Topaketa Fernando Morillo idazlearekin

2013/05/11

Maiatzaren 15ean, asteazkenez, Euskal kultur erakundeak eta Biarritzeko Mediatekak topaketa bat antolatzen dute Fernando Morillo-rekin. Idazle Azpeitiarrak Abbadiaren Sekretua (Gaumin 2012) liburu berria izanen du solasgai. Hitzordua 16:00etan finkatua da Mediatekako entzun aretoan.

Topaketa Fernando Morillo idazlearekin
Argazkia: Fernando Morillo

Fernando Morillok hogeita bost liburutik gora idatzi ditu, gehien bat haur eta gazte literaturaren esparruan. 2011ko udazkenean Abbadíako Nekatoenea etxaldean egon zen eta hango giroan murgilduz sortu zuen gazteendako abenturazko eleberria: Abbadiaren sekretua.

Nahiz eta gazteentzat idatzia izan helduek ere liburua gustokoa dute. Ukan duen arrakastaren ezaugarri, liburuaren lehen edizioa agortua da jadanik, bere argitaletxeak Gauminek, bigarren edizioa prestatzen du.

Topaketa honentzat Fernandok publikoa Abbadiaren mundu misteriotsu eta zoragarrian murgilduko du, enigma batzu proposatuz eta liburuko bi protagonisten munduan sartuz.

Abbadiaren Sekretua (Gaumin 2012): Abbadia Eremua liluragarria eta misteriotsua da. Alar eta Kaiet anaiak larriturik daude : badirudi zerbait beldurgarria gertatzen dela han. Bi lagun desagertu dira bertan, eta susmo latz bat dabil airean. Zer munstro mota ezkutatzen da zuhaitzartean edo gaztelu sorgingarrian ? Are okerragoa dena. Amona gerlariz jantzi eta eremura joan da, aspaldian hitza eman omen zuelako leku hura defendatuko zuela. Zoratu egin ote da ? Bi anaia gazteek eta haien lagunek proba arriskutsu asko igaroko diztuzte eremuan, Antton Abbadiaren sekretuaren bila. Beraien familiako hsitorian bertan bilatu beharko dute, izadiz eta historioaz blaituriko leku miresgarri hark gordetzen duen misterioa argitzeko.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)