Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal sorkuntzaren leihoa Bordelen

Euskal sorkuntzaren leihoa Bordelen

2018/11/14

Udazken honetan ere, Bordele aldeko Le Rocher de Palmer kulturguneak euskal kulturari leihoa zabalduko dio. Aurtengoan, Patxi Laskarai argazkilariaren erakusketa bat izanen da ikusgai azaroan zehar, eta Bilaka eta So.K. konpainien euskal dantza ikuskizunak eskainiko dira azaroaren 16ean. 

Patxi Laskarai lekunberritarrak (Nafarroa Beherea) Euskal Herriko paisaien argazkiak biltzen ditu Gure Bazterrak (Paysage) erakusketan. Bere erretratuetan izaki bizidunik agertzen ez den arren, argazkilariaren obrak bizitasun handia transmititzen du, mugimendua eta argia baliatuz izoztutako momentuei esker.

Erakusketa azaroaren 8tik 29ra bitarte egongo da ikusgai kulturguneko Galeries de Verre gunean, eta hilaren 16an aurkezpen ekitaldia eginen da bertan. Sartzea urririk izango da.

Halaber, Danses Basques – Nouvelles Générations izenpean, Bilaka eta So.K. dantza konpainiek ikuskizun bana eskainiko dute azaroaren 16ean 20:30etan, Rocher 650 aretoan.

Batetik, Bilaka konpainiako bost dantzarik eta perkusio-jole batek soka-dantzaren berrikuspen bat proposatuko dute Soka izeneko emanaldian.

So.K. konpainiak, bestetik, euskal dantza eta dantza garaikidea nahastuko ditu Hatsa izeneko ikuskizunean, hamabi dantzari eta bost musikariren eskutik.

Sartzea urririk izanen da, baina beharrezkoa da webgunean erreserba egitea.

Aipatutako kultur jarduerak Etxepare Euskal institutuak, Euskal Kultur Erakundeak eta Nafarroako Vianako Printzea Erakundeak elkarlanean sustatzen duten Aquitaine.eus programaren baitan txertatzen dira.

Programa horrek Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzea du helburu.

Xehetasunak