Ametsaren lana

2009/06/21

Euskal jatorrizko ikasle amerikar batzu Zuberoko Lizeoko ikasleen ikustera etorriko dira ekainaren 26tik goiti. Agorrilan aldiz, Zuberotar gazteak San Frantziskora joanen dira, besteak beste "Euskamerikan artzain" pastoralaren eskaintzeko...

Ametsaren lana

"Ametsaren lana" egitasmoa

Kultura trukaketa hau "Ametsaren lana" - erbesteratzea aipatzen duen euskal kantuaren izenetik - Sohütako Zuberoko Lizeoko hamabost bat ikaslek 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturtetan parte hartu duten kultura egitasmo baten ondorioa da. Lizeo horretan euskara ikasten duten ikasleak dira eta gehienek baxoa euskaraz pasatuko dute.

Euskara, ingles eta historia-geografia erakasleen laguntzarekin, ikasleek Estatu Batuetarako emigrazioaren historiari buruzko lan berezia egin dute. Egitasmo hau bi momentu azkarren inguruan egituratzen da :

  • 2008ko "Euskamerikan artzain" pastoralaren sorkuntza eta emanaldia. Mixel Etxekoparrek idatzi pastorala honen gaia Ameriketarako erbesteratzea da. Zuberoan bi aldiz eta Gipuzkoan behin eskainia izan da.
  • Trukaketa bat 2009. urtean NABO (North Basque American Organization) elkartearen Estatu Batueko mendebaldeko gazte batzuekin.

Helburuak : euskaraz mintzatzea eta gertakari bat antolatzen ikastea, hori dena Euskal Herriko historiaren gertakari nagusienetarik batetik abiatuz (Ameriketara joatea) inglesez ari diren euskal jatorrizko gazteekin harremanen sortzeko.

Ikasleak "Euskamerikan artzain" pastorala denboran, 2008an

www.eke.org euskal kulturaren atarian aterpetua den "Ametsaren lana"-ren blogak egitasmo horren berri ematen du.

Ametsetik errealitatera

Zuberotar gazteen egitasmoa osoki gauzatuko da. 2009ko ekainaren 26tik uztailaren 11ra, Zuberora joanen dira Kaliforniako baina ere Utah-ko eta Idaho-ko 11 gazte, 2008-2009 urteetan xiberutarrekin harremanetan izan ondoan.

Egitarauan, besteak beste;

  • euskara ikasteko klaseak.
  • bisita egunak : euskal mendien ezagutzeko,
  • artisau enpresa batzuen bisita,
  • bidaia bat Gernika aldean
  • gazteen arteko elgarretaratze handiak (Euskal Herria zuzenean jaialdia).

San Frantziskoko Basque culture center zentroa

Bestalde, Zuberotar gazteak 2009ko agorrilaren 19tik 31ra joanen dira Estatu Batuetara. San Frantziskon, hiria eta inguruak bisitatuko dituzte eta agorrilaren 29 eta 30ean euskal bestan (Basque culture center festival) parte hartuko dute eta han Mixel Etxekoparren "Euskamerikan Artzain" pastorala emanen dute.

"Ametsaren lana" egitasmoak partaide andana baten laguntza ukan du (Zuberoko Herri Elkargoa, Hebentik elkartea, Euskal kultur erakundea, Euskararen Erakunde Publikoa, Akitaniako DRAC Kultura Zuzendaritza).

Xehetasunak :

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)