Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal dantza urratsez urrats

Euskal dantza urratsez urrats

2012/10/10

Euskal dantza tradizionala publiko zabalari molde ulergarri batez aurkezteko gisan lan berezia eraman du Oier Araolaza dantzariak. Euskal kultur erakundearen eskakizunari baikorki ihardetsiz txosten eder bat argitaratu du www.eke.org atarian gai honen inguruan.

Nondik dator euskal dantza? Zein da aurreskuaren erranahia? Fandangoa al da Euskaldunen dantza tradizionala? Noiz eta non ikus euskal dantzarik adierazgarrienak? Neofitoek egin ditzaketen horrelako galderei erantzuten saiatu da Oier Araolaza, Dantzan.com euskal dantzaren erreferentziako webgunearen sortzaile eta dibulgatzaile gisa ere ezaguna den dantzari gipuzkoarra.

Euskal kultur erakundearen webguneko "Dantza" atalean ohiko dantzaren inguruko topikoak jorratu ditu egileak dantzak Euskal Herrian ukan duen historia laburbilduz. Halere gaur egungo dantzaren adierazpen bizienen aipamenetan luzatu da gehien bat Oier Araolaza, sasoinez sasoin, zazpi probintzia historikoetan arte herrikoi honek daukan dinamika eta jarraipena agerian utziz.

Dibulgazio lan hori EKE-k hornitutako euskal dantzaren Iparraldeko agendaz eta aktualitateaz osatua da, bibliografia labur batek, baliabide-iturri nagusien zerrendak baita webografia batek gaia sakontzeko parada eskaintzen dutelarik.

Xehetasunak

Dantzarien oinak, Baztandarren Biltzarra kari, Elizondon (argazkia: Arrola taldea - 2007)