuzkoa) Ahotsak programaren baitan grabatu testigantzek osatzen dituzte.

Ukipen-pantaila baten bitartez kontsulta daitezke. Bost sail handitan sailkatuak dira:

  • Iparraldeko tradizioari zonbait behako
  • Bertsolarien bizipenak
  • Bertsolaritzaren eskolan
  • Bertsolaritzaren garapenak eta aldaketak
  • Antolatzaileak, epaileak eta gai-jartzaileak

Entzungai diren lekukotasunen artean:

  • Antolatzaile edo epaile lanetan aritu direnak: Beñat Soule (1947-), Pierre-Arnaud Idieder (1957-2020), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Mixel Itzaina (1933-2025), Émile Larre (1926-2015)
  • Bertsolariak: Txomin Ezponda (1937-), Jesus Arzallus (1954-), Sustrai Colina (1982-), Maddi Ane Txoperena (1994-), Michel Aire (1944-2025), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Odei Barroso (1988-), Alexandre Etcheberry (1931-2018)
  • Bertsolarien hurbilekoak: Petra Ibarra (1931-), Marie-Christina Oçafrain (1955), Anttonie Sein (1926-), Allandu Bordazarre (1936-)

Xilaba txapelketako finala gogoan…

Neurri handiko 10 argazkik Bertsularien lagunak elkarteak antolatu Xilaba 2025 txapelgoa dakarzkigute gogora. Baionako Etxepare lizeoko bertso eskolako Johane Larre-k egin argazki-erreportaje batetik datoz. Begi kliska bat bezala Lapurdi, Baxenabarre eta Lapurdi elkartzen dituen txapelketaren azken edizioari.

Xehetasunak

Kultura eragileak

Kultura agenda eskuratu emailez

Euskal kulturaren agenda (Astero)

Euskal kultur erakundeak (EKE) bere agendako edukiak edozein momentutan aldatzeko edo eguneratzeko eskubidea du.

Agendan argitaratuak diren informazioak ekitaldien antolatzaileek helarazi dizkigute, edo hainbat komunikazio kanalen bidez bilduak izan dira, hala nola, kultur eragile eta operadoreen sare sozialen bidez. EKEk ezin du zabaldutako informazioaren izaeraren, edota informazio oker edo osatu gabearen erantzule izan. Halaber, agendako ekitaldien azalpen-testuak ekitaldi horien antolatzaile eta egile diren eragileen ardura dira bakarrik.

Ahal den neurrian, antolatzaileek beren ekitaldien komunikazioa egiteko erabiltzen dituzten ilustrazio-irudiak agendan baliatuak dira, irudi horien egilearen kreditua edo, halakorik ezean, antolatzailearen izena aipatuz. Kasu honetan ere, EKE ez da eduki horien izaeraren eta hedapenaren erantzule izanen. Ilustraziorik ez bada, EKEk agendako ekitaldiak berak hautatu irudi kreditatuekin ilustratzeko eskubidea du.