Hemen zaude: Hasiera Albisteak 25 urteko esperientzia euskal kulturaren zerbitzuko

25 urteko esperientzia euskal kulturaren zerbitzuko

2016/10/03

Euskal kultur erakundeak bere lan sail ezberdinak aurkezten dituen dokumentua argitaratu du 2016ko irailean. Kartografia baten bidez, bere ekintzen banaketa erakusten du, eguneroko lan eremu guzietan. Sarean eskuragarri dago.

Ipar Euskal Herriko gobernantzan aldaketa sakonak ekarriko dituen lurralde erreformak anitz erakunde antolaketa berri horretan ukanen duten tokiaz gogoetatzera eramaten ditu.

Hogeita bost urtez, Euskal kultur erakundeak gaitasunak eta jakinduriak lortu ditu egitasmo egituratzaileen obragintzan edo obralaritzan. Halaber, aditu eta ingeniaritza lana egin du, nola erakunde publikoentzat, hala kultura eragileentzat, bai eta mugazgaineko harremanetan. Bestalde, tokiko, Frantziako eta nazioarteko partaideen egiazko sare bat sortzeko gai izan da, eta gaur egun, osoki bere tokia badu Euskal Herriko bai eta haratagoko kultura erakundeen artean.

EKE-k 2016ko irailean argitaratu duen dokumentuaren xedea, bere lan sail ezberdinen aurkeztea zen eta kartografia baten bidez, horien banaketa erakustea EKE-ren eguneroko lan eremu guzietan.

Erran gabe doa hainbat urtez Euskal Herriko elkarteek eta artistek indartzen eta arraberritzen duten euskal kulturaren leinurua dela ere.

Eiki, Euskal Herria 25 urtez aldatu da, euskal kultura ere : hor daukagu kultura edo arte eragileen aberastasun handia, ikuskizun antolazaileen aniztasuna, izan elkarte izan egitura publiko ; herri elkargo frangotan « kultura gaitasuna » hartu dute, etabar.

Ondorioz, dokumentu honetaz gain, Euskal kultur erakundeak ekoiztuko du urte ondarreko, euskal kulturaren aldeko Herrien arteko Sindikatak galdegin dion lana, hiru zati dauzkana : euskal kulturaren gaurko « argazkia », erakunde ezberdinen kultura gaitasunen antolaketa, eta euskal kulturaren aldeko politika publikoen norabideak.

Bi dokumentu hauen helburua da euskal kulturaren alor guziak sostengatzeko eta iraunkortzeko politika publiko baten bidean ezartzeko HELEP bakarreko hautetsien hautuak argiztatzea.

Gehiago jakin