Bilketa, atari berri bat euskal funtsentzat

2015/05/14

Bilketa izeneko euskal funtsen web atari berria sarean da. Baionako Hiriak garatu webgune berri honek Euskal Herriari buruz edota euskaraz diren dokumentu andana bat biltzen ditu. Euskal kultur erakundeak modu ezberdinez bat egin du egitasmoarekin, hala nola bitartekari lana eginez publiko zabalari buruz edo euskal kulturari buruzko formakuntza saioak antolatuz profesionalentzat. Atariaren edukian ere zuzenki parte hartu du.

Bilketa, atari berri bat euskal funtsentzat

Bilketa atariak zerrendatuak izan diren euskal funtsak biltzen ditu. Hortan sartzen dira liburuak, aldizkariak, eskuizkribuak, artxiboak, argazkiak eta ikonografia guzia, bai eta soinudun eta ikusentzunezko dokumentuak, Euskal Herriari lotuak edo euskaraz direnak. Atari honek egitura ezberdinetan diren funtsen bilaketa bat eskaintzen du (liburutegi eta mediatekak, liburutegi unibertsitarioak, dokumentazio zentroak, eta beste funts pribatuak). Halaber, Bilketak liburutegi numeriko bat aurkezten du, kolekzioen aberastasun handia isladatzen duena eta publiko handiari eskuragarri bilakarazi nahi duena.

Baionako Hiriak eta Mediatekak ondareari lotua den egitasmo hori eraman dute « Contrat Plan Etat-Région (CPER) 2007-2013 » hitzarmenaren barnean. Hainbat ekintza eramanak izan dira : dokumentuen tratamendua, numerizazio kanpainak, hedapen tresna baten garapena, bai eta liburutegien arteko sare baten eraikitzea ere. Sare horrek praktiken eta lan tresnen partekatze bat eskaintzen du, eta osagarritasunean pentsatutako euskal funtsen balorizazio bat proposatzen du ere.

Euskal kultur erakundea, 2010 urtetik egitasmo honi lotua da, bere azken fasean lan egiteko gisan : publiko zabalari zuzendatuko mediazio ekintzak proposatzeko eta profesionalen sareari euskal kulturari lotuak diren formakuntzak antolatzeko. Bestalde, pastoralei buruzko erakusketa birtualaren mamian ere parte hartu du eta bitartekaritza lan bat egin du Irakur ! zikloaren eta 2014ko pastoraletako hiru idazleekin antolatu mintzaldi-eztabaidaren karietara.

Horrez gain, EKEk euskal kulturari (Xiberoko pastorala, euskal musikologia, euskal prentsaren historia) buruzko formakuntza egun ezberdinak antolatu ditu lurraldeko liburutegi eta mediaketetako langileentzat.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)