Durangoko Azokaren 52. edizioa

2017/12/05

2017ko abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azokak bere 52. edizioa ospatuko du Bizkaitar hiriko Landako gunean. Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen arteko partaidetzaren karietara, Ipar Euskal Herriko argitaratzaileen hainbat ekoizpen deskubritzeko parada izanen da.

Durangoko Azokaren 52. edizioa

Durangoko Azokaren 52. edizioko leloa Sormenaren lurraldea DA! izanen da. Kultur eragile guziak batzen dituen espazio moduan agertu nahi du eta bertan ematen diren istorioak, ikuskizunak, abenturak, ... aldarrikatu nahi ditu lelo horrekin Azokak.

Gerediagako presidentea den Nerea Mujikak aurten azokara etortzeko gomita luzatu die kulturzaleei : "Abenduaren 6tik 10era denon artean bizia emango diogu Sormenaren Lurraldeari".

Iparraldeko partaideen ekoizpenak naturalki sartzen dira lelo honen ildoan. Aurten ere berritasun ugarirekin izanen dira azokan. Urtero bezala, proposamen anitza izanen da eta kultur ekoizpen zabal bat aurkitzen ahalko da: produktu "klasikoak" diren liburu, disko eta DVD-etaz gain, beste motako proposamenak aurkeztuak izanen dira ere ; adibidez euskaraz den « Kamishibai » delako bat (Kamishibaia ipuinak kontatzeko teknika bat da, Japonian sortua. "Kami" hitzak papera esan nahi du; "shibaia" hitzak, antzerkigintza. Azken urte hauetan, teknika hori gero eta gehiago zabaltzen ari da Mendebaldean), haur kantu eta erhi joko bilduma baten inguruko maleta pedagogiko bat edo/ta liburu-diskoak.

Orain duela hamaika urte abiatu Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen arteko partaidetzari esker, Ipar Euskal Herriko ekoizpenak argiago agertzen dira Durangoko azokan. Urtero, azokan aurkeztuak diren berritasunen artean gutti gora behera %10a Iparraldeko ekoizpenak dira: aurten 40 bat berritasun baino gehiago aurkitzen ahalko dira azokan.

2017ko ediziorako datu orokorrak

  • 2017ko kartelaren sortzailea: Juan Antonio Sistiaga
  • Stand kopurua: 240
  • Autoekoizleak: 16
  • Partaideak: 129 + 16 autoekoizle
  • 200 kultur ekitaldi baino gehiago
  • Aurkeztuko diren berritasunak: 400
  • Liburuak: 257
  • Diskoak: 92
  • Aldizkariak: 19
  • Bestelakoak (joko, agenda, egutegi, ... ): 27
  • Bideoak: 5

Argizaiola Sariaren ordez, "Omentzetik ereitera" ekitaldia antolatuko da abenduaren 8an. Bertan aurkeztuko da Durangoko Azokako sormen beka berria.

Iparraldeko egituren datuak

  • 8 erakusmahain (Goienkale 21-29)
  • 46 berritasun: 20 liburu, 2 liburu-disko, 17 disko (hauen artean 2 autoekoizpen), 2 DVD eta bestelako 5 ekoizpen (egutegi, kamishibai, ...)
  • 17 kultur ekitaldi: kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, ...

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)