Ongi zahartzeko

2009/04/08

Oraiko gazteak, gaizki ikasiak dira, jendetasunik ez dute, ez politeziarik, ez eta ere zaharragoentzat errespeturik... Lasai, jende onak eta gazteak ! Hori ez da nire aburu eta iritzia, baina Platon filosofo handiak duela hogeita bost mende idatzi zuena. Geroztik mendez mende errepikatu dute Platon izan zenik jakin gabe, hola pentsatzen zutelako. Meteorologia zaharrari pentsarazten dit : azaroan zinez euri, abenduan Eguberri… Gure gaira itzuliz, inor ez da ikasirik sortzen. Haurtzaroan eta gaztaroan ikasten dugu, baita gero ere beti zerbait, bizitza guzian, aleman mediku baten izena dakarren eritasun batek harrapatzen ez gaitueno : ahal bezain berant etor dakigula, eta ahantzirik utz ere...

Batzuetan konplimenduz erraten didate beti gazte naizela. Ez dut onesten, bi arrazoiren gatik : lehena, ez dela egia ; bigarrena, urteak bezala bizitzak bere lau urtaro eta sasoiak dituela, beharrezkoak, ezin baztertuak ; eta bere gisan bakoitza ederra da, onartzen dugun ber. Adin batera helduz geroz, ongi zahartzea da jende baten eginbidea, eta lan horretan sartzera noa. Zaharren zuhurtzia ez da naturak ematen digun opari bat : egunero landu beharra dago. Arno txarrik ez omen da behar bezala zahartzen. Beraz ozpinaren baztertzera lehiatu behar dut, inoren ahoan, espirituan, urdailean erredurarik ez uzteko.

Gazteagoei mezurik erran behar banu, zer litzateke ? Lehenago zaharren esperientziak anitz balio zuen, kasik dena hortik ikasi behar zen, beste gisako eskola guti baitzegoen. Gaur ez dago ber heinean, mundua fite aldatuz baitabil. Zer mezu beraz? Bi hitz: zentzua eta esperantza. Zentzu ona, diploma gorena baino gehiago da : zuen baitatik pentsa beti, ahal oroz ; eta ezin garaituzko esperantza beti atxik bururaino !

Jean-Louis Davant

Maila: Euskara ikasleak