Pier Paul Berzaitz & Baiona-Kostaldeko orkestra zuzenean
Otsail honetan, Pier Paul Berzaitz-ek & Baiona-Kostaldeko orkestrak kontzertu pare bat emanen dute elkarrekin. Lehena, otsailaren 17an izanen da Bokalen eta bigarrena otsailaren 19an, Hendaian. Kontzertu hauek, Baiona-Kostaldeko Orkestraren, Akitania Hegoaldeko Eszena Nazionalaren eta Euskal kultur erakundearen arteko elkarlanari esker antolatuak dira.

Euskal Herrian ongi ezagutzen dugun Pier Pol Berzaitz kantari xiberotarrak bere errepertorioa eskainiko digu, orkestra talde batek lagundurik. Joël Merah arduratuko da konponketez eta zuzendaritza artistikoaz. Ko-ekoizpen horren ideia naturalki ukan dute Euskal kultur erakundeak, Akitania Hegoaldeko Eszena Nazionalak eta Baiona-Kostaldeko Orkestrak.
Xedea da indarrak batzea hemengo artisten sustatzeko, ondarea eta sorkuntza elkartzen dituen errepertorio batean.
Pier Pol Berzaitz 1951n Muskildin sortu kantari, kantu-egile eta idazlea dugu. Ttikitatik elizako kantuak gustukoak baitzituen, bere osaba musikari batek eskusoinu ttiki bat eskaini zion eta gero mandolina bat ere. Bestalde, Mauleko kolegioan musika klaseak segitu zituen eta klarinetea ikasten hasi zen. Garaian, euskal kantua ez zen orain bezain indartsua. Pier Pol Berzaitz-en kantatzeko gogoa frustrazio horretan oinarritzen da : «Gu, laborari semeak, gure artean euskaraz mintzatzen ginen kolegioan, eta baztertuak ginen. Ez gaiztoki, baina adin horretan, gauzak barnetik hartzen dituzu ». 1971ko Euskal kantu berriaren festibala egiazko errebelazioa izan zen beretzat. Laboa, Irigarai edo Artze bezalako artistak izan ziren bertan. Beñat Sarasola ezagutu zuen orduan. Bere bidea kantuaren, olerkiaren eta euskal dantzaren artean egiten du. Arteak nortasuna eta hizkuntza zabaltzen ditu. « Euskarak Euskaldun egiten gaitu eta pertsonak elkarrengandik hurbilarazten ditu. Ez da separatismoa, berotasuna baizik, familian bagina bezala, mundu latz batek inguratuak “, dio. Pier Pol Berzaitzen kantuak « elkarrekin bizitze » horri eta irekitasunari buruz hurbiltzen dira. « Kantu bat ongi idatzia delarik, betierekoa da. Galtzen ez den samurtasun bat, filosofia bat, emozio bat badute. » Euskara bidean galtzearen arriskuaz galdeturik, argiki erantzuten du « arrisku hori beti hor da, baina hizkuntza bat edo kantu bat zerrapo doblekin gakatzea azken aterabidea da ». Beretako pastoralak Xiberoaren harribitxiak dira. Pier Pol Berzaitzek berak batzuk idatziak ditu eta sorkuntza nahiz ikusgarri beste forma batzuei irekia da. Anitz lan egin du lurraldeko artistekin, bereziki Baiona-Euskal Kostaldeko Eskualdeko Orkestrako musikariekin batera, proiektu honen zuzendaritza artistikoaz arduratzen den Joël Merah-rekin.
Egitaraua
Baiona-Kostaldeko orkestrak, Akitania Hegoaldeko Eszena Nazionalarekin eta Euskal kultur erakundearekin ko-ekoiztua
Baiona-Kostaldeko orkestrak, Akitania Hegoaldeko Eszena Nazionalarekin eta Euskal kultur erakundearekin ko-ekoiztua, Hendaiako Herriko Etxearen partaidetzarekin
- Kontzertua aitzin : Julie Charles, Joël Merah eta Pier Pol Berzaitz, 2017ko otsailaren 15ean, asteazken arratsaldeko 18:30etan, Bokaleko dantzaldi aretoan
Xehetasunak
- Bokaleko prezio osoko txartela : 18 € / Prezio apaldua eta taldeak : 16 € / ikasleak eta 14 urtez peko haurrak : 12 € / Concerto txartela : 10 € / kontserbatorioko ikasleak (amatur praktikaz kanpo) : urririk Txartelak : www.orbcb.fr / www.scenenationale.fr
- Hendaiako prezio osoko txartela : 12 € / Pribilegio txartela : 5 euro / ikasleak : 10 euro / 22 urtez pekoak eta Kontserbatorioko ikasleak (amatur praktikaz kanpo) : urririk- Txartelak : Hendaiako Turismo Bulegoa
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)