Seigarren Iparraldeko Konpilazioa badator !

2010/10/18

Seigarren Iparraldeko Konpilazioa badator. Ipar Euskal Herriko musika taldeak ezagutarazteko xedea duen bilduma berria, kontzertu eta herri desberdinetan aurkeztua izanen da. Euskal kultur erakundea egitasmo honen partaide da.

Seigarren Iparraldeko Konpilazioa badator !

Iparraldeko Konpilazioaren xedea, disketxerik ez duten ipar Euskal Herriko musika taldeak laguntzea da. Horretarako, hautatu taldeek kantu bat baldintza profesionaletan grabatzeko parada izaten dute. Ondotik, elkarteak kantu horiek bilduma batean sartzen ditu eta aurkezpen kontzertuak antolatzen ditu Iparraldean zehar.


Seigarren bilduma atera berria da eta 8 kantu biltzen ditu. Binilo formatuan atxeman daiteke, baina www.iparraldekokonpilazioa.org webgunean dohain deskarga daiteke ere. Agertzen diren taldeak hauek dira : Tximak, Underneed, Zezenaren Taldea, Zaparrada, The Red Hot Nipples, Kadjoo, Baptiste Daleman eta The Enterprise. Denak zuzenean arituko dira diskoaren aurkezteko antolatuak diren bortz kontzertuetan : Hendaian (Merkatua), Hazparnen (Ttattola), Itsasun (Goxoki), Biarritzen (Atabal) eta Senperen (Ikus kontzertuen afitxa (pdf - 142 Ko).

Iparraldeko Konpilazioa 6 - affiche
Iparraldeko Konpilazioa 6 - affiche

Aurtengo kontzertuen afitxa

Bildumako taldeen artean, besteak beste ondoko hauek nabarituko genituzke :

Tximak taldea, 2008an sortua, Sorkun, Zea Mays, Dover edo PJ Harvey taldeen eragina daukana, Zezenaren Taldea, 2007an osatu "punky boltxebik" taldea edota Zaparrada Baionako rock taldea. Bestalde, bildumako taldeek, besteak beste Mikel Hats, Willis Drummond, edo The Sparteens bezalako taldeen ondoan jotzeko aukera izanen dute taula gainean.

Gainera, Iparraldeko Konpilazioaren 7. edizioa prestatzen hasiak dira. Horrela, interesatuak diren taldeek beren maketak 2011ko martxoaren 31a aitzin igor ditzakete helbide honetara : Lanetik Egina - Iparraldeko Konpilazioa - Pausuko 75 - 64700 Hendaia.

Badu orain lau urte Euskal kultur erakundeak proiektu hori sostengatzen duela taldeen hautaketan parte hartuz, euskal taldeen presentzia sustatuz eta beste proposamen konkretu anitz eginez : biniloa argitaratzeko ideia, kontzertuak iparralde guzira hedatzearena... Bestalde, Euskal kultur erakundeak egitasmoaren promozioa egiten du komunikabideetan eta www.eke.org web atarian, itzulpena lanak egin ditu eta kontzertuen antolaketa diruz laguntzen du.

Xehetasunak :

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)