Euskal Herriko faunaren berezitasunak

Euskal Herriko faunaren berezitasunak

Iker ELOSEGI naturalistaren gogoeta eta liburuaren aurkezpena

Hegazti, ugaztun, suge, intsektu edo arrainen bioaniztasuna biziki haundia da Euskal Herrian. Honen zergatia ainitza da : badira arrazoin geografikoak (klima, itsasoa, mendia…), badira arrazoin historikoak (noizbait klima hotzarekin jinak ziren espezie batzu oraindik gure mendi gorenetan bizi dira), eta badira ere bertako jendeek lurralde huntan eta lurralde huntarik bizitzeko asmatu dituzten maneren ondorioak… Gure inguruetan, biziki hurbil ditugu basapiztiak : gure baratze, erreka, xara, oihan, mendi, baserri eremu edo kostan bertan! Batzu errazak dira ikusten : nork ez ditu larrazkenean lertxunak lerro lerro ikusi? (beharrik kantu batzuek arrakasta dutela haurrek gauza batzuen ikasteko!). Denek ikusiak ditugu karakoilak, bainan gutik dakite gehien karakoil diren eremuak gisuharria den lekuak direla, nola uste duzue ba egiten dutela heien kuskua? Beste batzu ez dira kasik sekulan ikusten, bainan gure ahoak heien izenez betetzen dira, hor dira otsoa edo hartza… Liburu honek Euskal Herriko basapizti espezie batzuen ezaugarriak, heien biologiako gauza nabarmenak eta bereziki bizitzeko zer behar duten ulertzeko gako batzu proposatzen ditu. Gogoeta batzu ere partekatzen dira, egungo gai zunbaiten inguruan. Hola dira aipatzen arrain, apo, suge, okilo, zizari, otso, sai, hartza, karakoil, urtxintxa edo pinpirin espezie zunbait, urte guzian hemen bizi direnak edo migrazio denboran soilik agertzen direnak. Beraz liburu honen helburu nagusia basapiztien inguruko jakin mina piztea da, bizi giren ingurumenaren hobeki ulertzeko gakoak eskainiz. Jendeok ingurumenaren parte gira eta gure orekarako ingurumenarekin dugun harremana garrantzitsua dela pentsatzen badugu, behar gira ohartu ez girela bakarrak eta beste ainitz basapiztirekin partekatzen dugula lurralde hau. Begiak irek, beharriak luzatu, usainak usnatu eta … gozatu! Iker Elosegi hazpandarrak beti interesa izan du mota guzietako kabala basen bizitzan eta hauen arteko elgar harremantzean. Hainbat urtez metatu jakintza guzia Euskal Herriko faunaren gida liburuan bildu du. Gaualdi huntan hain hurbil eta hain arrotz zaigun « ingurumenaz » argituko gaitu pasioz eta gozamenez.

Xehetasunak

Otsail Ostegunen karietara

Kultura eragileak

Kultura agenda eskuratu emailez

Euskal kulturaren agenda (Astero)