Irakur kasko
"Irakur kasko" irakurketa erronka ludikoa, kolektiboa eta akuilagarria da. Printzipioa sinplea da: irakurle komunitate bat biltzea helburu komun baten inguruan, euskaraz 300 liburu (bedren!) irakurtzea denen artean uda honetan.

Nori zuzendua da?
Denei idekia baldin bada ere, erronka hau bereziki helduei zuzendua zaie:
- euskaraz irakurtzeko usaiarik ez duten euskal hiztunak,
- euskara ikasten ari diren irakurleak,
- usaian baino gehiago irakurri nahi dutenak,
- euskarazko irakurzaletasuna lagundu nahi dutenak.
Printzipioa zer da?
Bakoitzak bere erritmoan parte har dezake, bakarrik edo bikotean. Elkartasunez jokatuko dugu, irakurle trebeek irakurle hasiberri edo hasinahiak lagunduz, zurkaizgo molde baten bidez.
Nola parte hartu eta zertan engaiatzen naiz?
- Parte hartzeko bakarka eman daiteke izena, edo, bikote bat sortu ondoan (irakurlegaia + zurkaitza), binaka eman daiteke ere
- Liburu bat hautatu behar da, halabeharrez elkarrekin aritzeko bidea adostu, eta noski irakurri!
- Liburua irakurri ondoan, bilan formulario laburra bete
- Beste liburu bat hautatu eta segi irakurtzen!
Hasteko/bukatzeko datak
- Izen emateak: 2026ko maiatzaren 12tik agorrilaren 31 arte
- Irakurketa garaia: 2026ko ekainaren 6tik irailaren 30a arte


Euskal kultur erakundeak bultzatu duen "Elkartuz-Literatura" lantaldeko kideek antolatzen dute Irakur kasko desafioa.
Helduei euskaraz irakurtzeko gogoa pizteko eta urrats horretan laguntzeko, liburu andana bat hautatu dugu. Liburu horiek gai ezberdinak jorratzen dituzte eta euskara maila bakoitzari egokituak dira.
Ipar Euskal Herriko idazleen azken euskarazko argitalpenen zerrenda eguneratua.