Hemen zaude: Hasiera Albisteak Okupazioaren denboran Euskal Herrian egon haur juduen bila

Okupazioaren denboran Euskal Herrian egon haur juduen bila

2018/09/15

Anne Oukhémanou historialariak eta Baiona eta Euskal Herriko komunitate juduaren espezialistak, eta Gérard Eder kazetari erretretadunak eta Sud Ouest egunkariko Euskal Herriko adarreko erredakzio arduradun ohiak, joan den apirilean ikerketak abiatu zituzten Okupazioaren denboran eta Liberazioa arte Euskal Herrian egon haur juduen hatza berriz atzemateko. Orain arte hirurogei bat atzeman dituzte. Ikerketa aitzinatzeko deialdi bat eginen dute.

Orain arte aurkitu dituzten horietarik gehienak aterpe kolektiboetan kukutuak izan ziren, hala nola Arbonako osasun-etxean, Mauleko San Frantses kolegioan, edo Jatsuko Andere Dena Maria umezurtz etxe ohian. Beste haur judu batzuek partikularren etxean atzeman zuten aterpe, hala nola Baionan, Maulen, Ahatsan, Donamartirin edo Sarrikotapean.

Ikerketa horretan ez dira deusetarik hasten. Webgune berezitu eta artxibo batzuez gain, kultura elkarte batzuek –Zuberoako Ikerzaleak eta Lapurdiko Jakintza–, lan handia egin dute haur juduen atzemateko. Alabaina, Ikerzaleak elkarteak “Juduak Zuberoan Okupazioaren denboran” ikerketa eraman du, eta Jakintza elkarteak, berriz, 2014ko irailean bere aldizkariaren zenbaki bat argitaratu zuen gai horri buruz, “Pemartia etxea eta Arbonako osasun-etxea”.

Baina zailtasun franko bada haur horien berriz atzemateko. Hori, arrazoi bat baino gehiagorengatik. Lehenik, haurrak gordetzeko parte hartu zuten pertsona gehienak zenduak dira edo biziki xaharrak. Bigarrenik, pertsekuzioei ihes egiteko haur horiek gordeka kokatzen ziren etxe horietan, beraz, dokumentu arras guti bada (edo batere). Hirugarrenik, haur juduak salbatu zituzten familia anitz egun arte anonimo gelditu dira, erakutsi zuten urrikalmendua gauza normala zela pentsatzen baitzuten, eta ez zuela aipatzea balio.

Xedea haur horien eta salbatu dituzten pertsonen inbentario ahal bezain osoa egitea da, eta, xumeki, historiaren oroimenean parte hartzea, Euskal Herriko historiari eta Shoah-ren historiari gure harria ekarriz.

Nola lagun dezakete Euskal Herriko kultura elkarteetako kideek? Lehenik mezu hau ahal bezain jende gehienei helaraziz, haien barne edo kanpo argitalpenen bidez. Gero, haien inguruan aipatuz, bereziki adineko jendeei, berdin hauek salbatze horien lekuko izan baitira zuzenki edo zeharka, edo beharbada ahaide bat, adiskide bat edo auzo bat horren aipatzen entzun baitzuten.

Herexa ttipiena ere ikertua izanen da.

Xehetasunak

 Kontaktua: anne.oukhemanou@gmail.com / gerard.e@sfr.fr